
Jaizkibel Bizirik: «'Maro'-rekin gertatutakoak kanpo kaiaren arriskuaz ohartarazten digu»
Itsasoa
Ekologistek gogorarazi dutenez, kanpo kaiaren helburuetako bat gas eta petrolio ontzi handiak erakartzea da
olatz mitxelena
Mezua, etorkizunean gertatu dadaitekenaren iragarpena. Horrela ikusten du Jaizkibel Bizirik-ek Maro ontziarekin gertatutakoa. Diotenez, orain astebete Jaizkibelgo itsaslabarren kontra hondoa jo zuen ontziarekin gertatutakoak kanpo kaiaren arriskuak begien bistan utzi ditu. «Biltegietan 50 tona erregai zituen Maro ontziak olatuek erabat suntsitu izanak naturaren kontra plangintzatzen jarraituz gero gertatu daitekeena erakutsi digu», esan dute.
Kanpo kaiaren helburuetako bat gaur egun barruko kaian sartzen ez diren gas eta petrolio ontzi handiak Pasaiara erakartzea dela gogorarazi du Jaizkibel Bizirik-ek. Horregatik diote «kanpo kaia eraikiz gero, Jaizkibelgo itsaslabarretan petroliontzi bat hondartzea eta 100.000 tona hidrokarburo itsasora isurtzea litekeena dela».
Prebentzioaren garrantziaz
Maro ontziak ostegun gauean jo zuen hondoa Jaizkibelen. Ostiralean itsasgorarekin ontzia porturatzen saiatu ziren baina ezin izan zuten. Eskifaia erreskatatu eta erregaia hustutzeko ahaleginean igaro zuten asteburua, baina denboralea iritsi eta ezinezkoa izan zen. Herenegun arratsaldean, olatuek ontzia hiru zatitan puskatu eta litekeena da ontzi barruan zegoen erregaia itsasoan barreiatu izana. Atzo ere, ezin izan zuten ezer egin. «Istripua kudeatzeko erakutsi duten ezintasunak agerian uzten du horrelakoak zuzentzea zein zaila izaten den gertatu eta gerora», esan dute. Horregatik diote «zentzuko aukera bakarra prebentzioa» dela.
Zailatsun teknikoak
Talde ekologistaren arabera, istripuak, kanpo kaiaren proiektuaren bideragarritasun teknikoa ezbaian jarri du. Jazikibel Bizirik-ek gogorarazi duenez, Sustapen Ministeritzak zailtasunei erreparatu die orain baino lehen, kokapenarengatik -itsasoaren oldarrei irekitako zonaldea da- eta sakonerarengatik -35 metrotik gorakoa-. Ekologisten arabera, «azken egunotako gertaerak Sustapen Ministaritzaren argudioak badutela oinarria erakutsi dute».
Dikeak itsaslabarren paraleloan eraiki nahi dituztela, eta horiek hala altxatzekotan ontziek «itsasoaren oldarrei aurre eginez» porturatu beharko dutela ohartarazi dute ekologistek. Aipatutako guztiak gaian adituek aurrikusi dituzten arriskuak direla dio Jaizkibel Bizirik-ek, eta aitzitik, Portu Agintaritzak horiek guztiak ezkutatzeko ahaleginean ari dela salatu dute, modu horretan «justifikaziorik ez duen proiektua» aurrera atera ahal izateko.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.