
Hondakin organikoen bilketa selektiboaren alde agertu dira
Hiri hondakinak
Errenteria-Orereta Bizirik eta Landarbaso Bizirik plataformek jarri dute martxan ekimena
j. gonzalo
Hondakin organikoen bilketa selektiboari, bai! izeneko kanpaina jarri dute martxan Errenteria-Orereta Bizirik eta Landarbaso Bizirik plataformek. «Kanpaina honen helburua hondakin organikoen bilketa selektiboa bultzatzea da, jendea kontzientziatzea. Halaber, jarduera honen garrantziaz ohartarazi nahi dugu Udala», jakinarazi zuten kanpainaren antolatzaileek . Horretarako, kanpainaren berri ematen duten 500 kartel jarriko dituzte herriko paretetan.
Kataluniako esperientzia
Errenteria-Orereta Bizirik eta Landarbaso Bizirik plataformako kideek hondakin organikoen bilketa selektiboa bertatik bertara ikus ahal izan zuten Kataluniara eta Mallorkara egindako bidaian. «Bilketa selektiboa egiten duten udaletan birziklapena asko igo dela ikus ahal izan genuen, kasu batzuetan %60 baino gehiago. Halaber, hondakin kopurua %10 inguru jaisten dela esan digute», azaldu zuten agerraldian.
Errenteria -Orereta Bizirik eta Landarbaso Bizirik plataformetako kideen esanetan, «atez ateko bilketa sistemarekin hondakinen inguruko plan guztietan markatzen diren helburuak lortzen dira: hondakinen kopurua murriztea, hondakin mota guztien bilketa selektiboa eta birziklapenen igoera».
Mozioa
Kataluniako esperientzia kontuan harturik, Errenteria-Orereta Bizirik eta Landarbaso Bizirik plataformek bost puntuko mozioa aurkeztuko dute hilaren 31ko udalbatzarrean.
Lehenengo puntuan, «hondakin organikoen bilketa selektiboa herrian egiteko tramiteak abian jartzea» eskatu dute. Bigarren puntuan, «hondakin organikoak biltzeko herriko ezaugarriei hoberen egokitzen den sistema aukeratzea» proposatu diote Udalari.
Hirugarren puntuan, «hondakin organikoen bilketarako erabiltzen diren lur azpiko kontenedoreen inbertsioak gelditzea» eskatu dute. Laugarren puntuan, «zabor bilketako ordutegiei buruzko kanpainak» martxan jartzeko proposamena egin diote Udalari. Bosgarren eta azken puntuan, berriz, «hondakinen inguruko lege aurrerakoi bat» eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Errenteriako Udalari.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.