Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

alaitz mendizabal ð- EHUko Enpresaritza fakultateko irakaslea

«Globalizazioa errealitatea da, eta ez du atzera bueltarik»

Ekonomia

EHUko Ibaetako campuseko Enpresaritza fakultatean irakasle eta ikertzaile da Alaitz Mendizabal oiartzuarra

goiatz labandibar



Alaitz Mendizabalek (Oiartzun, 1972) EHUko Ibaetako campuseko Enpresaritzako fakultatea du eguneroko etxe. Enpresarien formakuntzan eta ikerketan buru-belarri sartuta dago.

Zergatik egiten zaio jendeari horren ulerkaitza ekonomia?

Erabiltzen diren aldagaiak ez dira gertukoak. Beharrek mugitzen gaituzte. Diru kontuak kontrolatzen ditugu, bakoitzarena kudeatzeko. Makroekonomiako terminologia ez da hainbeste erabiltzen. Urrunago sentitzen dugu. Hala ere, komunikabideek terminologia hurbildu digute. Duda dut terminoak zein punturaino ulertzen diren nahiz geroz eta gehiago egin.

Aberasteko matrikulatzen al dira ikasleak Enpresaritzan?

18-19 urterekin etorkizunean zer egin eta zer izan nahi duzun jakitea ez da erraza. Irteera askoko ikasketa da. Gero, nahi duzun lana egitea ez da hain erraza, baina bukatuta lanen bat izatea, gogo kontua da.

EHUko Finantza saileko irakasle zara. Zuri zerk erakarri zintuen mundu honetara?

Matematikak asko gustatu izan zaizkit betitik, baina matematika hutsak abstrakzio maila handikoa dira, eta galdu egiten zara. Enpresaritzatik horrek erakartzen ninduen: matematikarekin jarraitzen nuen, baina zerbaiti aplikatuta.

Eta irakasle izatera nola iritsi zara?

Nahi gabe. Karrera bukatuta erakunde finantziario batean lan egin nahi nuen. Aitak esaten zidan horrelako erakundeetan lana mekanikoa dela eta ez zela nik buruan nuena. Lan bila ari nintzela, finantzetan masterra egiten hasi nintzen. Hor, unibertsitateko irakasle batek aipatu zidan irakasle postu bat aterako zela, nirekin bat zetorren profilarekin. Baietz esan nuen, urtebeterako, beste zerbait bilatu arte. Eta 12 urte daramatzat. Oso gustura nago. Gauzak sinplifikatuta azaltzea gustatu egiten zait.

Zer da mundu honetatik gehien gustatzen zaizuna?

Eduki bati buruz ideia batzuk otutzen zaizkit. Klasean horiek ahalik eta sinpleen azaltzen saiatzen naiz. Tarteka, feed-back-a izaten dut ikasleekin, eta niri otu ez zaizkidan ideiak erakusten dizkidate. Errealitatean urrunago joatea lortzen dut klaseetan.

Ikerkuntzan ere murgilduta zaude. Gustuko duzu mundu hori?

Ikerketaren mundua gustatzen zait, baina ezin diot eskaini nahi adina denbora. Egunerokotasunean klaseak aurrera atera behar ditut. Ikerketa ere finantza mundura bideratu dut, eta klaseekin zubi txikiak egiten saiatzen naiz.

UEUko graduondo bat diseinatu duzu. Oso ezberdina da ohiko hezkuntzarengandik?

Erakunde publikoen kudeaketan espezializatutako graduondoa prestatu genuen Marian Zubiak, Agustin Erkiziak eta nik. Ohiko hezkuntzan pisu handiagoa du teoriak, eta graduondokoak, hitzaldiak... praktikoago prestatu behar dira. Azkenean , marketing pixka bat ere aplikatu behar da.

Ekonomiaren globalizazioa ezinbestekoa al da?

Gertatzen ari da eta ez du atzera bueltarik. Denak denarekin du eragina. AEBtan, Iraken edota Pekinen gertatzen denak eragina du beste tokietan ere.

Egia al da dirua dela denaren jaun eta jabe?

Diruak tresna bat izan behar luke, eta ez helburu bat. Baina errealitatea da boterea duela.

Ekonomian, sistema perfekturik ba al dago?

Pertsonak tartean gaudenetik, ez. Globalizatuak gaudenez, dena komunikatua dago, eta efektuak kutsatzen dira. Ekonomia perfekturen bat egongo balitz, jarraitzeko isolatua egon beharko luke. Orduan eta akats gutxiago izan ekonomia batek, besteen eragin gutxiago izango du. Baina bizitza honetan ezer ez da perfektua.

Ekonomilari estatubatuar batek Espainiako Estatua higiezinen sektorean gehiegi sustengatzen dela esan du, eta hori ez dela ona. Zuk zer deritzozu?

Duela gutxiko ikerketa batek dio Espainiako Estatuan adreiluaren sektorea gainbaloratua dagoela, beste herrialdeak baino %40 garestiagoa da. Izan liteke. Aurrezteko, denok etxebizitzan inbertitu nahi dugu. Beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira. Kulturalki alokairua ez dugu buruan, etxea erosi nahi dugu. Gainbalorazioa hainbat faktoregatik izan liteke, nahiz eta horrek ez duen justifikatzen.

Komenigarria litzateke pentsatzeko modu hori aldatzea?

Hori erabat pertsonala da. Etxebizitza bat erostea inbertsioa ere bada. Balantzan jarri behar da. Bakoitzak arriskuaren aurrean duen jarrera ere hor dago. Ni etxea erostearen aldekoa naiz. Zergatik? Zahartzarorako etxea ordainduta badugu, diru sarrera gutxiago izango dugu, baina gastuak ere bai. Baina ez diot hori aukera ekonomiko onena denik.

Ekonomiaren krisiaz hitz egiten da. Beldurra errealitatea baino indartsuagoa al da?

Ekonomiak zikloak dauzka: hazkunde eta atzerakada garaiak. Zikloak luzatu egin dira; denbora dezente daramagu nahiko garai onean eta txarretan, ez da lehen adina jaisten, kontrolatuago dago. Hala ere, erlatiboa da, batzuentzako garai txarrak dira. Makroekonomiako aldagaiek gugan duten eraginaren baitan sentituko dugu gauzak nola doazen. Gauzak garestiago daude, interes tasa igo egin da, maileguak ditugunok soldataren zati handi bat lotuta dugu... Kontsumo ahalmena murriztu zaigu, baina atzerakada ez zait iruditzen, nahiz hazkundea moteldu den.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02

Hitzaldia

zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa