Euskara ikasten ari dira herriko lau merkatari
Euskara
Urtarriletik maiatza bitarte, astean lau orduz biltzen dira; Udalak diruz lagunduko ditu merkatari hauek
goiAtz labandibar
Herriko lau merkatari euskara ikastaroa egiten ari dira, eskualdeko beste hainbat merkatarirekin batera. Udalaren eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearen ekimena izan da ikastaroa eskaintzea.
Euskaraz ikasten zerotik hasteko izan da ikastaroa, «euskararen erabilera areagotzeko jatetxeetan eta komertzioetan», azaldu du Udalak.
Udalak merkatari oiartzuarrei ikastaroaren %70a ordaintzen lagundu die. Egiten ari diren esfortzua ere eskertu die merkatariei.
Ikastaroan, «oso gustura»
Ikastaroan parte hartzen ari diren merkatariak «oso gustura» daude. Ia denek aipatu dute «bezeroei zor zieten esfortzua» dela euskara ikastea.
Candi Losa Altzibarko botikariak dioenez, «heldu asko etortzen zaizkit botikara, eta ez nien ulertzen. Esfortzu handia egin behar izaten dute gazteleraz hitz egiteko».
Ikaskideen artean lortu duten giro politak ere euskaraz ikasten jarraitzeko motibazioa eman omen die. «Uste nuen gehiago kostako zitzaidala etortzea, baina oso gustura nago; gainera, orain askoz gehiago ulertzen diet bezeroei», dio Azkar kirol dendako Isabel Santestebanek.
Jarraitzeko gogoz
Astean lau orduz jasotzen dituzte saioak, urtarriletik maiatzera arte. Guztira, 60 orduko ikastaroa da.
Era berean, ados daude ikastaroa motz geldituko zaiela. Campos Ahizpak janari dendako arduradun Maria Angeles Camposek dioenez, «gustatuko litzaidake gehiago jarraitzea, astean bitan elkartuz orain bezala».
Beste merkatariei deia
Gainontzeko merkatariak ere euskara ikastera animatu dituzte merkatari hauek. «Denak animatuko nituzke euskara ikastera. Datorren ikasturtean nire lankideak belarritik ekarriko ditut, bezeroengatik ez ezik, gugatik ere ikasi beharko genukeelako euskara», iritzi dio Eurosofako Mertxe Brionesek.