Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Mende erdiko ibilbidean ereindakoak liburuan eta CDan jaso ditu Ereintzak

Kultura

Ereintza Elkarteak bere 50. urteurrenaren harira argitaratu duen liburua eta CD bikoitza aurkeztu du

olatz mitxelena



Erein. Horixe, Mikel Ugalderen arabera, Ereintza Elkartearen mende erdiko historian hitz gakoa. Kulturgintzan ereiteko jaio zen elkartea 1958. urtean, eta orduz geroztik herriko bilakaera sozio-kulturalaren eskutik egin du bidea Ereintzak. Kirola, musika, dantza,literatura... arlo askotan egin dute ekarpena Ereintzako kideek urte hauetan guztietan.

Atzokoa egun berezia zen Ereintzako guztientzat. Izan ere, elkartearen 50. urteurrenaren harira argitara emandako liburua eta CD bikoitza aurkezteko eguna baitzuten. Errenteria Hiria Kulturgunean jarri zuten hitzordua, eta han bildu ziren elkartearen sorreran eta gerora parte-hartze zuzena izan zutenak.

Aurkezpenean hizlariak, aldiz, libururako nahiz CDrako lanean aritutakoak: Jon Bagües, Peio Ibarguren, Jose Luis Lakunza, Mikel Ugalde eta David Gomara. Elkarteko lehendakari Naroa Perez aurkezpena gidatuz, eta guztien atzealdean, liburuan nahiz CDan bildutako irudiak eta musika.

Liburua oraindik inprentan dela egin behar izan zuten aurkezpena, Naroa Perezek azaldu zuenez, «azken orduko arazoak» tarteko. Inprentatik iritsi bezain laster, baina, bazkide bakoitzari ale bana emango diotela agindu zuen, CD banarekin batera.

Liburuak 200 orrialde ditu eta euskara eta gaztelera tartekatzen ditu. Juan Agirreren zuzendaritzapean egin dute, eta Agirre Sorondo anaien laguntzaz.

Hiru urteko lanaren emaitza

Xume eta apal hitz egin zuten atzo liburuan lanean aritutako Lakuntza, Ugalde eta Gomara, kulturgintzaren arloan ia anonimotasunean aritzera ohituta daudenek egin ohi duten legez. Eta igarri zen lanpetuta baina gustura aritu direla hirurak. Kontatu zutenez, esku artean zituzten paper, argazki eta bestelako dokumentu guztiak bildu eta aztertzeari ekin zioten orain hiru urte. Gauza asko bidean galdu direlako penatuta, beste hainbat bitxikeri eta dokumentu baliotsu topatu dituztelako pozik, baina 50. urteurrenerako egin duten lana elkartearen orain arteko historian mugarri izan direnak ez galtzeko baliogarri izango zaie.

Ugaldek esan zuenez, liburua begiratzeko bi modu daude aukeran. «Argazki bat bezala ikus daiteke, edo erradiografia bezala, agerian ez dagoena ikusteko». Eta liburua erradiografia bat begiratzen den bezala ikusita, berak ikusi dituenak adierazi zituen. Ereintza elkarte «aurrerakoia» izan dela esan zuen, «ereiteko» eta «besteek egiten ez dituzten gauzak egiteko» sortua, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko «berdintasunari erreparatzen antzindaria», «independientea», eta «herriaren bizitzan oso uztartua». Emandako definizioarekin ados egon edo ez, Ereintzak mende erdian antolatutako guztiak begiratzea baino ez dago, elkarteari bere ekarpenaren balioa aitortzeko.

CDan, txistua protagonista

Ereintzako lehen txistulari taldea 1963. urtekoa da. Lortu duten lehen grabazioa, baina, 1976. urtekoa da, atzo esan zutenez. Izan ere, eta Jon Bagüesen esanetan, aretokoak baino, kaleko txistulariak izan dira bokazioz Ereintzakoak. Haien errepertorioan, arin-arinak, fandagoak eta biribilketak bestelako interpretazio landuagoei gailendu zaizkie, hauetakoak ere badituzten arren. Batzuk zein besteak bildu nahi izan dituzte orain argitaratu duten CD bikoitzean.

Peio Ibargurenek azaldu zuenez, grabatutako material guztia biltzeri ekin zioten lehenik, eta aukeraketa egiteari ondoren. Material asko pilatu dute, «sei ordutik gorako grabazioa». Hala, aukeraketa egiteko orduan, grabazioen kalitatea izan zen lehen irizpidea, eta ondotik, aurretik argitaratua ez egotea, honela CDa osatzen duten pieza guztiak aukeratu arte.

Errenteriako musika, Ereintzako txistulariek lehiaketetarako prestatutako piezak, Ansorenaren Atabala eta Txistua eta Ereintzaren urteurrenerako landu duten ereserkia. Denak bildu dituzte ordu erditik gorako iraupean duen CD bikoitzean.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa