Oiartzunek 1-0 garaitu du Urola, baina sufrituta
Futbola
Oiartzuarrek, baloiaren jabe izan arren, azken unera arte ezin izan zuten arnasik hartu norgehiagokan
lorea muguruza
Lehen Erregionaleko Oiartzun taldeak 1-0eko emaitzarekin irabazi zion atzo Urolari, Ugaldetxoko futbol zelaian arratsaldean jokatutako partidan. Alta, irabazi arren, ez zen partida erraza izan etxekoentzat. Baina hiru puntuak lortuta, jardunaldi honetan Bergara taldeak punturik eskuratu ez balu, sailkapenean laugarren postura igotzeko aukera izango lukete oiartzuarrek.
Atzoko partida hasi orduko, baloiaren jabe izan zen Oiartzun. Urolak atzealdean ongi kokatuta jokatu zuen, baina, kontraerasoan zenbait gol aukera izan zituen arren, ez zuen aparteko minik egin. Partidaren 30. minutuan iritsi zen etxekoen eta partidako gol bakarra, Alainek sartuta.
Oiartzuarrak erasoan eta Urola taldea baloiaren jabe egin nahian zirela iritsi zen atsedenaldia.
Kanporaketa bat
Bigarren zatia hasi eta 20. minutuan, berriz, Urola taldeko jokalari bat kalera bota zuen epaileak, oiartzuarrei partida definitzeko aukera emanez.
Hala ere, ez zuten gol gehiagorik sartzerik lortu etxekoek; kontraerasoarekin tematuta zebilen Urolari gertutik jarraitu zioten oiartzuarrek, bisitariek golik sar ez zezaten.
Touringek berriz ere galdu du
Preferenten, bien bitartean, partida bukatzeko 20 minutu falta zirela galdu zuen Touringek Ondarroan, Aurrera taldearen kontra. 1-0 izan zen azken emaitza.
Partida nahikoa parekatua izan zen arren, gorritxoek ez zuten asmatu etxekoen atea zulatzen. Hori gutxi balitz, etxekoek norgehiagokan izandako gol aukera bakarra baliatu zuten gola sartzeko.
Trintxerpek 1-2 irabazi dio Euskaldunari
Zorte hobea izan zuen Preferenteko Trintxerpek atzo Andoainen, bertako Euskalduna taldeari 1-2 irabazi baitzion. Telmok eta Anjelillok sartutako golei esker, trintxerpearrek laugarren jarraitzen dute sailkapenean.