
Donibaneko Itsas Mendik irabazi du aurtengo Gastronomia Erakusketa
Gastronomia
Lehen aldia zen Itsas Mendik parte hartzen zuela; Tiñelu bigarren izan da, eta Txintxarri hirugarren
iban iza
Lehen aldiz parte hartu... eta sari nagusia irabazi. Horixe Pasai Donibaneko Itsas Mendi Elkarteak jasotako uzta Euskaldarrak-ek antolaturiko Gastronomia Erakusketan. Itsas Mendiko Jose Luis Etxarrik eta Angel Trecetek sukaldaturiko platera izan da aurtengo saioko onena, epaileen ustez: azpizun xerrak, foierekin beteta eta hiru purerekin hornituta. Lezoko Tiñelu Elkartea izan da bigarren, Karmele Goienetxeak eta Olatz Errastik prestaturiko txekor -masailak saltsan platerari esker. Hirugarren, berriz, Errenteria-Oreretako Txintxarri Elkartea gelditu da. Elkartearen izenari omen eginez, bertako kide Gemma Mariezkurrenak eta Candido Astudillok untxia Txintxarri eran platera sukaldatu zuten.
Txapelketak iraun bitartean, Fermin Perez eta Andoni Gaztelumendi sukaldariak aritu dira epaile gisa iraunkorki, baina egunero beste hainbat sukaldari ospetsuren laguntzarekin: Hilario Arbelaitz, Josetxo Lizarreta, Elena Arzak ... Epaimahaiak azpimarratu duenez, «zaila izan da aukeraketa, elkarteek aurkezturiko plateren maila handiaren ondorioz».
Gastronomia Erakusketaren 23. aldia hilaren 23an hasi zen eta bi astez, astelehenetik ostegunera, eskualdeko 24 elkartetako partaideak aritu ziren Euskaldarrak-en sukaldean. Errenteria-Oreretako 16 elkartek, Lezoko eta Pasaiako hirunak eta Oiartzungo bik hartu dute parte aurtengo txapelketan.
Primerako giroa afarian
Ohi bezala, larunbat gauean jakinarazi zituzten aurtengo irabazleak, Euskaldarrak-en bertan egindako afari arrakastatsuan. Fermin Perezek berak eta Euskaldarrak-eko Gastronomia Taldeak prestatu zuten afaria. Hasi aurretik, ordea, bildutakoek Zuretzat edo niretzat izeneko koktela dastatzeko aukera izan zuten, herriko Stick tabernako Patxi eta Yoli Troitiñok prestaturikoa. Koktel honek urrezko domina irabazi zuen Sttutgarteko Koktel Azokan (Alemania); afarian bildutakoen iritziz, merezimendu osoz lorturiko arrakasta.
Irabazleak ezagutarazi aurretik, elkarte parte-hartzaile bakoitzari oroigarri eta sukaldaritza liburu bana oparitu zieten antolatzaileek, esker onez. Rosarito Frutak enpresarentzako ere izan zuten oroigarria, urte luzez Gastronomia Erakusketa laguntzeagatik.
«Txapelketa honek merezi dituen zorroztasuna eta seriotasuna izan dira epaia deliberatzeko oinarri, eta epaiarekin asmatu izana espero dugu», azpimarratu zuten irabazleen berri emateko orduan.
Irabazleak, oso pozik
Eta, noski, emaitzarekin pozik agertu da Angel Trecet, Itsas Mendiko bikote garailearen partaideetako bat. «Lehen aldia zenez, beldur pixka batekin joan ginen txapelketara», esan dio OARSOALDEKO HITZAri Trecetek. Beldurrarekin, baina ongi prestatuta. «Txapelketa baino lehen, bitan prestatu genuen platera Itsas Mendin, dastatzera hainbat lagun gonbidatuz. Itsas Mendiko beste bazkide batek, Vicentek, asko lagundu zigun, hiruroi bururatu zitzaigulako errezeta», Treceten esanetan.
Plateraren arrakastaz galdetuta, argi mintzo da Itsas Mendikoa. «Ikusgarria da platera, pure zuriz, gorriz eta berdez hornituta egotean. Eta honek ere zapore nahasketa handia ematen dio».
Euskaldarrak-en txapelketarako propio landutako platera izan arren, aurrerantzean askotan sukaldatu beharko dutela aitortu du Angel Trecetek, umorearekin. «Aste Santua bera pasatzean, afaria dugu gure elkartean, lagunak eta bazkideak platera dastatzeko gogoz daudelako».
Euskaldarrak-eko antolatzaileentzako ere esker oneko hitzak izan ditu Trecetek. «Izugarria da egiten duten lana, eta primeran dago Gastronomia Erakusketa. Beraiek dute meriturik handiena».
Euskaldarrak-eko kideen esanetan, halaber, «arrakastatsua» izan da aurtengo txapelketa.Bide batez, larunbateko afarian jakinarazi zuten aurrerantzean Euskaldarrak berak antolatuko duela madalenetako Bakailao Txapelketa, Alkartasuna Elkartearen ordez.
irabazleak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.