
Mikel Albarado ð- Kultur Sustapen Taldeko presidentea
«Maila oneko xake jokalari asko daude herrian»
Xakea
ðð Kultur Sustapen Taldeak Xakeko Euskal Liga irabazi du amaitu berri den denboraldian; lortutako txapelari esker Ohorezko Mailan jokatuko dute datorren urtean
jon gonzalo
J.J. Saenz, Txus Agirretxe, Hugo Al varez, Aitor Gonzalez, David Garrido, Inge Alvarez eta Mikel Albarado xakelariek Kultur Sustapen Taldea Xakeko Ohorezko Mailara igotzea lortu dute. Albarado taldeko presidenteak azaldu dizkigu arrakastaren gakoak.
Euskal Liga irabazi eta Ohorezko Mailara igo zarete. Denboraldiaren hasieran espero al zenuten horrelako emaitzarik?
Gure helburua lehen hiruren artean sailkatzea zen. Alegia, igoera rako postu bat ziurtatzea. Azkenean, ordea, beste talde guztiak baino hobeak izan gara, eta txapelketa lortu dugu. Egia esan, partida parekatuetan zorte pixka bat izan dugu, baina maila oso ona eman dugula onartu behar da.
Zein izan da Kultur Sustapen Taldearen denboraldi onaren gakoa?
Talde osatzen dugun zazpi xakelariak oso erregularrak izan gara, eta partida onak jokatu ditugu. Oso gutxitan izan gara aurkaria baino gutxiago, eta horrek igotzeko maila dugula esan nahi du. Merezita lortu dugu igoera. Ohorezko Mailan, ordea, bestelakoak izango dira partidak.
Izan ere, Ohorezko Mailako xakelariak oso onak dira. Datorren urtean mailari eustea izango da helburua, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Mailari eusteko ahaleginak egingo ditugu, baina ez da batere erraza izango. Ohorezko Mailan talde profesionalek jokatzen dute. Hauetako batzuk nazioartean ezagunak diren xakelariek dituzte, eta horien aurrean irabaztea ia ezinekoa da. Gogor entrenatu beharko dugu mailari eusteko.
Nolakoak dira zuen entrenamenduak? Nola prestatzen zarete?
Batez ere, ordenagailu aurrean prestatzen gara, Fritz izeneko progamarekin. Xakera jokatzen ikasteko eta praktikatzeko munduko programarik onena da. Bestalde, ostiralero, taldearen egoitzan elkartzen gara elkarren aurka jokatzeko. Asteburuetako partidak komentatzen ditugu, eta aurkariei buruz hitz egiten dugu. Izan ere, xakea bakarkako kirola den arren, talde lanak ere garrantzia handia du.
Baita prestakuntza fisikoak ere, ezta?
Zalantzarik gabe. Adituek diotenaren arabera, goi mailako xake partida batean bizpaihiru kilo galdu litezke. Horregatik, xakelari batek prestaketa fisiko ona izatea oso garrantzitsua da. Prestaketa fisiko on batek xakelariaren buruko arintasuna hobetzen du.
Osasun gaiak aipatzen hasi garenez, aipa dezagun herriko xakearen osasuna. Zer nolakoa da?
Oso ona. Errenteria historikoki herri xakelaria izan da. Kirol honekiko afizioa oso handia da herrian. Uneotan, 22 jokalari ditugu Kultur Sustapen Taldean, baina ez gara xakean aritzen garen bakarrak. Laket Tabernan Mundarro taldekoak elkartzen dira eta Beraun Berri elkartean ere beste hainbat xakelari aritzen dira. Maila oneko xakelari asko daude herrian.
Etorkizunean maila hori mantenduko dela uste duzu? Alegia, gazteen artean ba al dago xakerako afiziorik?
Bai, bai... gazteek afizioa mantentzen dute. Hain zuzen ere, gure bigarren taldean gazte asko ditugu. Aurten, Gipuzkoako Bigarren Mailan aritu dira. Ez dute emaitza bikainik lortu, baina xakean lehiatzea zer den ikasi dute. Hori da helburua: gazteen artean xakearekiko afizioa eta grina piztea.
Helburu hori lortzeko ikastetxeeetan xakea irakasten ere aritzen zara.
Bai, orain dela 12 urte hasi nintzen , eta oso lan polita da. Lehenengo egunean, xakea zer den ere ez dakite ikasleek, baina gero oso azkar ikasten dute. Gaur egun, besteak beste, Koldo Mitxelena Institutuan aritzen naiz xakeko eskolak ematen.
Hain zuzen ere, xakeko irakasle edo maisu handi bat hil da orain dela gutxi: Bobby Fisher estatubatuarra. Gustuko al zenuen?
Fisher aitzindaria izan zen. Xakea mundu guztian ezagun egitea lortu zuen, eta horrek sekulako meritua du. Dena den, nik ez dut uste historiako xakelari onena izan zenik. Gary Kasparov hobea dela uste dut.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.