
Itsas Salbamendukoek bukatutzat eman dituzte 'Maro' ontziko lanak
Itsasoa
Ez dirudi isuriaren arrastoari segimendua egingo diotenik, eta ez dago argi ontzia nork kendu behar duen handik
olatz mitxelena
Itsas Salbamenduak Maro itsasontzitik 54 tona gasolio eta 2,6 tona olio ateratzeko operazioa amaitutzat jo du, erregaia eta olioa itsasora isuri direla baieztatu eta gero. Itsasontziarekin egin beharrekoa Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzaren eta ontzijabearen esku geratuko da orain, beti ere, Itsas Salbamenduko iturrien arabera.
Atzo, baina, ez zen gaiaren inguruko informazio gehiagorik lortzerik izan. Pasaiako Itsas Kapitaintzan, Maro-ren inguruko guztiak Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzatik ari direla kudeatzen erantzuten du, eta gobernuaren ordezkaritzara deituta, «prentsakoak oporretan» eta Pasaiako Itsas Kapitaintzara deitzeko aholkua.
Ezin jakin, beraz, isuriaren arrastoak bilatzeko lanak egingo diren ala ez, ez eta itsaslabarretatik ontzia ateratzeko lanak, nork, noiz eta nola egingo dituzten.
Istripua eta denboralea
Martxoaren 6an, 23:00ak aldean, jo zuen hondoa Maro-k Jaizkibelgo itsaslabarrean, Hondarribia eta Pasaia artean, Turulla deritzan itsas lurmuturrean. Baionatik Pasaiara zihoan ontzia, bertan altzairuzko produktuak zamatzera. Istripua gertatu eta bi egunetara jakin ahal izan zenez, Pasaiara bidean zetorrela makinetan matxura izan zuen ontziak eta noraezean geratu zen itsaslabarren kontra jo arte.
Istripuaren biharamunean eskifaia erreskatatzeko lanak egin zituzten, eta ontzia itsasgorarekin itsaslabarretik ateratzeko saiakera egin zuten baita ere, baina ontziak itsaslabarren kontra jo eta gero puskatuta zuen egitura, eta ezin izan zuten ontzia porturatu. Larunbatean, ordura arte ontzian geratu nahi izan zuen kapitaina erreskatatu zuten itsas salbamendukoek, eta iganderako denboralea iritsi zen. Ordutik aurrera alferrikakoak izan ziren ontziak barruan zuen erregaiaren isuria saiheste aldera egindakoak. Astelehenean olatuek hirutan puskatu zuten Maro, eta hortik aurrera ez da erregaiaren inguruko berri gehigorik izan. Itsas Salbamenduak dioenez, erregaia «lurrundu eta sakabanatu» egin da. Gaian aditutako beste hainbat pertsonek, ordea, gasolioa lurruntzea posible den arren, halakorik ez dela hain denbora tarte txikian gertatzen esan dute, eta lurruntzeko tenperatura altuak behar dituela.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.