
20 urte eta gero zirkua Errenteria-Oreretara itzuli da. Holiday Zirku Handia hilaren 14ean iritsi zen herrira eta 24ra arte izango da bertan. Opor egun hauetarako plan paregabea izan daiteke.
Oporretan, zirkura
Jon gonzalo
Zirkua bertatik bertara ikusteko lehenengo aukera izan dute egunotan herriko gaztetxoenek. Azken 20 urteetan ez da zirkurik etorri herrira , eta aurten Holiday Zirku Handiak bete du hutsune hori. 65 lagunek, 80 animalik eta 40 kamioiek osatzen dute zirku hau, eta Agustinetan (madalenetako zezen plaza jartzen duten leku berean) egongo da, hilaren 24ra arte.
«Malabaristak, orekariak, magoak, animali hezitzaileak...Zirkuaren mundu magikoarekin gozatu nahi duenarentzako aukera paregabea eskaintzen dugu», azpimarratu du Justo Sacristan animalia-hezitzaile eta zirkuko arduradunak.
Egia esan, Aste Santuko opor egun hauetarako plan ezin hobea izan daiteke herriko gazteentzako eta ez hain gazteentzat. Igandera arte, bi emanaldi izango dira egunero (17:00etan eta 19:30ean). Sarrerek zortzi eta hamabi euro artean balio dute, eta zirkuko lehiatiletan eskura daitezke.
Bi orduko ikuskizuna
«Holiday Zirko Handiak Justo Sacristan animalia-hezitzaile aurkezten dizue!». Esaldi horrekin hasten da arratsaldero Sacristanek eta enparauek prestaturiko bi orduko ikuskizuna. Bi ordu hauetan askotariko artistak ikus daitezke: animalia-hezitzaileak, malabaristak, orekariak, magoak, pailazoak, bihurrikariak... Ez dago aspertzeko tarterik. «Ahalik eta ikuskizun entretenigarriena egiten saiatzen gara. Protagonista bakoitzak ondo baino hobeto daki zer egin behar duen, eta, egia esan, ez dugu gehiegi entsaiatzen. Emanaldien arteko denbora deskantsatzeko aprobetxatzen dugu».
Izan ere, bi emanaldi eskaintzen ditu egunero Holiday Zirku Handiak. «Erritmo handian bizi gara. Errenteriara etorri aurretik Hondarribian izan ginen, eta hemen bukatu bezain pronto Zarautzera goaz. Herri bakoitzean hamar egun inguru pasatzen ditugu, eta urte guztian ez gara gelditzen. Ez dakit Holiday izena aproposena ote den, zirku honetan ez baitugu atsedenik hartzen!», onartu du Sacristanek.
Zirkuko bizimodua
Ingelesak, frantsesak, hungariarrak , txekiarrak, portugaldarrak, espainiarrak... Europako hainbat herrialdetako 65 lagunek egiten dute lan Holiday Zirku Handian. Karabanetan bizi dira, batetik bestera. Aste hau Errenteria-Oreretan, hurrengoa Zarautzen, eta hurrengoa batek daki non... Kanpotik begiratuta, bizimodu gogorra dela pentsa liteke, baina Justo Sacristan ez dago honekin ados: «Zirku munduan ibiltzen garen pertsonei bizimodu klase hau gustatzen zaigu. Etxetik mugitu gabe bizi diren pertsonen erosotasunik ez daukagu, baina beste abantaila asko ditugu: herrialde askotako jendea eta tokiak ezagutzeko aukera, libre eta askatasunean bizitzeko aukera... Zirkuko bizimodua gogorra da batzutan, baina oso polita gehienetan».
Lankideen arteko elkarbizitza ere ona dela azpimarratu du Sacristanek. «Herrialde askotako jendea elkartzen gara hemen, baina guztiok lengoaia berdina konpartitzen dugu: zirkuaren lengoaia. Filosofia horrek batzen gaitu».
Animalien auzia
Artistekin batera zirkuaren abentura konpartitzen dutenak animaliak dira. Holiday Zirko Handiak 80 animali baino gehiago ditu: tigreak, lehoiak, krokodiloak, sugeak, gameluak, dromedarioak, zaldiak, ostrukak... «Animaliak zirkuaren protagonista handienak dira. Animalirik gabe zirkua ulertzea ezinezkoa da. Ikaragarri maite ditut, eta eguneko ordurik gehienak beraien ondoan pasatzen ditut», azpimarratu du Sacristanek.
Animaliak dituzten zirkuak, ordea, gero eta gutxiago dira. Animalien torturaren aurkako taldeek zirkuen jokaera salatu dute behin baino gehiagotan. Zirkuetan animaliak torturatzen direla diote, eta presio horrek zirku askotan eragina izan du. Animalirik gabe lan egitea erabaki dute. Justo Sacristanek ez ditu tortura salaketa horiek ulertzen. «Guk ez ditugu animaliak torturatzen. Alderantziz, ahalik eta tratu onena ematen saiatzen gara. Torturaren aurkako taldekoekin behin baino gehiagotan eztabaidatu dut. Animaliak aske uzteko eskatzen digute, baina ez dakite zer eskatzen duten. Animalia hauek zirkuan bizitzera ohituta daude, eta aske utziko bagenitu noraezean geldituko lirateke».
Horiek horrela, animaliekin jarraituko duela argi eta garbi du Sacristanek: «Animalia-hezitzailea naiz eta nire ikuskizun guztiak animaliekin batera prestatzen ditut. Animaliarik gabe lan egitea ezinezkoa izango litzateke niretzat. Nahi dutena esan dezatela, baina nik tratu ona ematen diet animaliei, eta beraiekin batera jarraituko dut lanean».
Zirkuaren gainbehera
Sacristan tristetzen duen beste auzi bat zirkuak azken urteetan izan duen gainbehera da. «Gero eta jende gutxiago etortzen da zirkura. Azken urteetako gainbehera nabarmena da. Guk, ordea, ahal dugun bitartean jarraituko dugu, nahiz eta laguntza ekonomiko handirik ez dugun. Nire familiak 60 urte daramatza mundu honetan eta ez dut uzteko asmorik».
Errenteria-Oreretan, behintzat, Sacristanek ez du kexatzeko arrazoirik. Egunero bete dute zirkua, eta igandera arte berdin jarraitzea espero du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.