
Lezon Topatuko dira
Gazteria
Etzi hasi eta datorren astelehenera bitartean Gazte Topagunea egingo da Lezon, ekitaldi ugaritan milaka gazte elkartuz
lorea muguruza
Bi urtetik behin egiten da Gazte Topagunea Euskal Herrian, eta aurtengo aldia Lezon izango da. Etzi hasi eta datorren astelehenera arte, Euskal Herri osotik etorritako milaka gazteren topagunea bihurtuko da Lezo.
Aurtengo Gazte Topaguneak zortzi gune ezberdin izango ditu. Lehena, Herri Gunea, Lezoko erdigunean bertan kokatuta: lau egunez iraunkorki, Komunikazio Txokoa, Kamaradak Txokoa, Informazio Gunea, dendak, Osasun Gunea eta azoka izango dira bertan.
Bigarrena Akeita eta Jantoki Gunea izango da, Bekoerrota kiroldegi ondoan; 09:00etatik aurrera zabalik izango da, gosariak, bazkariak eta bokatak emateko.
Musika Gunea, jendetsuena
Hirugarren gunea, berriz, Kultur Gunea deiturikoa, Bekoerrota kiroldegiaren ondoan kokatuta.
Laugarren eremua, ordea, Eskola Guneak, Jaizkibel Azpi Herri Eskolaren eraikina izango du leku. Bosgarrena Musika Gunea izango da, Altamiratik gora, eta seigarrena Auditoriuma, Gezalan.
Zazpigarren eremuak Akeita+Jantokia Gunea izena du, Bekoerrotan kokaturikoa. Eta zortzigarren gunea txosnek osatzen dute, Goiko Plazan atondurikoak.
Zortzi gune horiez gain, dutxetarako eremua prestatu dute herriko igerilekuan, eta kanpalekua Altamirako gainan.
Dena den, Musika Gunea izango da jendetzarik handiena jasoko duen eremua. Egunero kontzertu handiez gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko du Musika Guneak: Latzen, Etsaiak, Xikinkei, Anestesia, Sorkun & Vice Presindetes, Etam, Hesian, Banda Bassoti, Katamalo edota Desoreka bezalako taldeak izango dira gozagarri.
«Lezo ezagutzera emateko»
Abenduaz geroztik antolaketa lanetan aritu da herritar ugari; tartean, Beñat Salaberria eta Garikoitz Zabaleta gazteak. Azken egunotan, muntai lanetan aritu dira, baita Herriondo bailaran egokituko diren kanpalekua eta Musika Gunea prestatzen ere.
«Lezorentzako berriz ere pasatuko ez den zerbait da. Lezo herri txikia da eta ez du jende askok ezagutzen. Donostiako jende askok ez daki non dagoen, baina gertu gaude. Aukera bat da Lezorentzako. Bizia emango dio Lezori», azaldu diote OARSOALDEKO HITZAri Lezoko bi gazte hauek.
Topagunera jende asko etorriko dela nabarmentzeaz gain, herriko festetara ere jendea etorrarazteko bidea egiten ari direla ere azpimarratu dute. «Topagunea ez da soilik festa. Gazte mugimendua islatzen duen ekitaldi bat da. Bertan ikus daiteke euskal gazteria zenbat mugitzen den, zein kultura dugun...», adierazi dute bi antolatzaileek. Hala ere, gogorarazi nahi izan dute Gazte Topagunea ez dela gazteei bideratutako ekimen hutsa, haurrentzako nahiz helduagoentzako ekimenak ere egongo baitira Gazte Topagunean.
Beñat Salaberriak eta Garikoitz Zabaletak lau egunetan gau eta egun aritu beharko dute lanean, orain arte prestatutakoa behar bezala atera dadin. «Gu walkie-kin gora eta behera ibili beharko duten horietakoak izango gara. Eguneko 24 ordutan prest egon beharko garenak, arazorik egon ez dadin».
Komunikazioa, protagonistetako bat
Lau egunetan egingo diren ehunka jardueren artean, gazteek egindako eta gazteentzako sortutako komunikazio era ezberdinek protagonismoa hartuko dute Topagunean, Herri Gunean izango den Komunikazio Txokoan. Txoko honetan bertan erredakzio moduko bat prestatuko dute, arlo honetan interesa duten gazte guztiei ateak zabalduz.
Komunikazio arloan parte hartzeko aukera izateaz gain, hainbat hedabidek jaialdiaren jarraipen berezia egingo dute Gazte Topaguneak iraun bitartean. Esaterako, Xirika gazte kazeta Topaguneko egunkaria bihurtuko da, eta Gara egunkariarekin batera argitaratuko da, gehigarri gisa.
Horrez gain, Herri Gunean, Irauli Uhinak Irratiko saioa izango da egunero, kanpalekuan ere entzun ahal izango dena. Dena den, ez da jaialdi erraldoi honetan entzun ahal izango den irratsaio bakarra; izan ere, beste hainbat irrati librek programazioaren osaketan parte hartuko baitute.
Topaketa internazionalistak
Baina Herri Gunean, Komunikazio Txokoa izateaz gain, Kamaradak Txokoa ere atonduko dute, non Topaketa Internazionalistak egingo diren. «Topaketa hauen helburua da nazioartean gazte mugimenduek eta eragileek bizi duten egoera Euskal Herriratzea batetik, eta eragile hauei gaur egun Euskal Herriko gazte mugimenduak bizi duen egoera aurkeztea bestetik», azpimarratu dute Gazte Topaguneko antolakuntzatik.
Bost gairi buruzko eztabaidak egingo dituzte bertan, hezkuntzak ere garrantzia handia duelako Topagunean: Europako eraikuntza eta herriak; Antiglobalizazio mugimenduak; Lege antiterroristak eta gizarte mugimenduak; Herri proiektuak eta makro proiektuak; eta Internazionalismoa.
Kamaradak Txokoan, gainera, hogeitik gorako herrialdetako ordezkariak elkartuko dira; Hegoafrika, Venezuela, Irlanda edota Palestinatik etorritakoak, besteak beste.
gazte topaguneko ekimen nabarmenetakoak
Oiartzungo Gazte Topagunea, aurrekaria
Gazteria
Duela hamar urte Gazte Topagunea Oarsoaldean egin zen baita ere, Oiartzunen, 20.000 bat gazte elkartuz
iban iza
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.