Itsas gizonek 'Maro'-rekin gertatutakoaz zein iritzi duten ezagutzeko helburuz, San Pedroko kaira jo du OARSOALDEKO HARSOALDEKO.
Lurrundu ezin diren ardurak
olatz mitxelena
Iturri ofizialetara joaz zaila da
Maro-ren inguruan ezer argirik jakitea. Pasaiako kaleetan, aldiz, ez dago beste gairik, batez ere portuaren inguruan. Horregatik, kalera irten eta San Pedroko arrantza kaira jo du OARSOALDEKO HiARSOALDEKO, itsasoko bizitza gertutik ezagutzen duten arrantzaleek gaiaren inguruan zer dioten ezagutzeko asmoz.
Eguneko lanak bukatuta, han ziren arrantzaleak, kaian, hizketan.
Clementina ontziko Joaquin Toba,
Nuevo Orizonte Txiki ontziko Jose Manuel Pereira,
Kalaberriko Jose Barreiros, eta
Joxan ontziko Iñigo Oronoz. Haiengana hurbildu, eta hara non,
Maro-ri buruz ari ziren hizketan. Ados daude denak. «Arduragabekeriak» eragindako istripua izan da, «bestela ezin delako ulertu» gertatutakoa.
Maro-k aingurak bota gabe omen zituen, eta horrek jartzen ditu susmopean arrantzaleak: «Makina geldituta ere, frenoa atera, eta aingura eta katea erortzen dira. Ontzia, ordea, hondoak jota zegoen itsasertzean eta aingurak ontzi barruan», diote komentzimendu osoz. «Erabateko ardugabekeria izan da, ez dago besterik».
Halako ontzi baten aingura bakoitzak 250 kilo inguru dituela azaldu dute. Arroka gainean ari zirenez, aingurak botata ontzia lotuta geratuko zela iritzi diote arrantzaleek.
Gasolioaren lurruntzeaz
Hedabideetan gasolioa lurrundu dela esan dutelako harridura agertu dute arrantzaleek: «Nola liteke horrelakoak esatea, gasolioak 70 gradu behar baditu lurruntzeko?. Halako tenperatura al zegoen itsasoan ala? Sutan al zegoen ontzia?», galdetzen dute zinismo ikutu batekin.
Azken egunetan isuriaren arrastorik ez dutela sumatu eman dute aditzera, baina istripua gertatu eta biharamunean inguruan ibili ziren arrantzaleek gasolioa ikusi zutela esan dute. Orain, baina, itsasoak zabaldu egin duela, eta ez dela ikusterik izango uste dute, «gasolioa ez delako txapapotea bezain dentsoa. Dentsitate txikikoa izanik, haizea berak eramaten du».
Ontzia porturatzeko aukera izan zela uste dute
Arduragabekeria, baina, ez diete soilik ontziko kapitainari egozten. Ondoren ontzia handik ateratzeko nahiko denbora izan zutela uste dute arrantzaleek. «Hilabeteko marea bizienak ziren eta ontzia irtengo zen, horretarako borondatea egon izan balitz», esan dute. «Nahiko zuten gurekin hitz egitea nola egin zitekeen jakiteko», esan dute.
«Interes ekonomikoak» tarteko, ordea, ardura inork bere gain hartu nahi ez, eta denboralea iristerako beranduegi zen. Hondoak jo eta lau egunera hiru zatitan puskatu zuten olatuek
Maro. Ondoren, ontziak barruan zuen erregaiaz, arrastorik ez.
Urraburuak erruteko tokia
Istripuaren kalteak zuzenki pairatuko dituzte arrantzaleek. Esan dutenez, «Turrula eta Higuer lurmuturren artean erruten dute urtero urraburu txikiak», eta, gertatutakoak gertatuta, kexu dira datorren urtean ezingo dituztelako horiek harrapatu .
«Ontzia ez dute aterako; itsasoak berak txikituko du»
Azken eguneetan zabaldutako albisteek esan dutenez, ontzi jabearena da orain ontzia handik ateratzeko ardura. Arrantzaleek, baina, han geratuko dela uste dute. «Han geratuko da betirako, baina hiru denboralekin torloju bakar bat ere ez da geratuko. Bokalean hondoak jo zuen zamaontziarekin gauza bera gertatu zen», gogoratu dute.
80. hamarkadan
Gulstav Trader zamaontziarekin gertatutakoa dute gogoan. Portura sartzera zihoala hondoak jo zuen, eta erreskate lanetan
Punta Ondartxo atoiontzian lan egiten zuten bi pasaitar zendu ziren.
Oraingoz, beraz, itsaslabarretako monumentu gisa geratuko da
Maro. Pintadak ere egin dizkiote, egunero hamarnaka lagun jaisten baitira hara ontzia ikustera. Arrantzaleek, baina, e z dute uste denbora askoan ikusterik izango denik. «Iganderako datoz berriro sei metroko olatuak. Itsasoak sekulako indarra du eta han ez dago ezer ateratzerik. Bi denboralekin herdoila ere ez da geratuko. Kaltea, hala ere, egina dago».
babes juridikoa eskatu dute jaizkibelentzat
Maro ontzia hondoratzearen harira, Eguzki talde ekologistak «berehalako babes jurirdikoa eskatu du Jaizkibelentzat; mendi magalentzako zein itsas eremuarentzat». Jaizkibelgo Antolaketa Plana 80. hamarkadaz geroztik Aldundian «gordeta» dutela salatu dute, eta gogorarazi dute 2004an Bruselasko Gobernuak Natura 2000 Sarean txertatu zuela Jaizkibel, Ulia, Txingudi eta Hendaia-Sokoa Garrantzi Komunitariako Lekua (GKL) izendatuz. Horregatik, Eguzkik Pasaiako, Lezoko eta Hondarribiako udalei dei egin die Jaizkibel Babes Bereziko Lekua izenda dezaten.