
Inoizko parte-hartze handiena izan dute Topaketa Errunikoek
Aisia
Antolatzaileen arabera, 2.000 lagun baino gehiago elkartu dira egunotan Galtzarabordako kiroldegian
jon gonzalo
Aste Santuko Topaketa Errunikoek VIII. aldia inoizko jendetsuena izan da. Atlaseko antolatzaileen arabera, 2.000 lagunetik gora elkartu dira egunotan Galtzarabordako kiroldegian. «Uste baino jende gehiago etorri da, eta harrituta gelditu gara», azaldu du David Serradilla antolakuntzako kideak. Parte-hartzaileen jatorria askotarikoa izan da: Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Bartzelona, Madril, Murtzia, Malaga... «Rol jokoekiko zaletasuna zabaltzen ari dela ikus ahal izan dugu. Gero eta urrutiagotik etortzen da jendea», azpimarratu du Serradillak.
Egitarauaren aniztasuna
Antolatzaileek ekitaldiz beteriko programa prestatu zuten Topaketa Errunikoetarako, eta ekitaldi guztiek parte-hartze «zabala» izan zuten. Serradillaren esanetan, «parte-hartzaileek ez dute aspertzeko betarik izan. Aldez aurretik prestatu genuen programak ondo baino hobeto funtzionatu du, eta jendeari asko gustatu zaio».
Antolatzaileek prestaturiko ekitaldiez gain, ordea, etxetik ekarritako beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte parte-hartzaileek: «Topaketa Errunikoen ezaugarrietako bat interaktibitatea da. Guk antolatzen ditugun ekitaldiez gain, jendeak beste hainbat jarduera alternatibo egiten ditu».
Zuzeneko rol jokoen arrakasta
Topaketa Errunikoetan askotariko ekitaldiak antolatzen diren arren (bideo jokoen lehiaketak, komikien irakurketak, mahai jokoak...), zuzeneko rol jokoak dira arrakasta handiena dutenak. «Jendeari asko gustatzen zaio mozorro bat jantzi, eta pertsonaia baten rolean sartzea. Bizirik dagoen istorio bateko protagonista izateko aukera ematen die. Mahai joko bat hezur-haragizkoa bihurtzen dute zuzeneko rol jokoek, eta hori oso erakargarria da», azpimarratu du Serradillak.
Antolatzaileek 20 rol joko baino gehiago prestatu zituzten aurtengo topaketetarako, baina guztietan arrakastatsuenak Alien, Warhammer eta banpiroei buruzkoak izan dira. «Jende asko rol jokoetan parte hartu ezinda gelditu zen, ez baitzegoen guztiontzako lekurik. Egia esan, Alien eta banpiroei buruzko istorioek betidanik izan dute tiradizo handia».
Oso giro ona
Topaketa Errunikoetako antolatzaileek bereziki azpimarratu dute parte-hartzaileen artean izan den giroa. «Elkarbizitza primerakoa izan da. Lau egun pasatu ditugu elkarrekin, eta ez da arazo bakar bat izan. Are gehiago, oso harreman estuak sortu dira», onartu du Serradillak.
Horiek horrela, datorren urterako ekitaldia prestatzen hasi dira dagoeneko: «Datorren urtean, are jende gehiago etortzea espero dugu, eta azpiegitura aldaketak egin beharko ditugu. Ea aurten bezain ondo ateratzen den!».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.