
Urtarrilean hasi zen martxan Pasaiako Bertso Eskola, beranduago 'Aho bero+2 'izenarekin bataiatua. Gogoz hasi dira lanean, eta herritarrei parte hartzeko deialdia luzatu diete
Pasaiako ahoberoak
urko etxebeste
Ez da izan kasualitatea Pasaian bertso eskola sortzea. Bertso zaletasun handia dago Pasaian, nahiz eta historikoki herrian bertan bertsolari handirik ez izan. Horren erakusle herrian egiten diren bertso-afari eta bestelakoetan izaten diren jende betekadak dira. Gainera, eskualdeko herrietako bertso eskoletan Pasaiako ikasle dezente izanik, Haritz Casabalek Pasaiako bertso eskolako irakasleak, «beno, agian hobe bertso eskolako artzaia», dio, bertso eskola sortzeko aukera ikusi zuen Mikel Salazar herritarrarekin batera. «Bero ginela hartu genuen erabakia, ahobero». Hara Pasaiako bertso eskolaren sorreraren historioa, eta izenaren zati baten azalpena: Aho bero+2. Pasaiako Udalaren laguntza du Bertso Eskolak.
Parte hartu | Zure mezua bidali Parte hartzeko arauak
Izenaren bigarren zatia, +2-a, alegia, bertso eskola martxan jartzearekin batera sortu zuten, urtarrilaren 15etik aurrera, alegia. «Ikasle batek bertso guztietan, beti, bi silaba gehiago jartzen zituen; dena +2. Orduan, Aho bero-ri, +2-a jartzea deliberatu genuen».
Egun, asteartetan, 20:00etan eta Txirrita AEK Euskaltegian Haritz Casabal bertsolari eta irakaslearen aginduetara zazpi bertsozale biltzen dira errimen trikimailuak ikasteko. Asteazkenetan, beste bi kiderekin trebakuntza saio sakonagoak egiten dituzte. «Astearteko eskolak 90 minutukoak dira, futbol partida baten neurri berekoak. Nahi duena etor dadida gugana, Pasaiako edonor», esan du Haritz Casabalek.
Ekimena Pasaiako beste barrutietara zabaltzeko asmoa dute Aho bero+2-koek, baina oraingoz, Antxora hurbiltzeko deialdia egin diete Pasaiako bertsozaleei.
Lotsa kendu
Bat-batekotasuna lantzen dute batik bat Ahobero+2 Pasaiako Bertso Eskolakoek. «Orria, noizbehinka erabiltzen dugu», esan du Haritz Casabalek. Lehenik eta behin bertsoaren bukaera zein izango den pentsatzeko aholkua ematen die Casabalek ikasleei, «baina hortan, maiz, bakoitzak bere eskema erabiltzeko joera du». Ondoren, zutik jartzen dira ikasleak, pentsatutakoa kantatzeko. Ordenadore eramangarrian doinuak prest izaten ditu Casabal artzaiak, «doinuarekin errazago ikasten delako bertsotan».
Bertsolari hasiberrietan lotsa baztertzea, kentzea, oso garrantzitsua dela esaten dute. Eta hastapenean Pasaiako Bertso Eskolan gazteak nagusi badira ere, helduei lotsa kentzeko eta eskolako partaide izateko eskaera egin die Haritz Casabalek, «gure helburua ez delako BEC-era edo Illunbera iristea, txapelketa handietara. Parranda giroan, lagun giroan ibiltzea baizik, bertsotan. Toki askotan daude elitezko bertso eskolak. Ez da gure kasua behintzat».
Pixkanaka
Bide horretan dabiltza, pixkanaka, Aho bero+2-ko Ane Salazar eta Hodei Badiola. Salazarren esanetan, Aho bero+2-ko kide da «bertsoak gustuko» dituelako. «Pasaian bertso eskola sortzear zela esan zidatenean, berehala izena emateko prest agertu nintzen. Bat-batean bertsoak botatzea ez da erraza, baina tira...». Aurreko batean Antxoko Basari Elkartean egin zen afari batean bertsotan ibili zen Ane Salazar, estraineko aldiz: «Urduri samar nengoen, baina esperientzia ona izan zen», esan du.
Hodei Badiolak, ordea, bertsozaletasuna garatzeko aukera ikusi zuen Pasaiako Bertso Eskolan izena ematerakoan, «gustuko ditut oso bertsoak. Gauetan eta bertsotan ibiltzea gustuko dut. Ederra iruditzen zait giro hori. Bertsolari izanda gehiago ligatzen al den? Ez dakit; oraindik ez dut probatu». Probatzeko aukera maiatzaren 10ean izango dute Aho bero+2-koek, Pasaiako Eskolatik Kalera jaiaren baitan saioa egingo dutelako. «Ez gara bertso eskola arrunta. Horregatik, saio hori ez da bertso saio arrunta izango», iragarri du Haritz Casabalek.
Dirua biltzeko afaria
Apirilaren 5ean, 21:30ean, Antxoko Basari Elkartean, dirua biltzeko afaria prestatu dute Aho bero+2-ko kideek. Txartelak Mimos eta Laket tabernetan daude salgai, 10 eurora. Menu gozoari, Aitor Albistur, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Haritz Casabal beraren bertsoak erantsiko zaizkie. Aho bero+2-ko kideek, noski, aukera izango dute urtarriletik zer ikasi duten erakusteko. Hasteko, ordea, idatziz, baina bertsotan gonbidapena luzatu diete afarira joateko pasaitar guztiei:
Apirilan 5ean
Hortxe derrepente
Afaria Basarin
Zahar eta gazte
10 euroren truke
Jakiak hainbeste
Menua ikusita
Ez ote da merke
Bertso eskolan alde da
Anima zaitezte!
* Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
* Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
* Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
* Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.