
Orain dela hiru asteko denboraleak Zarautzen hondatutako egurrezko txalupa bat ekarri dute Albaolakoek Ontziolara konpontzera; bere jabeak Zarautzen bertan eraikitako txalupa da konponduko dutena
Aro baten azken aleak
olatz mitxelena
Denboraleak ekarri du Zarauztik Pasaiara, baina ez itsasotik, lehorretik baizik. Ur izena du orain, garai batean Nicolas izena izan zuen arren. Egurrezkoa da eta konpontzeko zain dago Pasaiako Ontziolan.
Ur, Albaolak Ontziolara ekarritako azken txalupa da. Orain dela hiru aste Kantauri itsasoan izan zen denboralearen ondorioz, itsasertzeko beste hamaika herrietan bezala, Zarautzen ere hainbat ontzi hondoratu eta puskatu egin ziren; Ur, tartean.
Albaolako kideak Zarauztik jaso zuten laguntza deia, hango Ur txalupa konponduko ote zuten galdezka, eta Albaolako kideek, bi aldiz pentsatu gabe, Zarautzera joan, ontzia berreskuratu eta Ontziolara ekarri dute konpontzera.
Euskaldunen ondare
Poliesterrak egurraren tokia hartu du gaur egun ontzigintzan, eta gero eta gutxiago dira euskal itsasertzan egurrezko ontziak, baita horiek konpotzeko trebezia duten profesionalak ere. Iraganean ontzigintzarena Euskal Herrian funtsezko lan sektorea izan zen arren, gaur egun, egurrezko ontzigintzarena behintzat, ahaztutako lanbidea da ia. Inor gutxi da gai zurezko txalupak konpontzeko.
Hain zuzen, hutsune hori betetzeko helburuz jaio zen orain dela zortzi urte Ontziola egitasmoa, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez. Euskaldunen itsas ondarea gordetzeko helburuz bi urte lehenago jaiotako Albaola Elkartea da ordutik Ontziola egitasmoa kudeatzeko ardura duena, eta beraiek ekingo diote orain Zarauzko Nicolas egurrezko txalupa konpontzeari.
Zarauzko hondartzan eraikitako txalupa
Jende gehienaren begietara txalupa rrunta da Ur, txipironera izenez ezagutzen den horietakoa. Baina gehiengoarentzako arrunta denak, balio berezia du Albaolakoentzat. Eta hain zuzen ere, horren zergatiak nabarmendu nahi izan ditu Albaolako buru Xabier Agotek.
Ur ontzia Zarautzen bertan eraiki zutela kontatu du Agotek, «hango hondartzan, bertako ontziolak oraindik ospe handikoak ziren garaian». Eta ontziola hondartzan izatea ez zela ohikoa eman du aditzera Albaolako kideak: «Ibaietan eraikitzen ziren txalupak herri gehienetan, baina, Zarautzen, ibairik ezean, hondartzan eraikitzen zituzten».
Nicolas Diezen testigantzekin, ikerketa etnografikoa
Nicolas Diez zarauztarraren txalupa da Ur, eta berak eraiki zuen; edo, hobe esanda, bera oso gaztea zela aitari lagundu zion berarentzako txalupa izango zena eraikitzen. «Aitak Nicolas izena jarri zion txalupari orduan, gaur egun Ur izena duen arren», zehaztu du Agotek.
Albaolako kideek, Nicolasekin hitz egiteko aukera izan dute, eta bere testigantza ezagututa, ez dira ontzia konpontzera mugatuko. Elkarrizketatu egingo dute, eta bere testigantzaren bidez, ikerketa etnografikoa abiatu nahi dute, «garai bateko ontzigintzaren lekuko gisa».
Izan ere, Agoteren arabera, «30 urte in guru pasatu dira Euskal Herrian egurrezko ontziak eraikitzeari utzi zaionetik», eta, bere ustez , «baliteke hamar urteren buruan uretan gelditzen diren egurrezko txalupak erabat desagertzea».
Horregatik, berandu baino lehen, iragan horren azken aleak berreskuratzeko ahalegina ez dute alferrik pasatzen utziko Albaolako kideek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.