roman aduriz ð- Eskulangilea
«Artisautzak ez du etorkizunik, eskulangile gazterik ez dago»
Gizartea
Roman Aduriz Euskal Herriko artisau beteranoetako bat da; makina bat urte daramatza herriz herri berak egindako lanak erakusten, eta berdin jarraitzeko asmoa du
jon gonzalo
Roman Aduriz (Oiartzun, 1930) 22 urterekin hasi zen egurrarekin lanean, eta oraindik ez da gelditu. Euskal Herriko eskulagintza azoka guztietan parte hartu du, eta pertsonaia ezaguna egin da. Orain dela hilabete gutxi lankideek eta lagunek omenaldi «hunkigarria» egin diote, baina berak lanean apal jarraitzea erabaki du. Gaur, Lesakako Erdi Aroko azokan hartuko du parte. Beti bezala, irribarrea ahoan erantzungo die bere artisau lanengatik galdetzen dioten erosleei.
Noiz eta nola hasi zinen egurrarekin lanean?
Txikitan oso gustuko nuen arotzen lana, eta oso gaztetan erabaki nuen arotza izango nintzela. Hogei urteren bueltan aroztegi batean hasi nintzen, eta geroztik betidanik egi dut egurrarekin lan. Nire bizitzako ordu gehientsuenak aroztegietan eta egur tailerretan pasatu ditut.
Makina bat ezagutuko zenituen, ezta?
Errenteriako Iragorri aroztegian makina bat urte egin nituen. Hantxe ikasi nituen lanbide honek dituen sekretu gehientsuenak. Erretiroa hartu aurreko azken hamabost urteetan, ordea, bakarrik aritu nintzen lanean, autonomoa izan nintzen. Egia esan, inoiz ez zait lanik falta izan.
Aroztegiko lanaz gain, ordea, noiz hasi zinen eskulanak egiten?
Orain dela 30 bat urte. Ohiko arotz lanak egiteaz gain, bestelako gauza bereziak egiteko gogoa piztu zitzaidan, eta halaxe hasi nintzen. Aroztegiko egur batzuk hartu eta etxeko tailerrera eramaten nituen. Ordu asko pasatzen nituen bertan. Etxean lan egiteak aroztegiarekin zerikusirik ez zuela konturatu nintzen. Irudiak sortzen nituen eta nahi nuen forma ematen nien. Horrek asko erlaxatzen ninduen.
Nork erakutsi zizun eskulanak egiten?
Nire kabuz ikasi nuen. Egur bat hartu, landu, forma ematen hasi... Hasieran oso zaila egin zitzaidan, ez nuen pieza duin bat egiten asmatzen! Pazientziarekin, ordea, hainbat irudi eta pieza egiten ikasi nuen. Nik uste eskulangile ona izateko dohairik onena horixe dela: pazientzia izatea.
Gaur egun makina bat pieza eta irudi egiten dituzu. Zein da zure eskulan arrakastatsuena?
Egurrezko katea. Makina bat saldu ditut. Kate motzak edo luzeak egiten ditut, eta jendeak etxea apaintzeko erosten ditu. Tabernetan ere bat baino gehiago ikusi dut. Lanparak zintzilik jartzeko ere balio du.
Eskulanak saltzen eta eskulangintza ezagutarazten Euskal Herriko eta Espainiako hainbat azoka ezagutu dituzu, ezta?
Batetik eta bestera ibili naiz: Durangon, Balmasedan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Lesakan... Euskal Herriko azoka guztietan parte hartu dut, eta Espainiatik ere behin baino gehiagotan deitu didate. Lehengoan, esaterako, Ibizara joateko gonbitea egin zidaten. Hilabete bat bertan pasatzea nahi zuten, herriz herri nire eskulanak erakusten. Ezetz esan nien. Etxetik gertu gusturago aritzen naiz.
Urte hauetan guztietan zer-nolako harremana izan duzu lankideekin, erosleekin eta azokako bisitariekin?
Oso ona. Gainontzeko artisauek errespetu handia izan didate betidanik, oso tratu ona eman didate. Pentsa, orain dela hilabete batzuk omenaldia egin zidaten! Erosleekin eta azokako bisitariekin ere ondo konpondu naiz. Urte asko pasatu ditut batetik bestera, eta azoka guztietan ezagutzen naute. Lagun asko egin ditut eskulangintzari esker.
Errenteria-Oreretan aitzindaria izan zara. Ereintzak antolatzen duen Eskulangintza Azokaren lehen aldian parte hartu zenuen.
Bai, bai, hasieratik parte hartu dut azokan. Orain dela 30 urte hasi eta orain arte. Gaur egun, oso azoka ezaguna da Errenteriakoa, baina garai hartan ez zen hain erraza. Eskulangileen lana bultzatzeko eta ezagutarazteko asmoz azoka bat antolatzeko ideia izan zuten Ereintza Elkartekoek, eta urteek arrazoia eman diete. Euskal Herriko azoka garrantzitsuena da.
Artisauen mundua, ordea, asko aldatu da. Gaur egun, oso artisau gutxi daude. Etorkizunik ba al du eskulangintzak?
Zoritxarrez, ez. Eskulangile gazterik ez dago. Gaur egun, jarduera guztiak diruaren truke egiten ditu jendeak, eta eskulagintzak ez du dirurik ematen. Gainera, gazte askok ez dakite ogibide hau existitzen denik ere! Etorkizun beltza ikusten diot eskulangintzari. Gero eta gutxiago gara, eta ez dut uste egoera aldatuko denik.
Bizitza guztia egurrarekin lanean pasatu duzu, eta ondo baino hobeto ezagutzen duzu. Zein da zure egurrik gustukoena?
Lizarra, erramua eta urkia gustatzen zaizkit. Eskulanak egiteko egurrik onenak dira. Inguruko basoetan aurkitzen ditut. Hilabetean behin, mendira joaten naiz buelta bat ematera, eta normalean egur zatiekin itzultzen naiz.