
Urtebete geroago Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Uralde baserriko harrera etxeko hamar gaztetako bi joan eta beste bi berri etorri dira.
Eta bizitzak aurrera jarraitzen du
lorea muguruza
Uralde baserrian urtebete daramate jada bizimodu berria eraikitzen. Iazko apirilaren 27an iritsi ziren lehen aldiz Kanariar Uharteetatik hamar gazte Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Gaintxurizketako Adin Txikikoen Harrera Etxera.
Urtebeteren buruan, aldaketak izan dira Uralde baserrian. Iaz etorritako zenbait gaztek harrera etxea utzi dute jada, beren kabuz Euskal Herrian bizitzari ekiteko gogoz. Harrera etxea utzi dutenen ordez, beste zenbait gazte iritsi dira, eta «pozik» daude Errekalde auzoan bizitza berri bati ekiteko aukera eskaini zaielako. Bi gazte joan dira eta beste bi sartu.
Hamar gazteak, ikasten ari dira. Batzuk inguruko herrietako eskoletan eman dute izena, eta gainerako gazteak bezala ikastera joaten dira bertara. Beste batzuk, berriz, tailerretan ikasten ari dira, gerora lan munduan sartzeko aukera bat izan dezaten: «Orain zurgintza ikasten ari naiz, baina gerora igeltseroa izan nahi dut. Urtebete falta zait igeltsero bezala lanean hasteko».
Goizean goiz esnatu, etxea atondu, gosaldu eta bakoitza joan beharreko lekura abiatzen da: «Tailerrean ikasi eta gero, etxera gatoz, bazkaldu eta berriz ere ikastera goaz. Baina arratsaldean futbolean entrenatzera joaten gara». Gazteetako bi jada praktiketan ari dira enpresatan eta lan egiten duten lantokiak «pozik»<\q>daude beren lanarekin.
Ohiturak
Hasieran hemengo ohituretara ohitzea ez zaie erraza egiten gazteei, baina denborak aurrera egin ahala berehala moldatzen dira. Hezitzaileen lana dela hemengo ohituretara ohitzea zehaztu dute. Dena den, beren kultura errespetatzen dutela adierazi dute hezitzaileek, esaterako, musulmandarra denari ez zaio txerrikirik ematen, eta hindua denari ere ez zaio behi haragirik ematen jateko.
Errekaldeko bizilagunek, harrena ona
Iaz, hamar gazteak etorri aurretik, Errekalde auzoko bizilagunek kezka azaldu zuten, baina hilabeteek aurrera egin ahala, hasierako beldurrak uxatu zituzten: «Hasieran bizilagunak zer etorriko zain zeuden, gazteak heldu aurretik, hain zuzen. Iritsi zirenean, ordea, harrera ezin hobea egin zieten, uste genuena baino hobea. Auzotarrak gerturatu zaizkigu hemengo baratza nola egin laguntzera. Opariak ere egin dizkigute. Guk haiei ogi gogorra ematen diegu eta haiek guri barazkiak, tomateak, letxugak eta abar ematen dizkigute», azaldu zuen Idoia Mikeo hezitzaileak, eta egoera ez dela deus aldatu adierazi dute urtebete geroago: «Egunero egunero agurtzen dituzte bizilagunek, eta harremana sendotu egin da».
Mikel Malmierka harrera etxeko zuzendariak ere horrelako harrera etxe bat zabaltzen den bakoitzean sortzen diren beldurrei buruz hitz egin zuen iaz, eta aurten ere Euskal Herriko hainbat harrera etxetan gertatutako gertakarien inguruan gogoeta egin nahi izan du: «Alde batetik, normala iruditzen zaigu jendeak telebistan entzuten duena entzunda, beldurtzea. Baina, harrera etxe hauen eguneroko funtzionamendua bestelakoa da. Behin arazo bat gertatzen delako, ezin da pentsatu beti gertatuko denik. Gainera, auzotarrek ikusi dute gazteak egunero beren gauzak egin, eta ikastera joaten direla, beste edonor bezala. Horrek izua uxatu die».
Berrikuntza gehiago
Hamar lagunetik bi joan eta beste bi etorri izanak «Uralde baserrira zein helbururekin iritsi diren gogorarazi» diela azpimarratu du Malmierkak: «Bi lagunak joan zirenean konturatu ziren zein zen Uralde baserrira etorri izanaren arrazoia. Gehienak lanera etorri ziren, eta hemen oraindik ere ikasteko garaian zeudela esan genienean, pixka bat harrituta gelditu ziren, baina ikasteko aukera ez dute alferrik galdu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.