Emakumeen bertso saioa antolatu du Ereintzak
Bertsolaritza
Xenpelar Saria irabazi duten sei emakumek hartuko dute parte datorren igandeko bertso saioan
J. Gonzalo
Ereintza Elkarteak 50 urte bete ditu aurten, eta urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ari da. Datorren igandean (apirilaren 6an) egingo dute hurrengoa: emakumeen bertso saioa. Hain zuzen ere, Xenpelar Saria irabazi duten sei emakumek hartuko dute parte bertso saioan: Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Ainhoa Agirreazaldegi. Gai jartzaile lanetan, berriz, Arantzazu Loidi ariko da. Arratsaldeko 18:00etan izango da ekitaldia, Errenteria Hiria Kulturgunean.
«Ereintzaren 25. urteurrenean elkarteko arduradunek bertso saio bat antolatu zuten, eta orain ere gauza bera egitea pentsatu dugu. Kontua da oraingo honetan emakumeak izango direla bertso saioko protagonistak, Ereintzak betidanik eman diolako garrantzia handia emakumeen parte-hartzeari», azpimarratu du Naroa Perez Ereintza Elkarteko presidenteak.
Xenpelar Sariaren azken zazpi ekitaldietatik sei emakumeek irabazi dituzte, eta irabazle horiek guztiak datorren igandeko bertso saioan izango dira. «Xenpelar Saria hasi zenetik (1971. urtean) gizartea asko aldatu da. Garai batean, gizonezkoek irabazten zuten beti lehiaketa, baina azken urtetan emakumeak izan dira nagusi. Guk ere aldaketa hori erakutsi nahi dugu datorren asteko bertso saioan», azaldu du Perezek.
Datorren igandeko bertso saiorako sarrera doan izango da, baina leku arazorik ez izateko aldez aurretik eskuratzea komeni dela jakinarazi dute antolatzaileek. Astean zehar, Errenteria Hiria Kulturguneko lehiatiletan eskuratu ahal izango dira sarrerak.