
Udalbatzak ez du onartu EAE-ANV legez kanpo uztearen kontrako mozioa
Udala
EAE-ANVk aurkeztu zuen mozioa, baina gainontzeko alderdi politiko guztiek kontrako botoa eman zuten
Jon gonzalo
EAE-ANV alderdia legez kanpo uztearen aurkako mozioa ez zuen onartu atzo Errenteriako Udalbatzak. EAE-ANV alderdiak berak aurkeztu zuen mozioa, baina ez zuen gainontzeko alderdi politikoen babesik jaso. PSE-EE, EAJ, EA eta EB-Berdeak alderdiek kontrako botoa eman zuten, eta PP ez zen bozketan aurkeztu. PPko bi zinegotziek mozioaren eztabaidan ez parte hartzea erabaki zuten, «EAE-ANVk ETAren indarkeria gaitzesten ez duen bitartean ez dugulako beraiekin batera politikan aritu nahi», azaldu zuen Lucia Peralta PPko zinegotziak udalbatzarretik joan baino lehen.
Mozioaren nondik-norakoa
EAE-ANVk atzo aurkezturiko mozioak bost puntu zituen. Lehenengoan, Errenteriako Udalak EAE-ANVren legez kanporatzea salatzeko eskatu zuten, «erabaki hau Euskal Herriaren eskubideen aurkako erasoa delako eta independentziaren alde egiten dutenek kriminalizatzen dituelako».
Bigarrenean, Udalak herritarren borondatea ordezkatu behar duela gogoratu zuten, eta alderdi politikoen legeak borondate hori ez duela aintzat hartzen. Beraz, «alderdien legea aintzat ez hartzeko» eskatu zioten Errenteriako Udalari. Hirugarrenean, EAE-ANVko ordezkarien legez kanporatzea ez onartzea, eta lanean jarrai dezaten «bermatzea» eskatu zioten Udalari.
Laugarrenean, proiektu politiko guztien zilegitasuna onartzeko eskatu zuten, «marko demokratiko bat eraiki behar da, non Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarren eskubideak bermatzen diren». Bosgarren puntuan, erabaki horiek guztiak hedabideetan zabaltzeko konpromisoa hartzeko eskatu zuten.
Babesik ez
Konpromiso horiek guztiek, ordea, ez zuten gainontzeko alderdi politikoen babesik jaso. PSE-EEk «eskubide batzuk bai eta beste batzuk ez» babestea leporatu zion EAE-ANVri. «Guk legeak dioena babestuko dugu, legean sinesten dugulako. Dena den, EAE-ANVri gogoratu nahi diogu ETAren indarkeria gaitzestuko balu, ez lukeela legez kanpo gelditzeko arriskurik izango», azaldu zuen Jesus Ofizialdegi zinegotziak.
EAJko Maite Peña, berriz, legez kanporatzearen kontra azaldu zen, baina indarkeriaren aurrean isilik gelditzea ere «gaitzesgarria» dela azpimarratu zuen: «Ilegalizazioaren aurka gaude, baina mozioak beste hainbat injustizia ahazten dituela uste dugu, tartean, ETAren indarkeria. Beraz, ezin dugu babestu». Antzeko argudioak era bili zituen Eusko Alkartasuneko Joxe Mari Burgosek: «Alderdi guztiontzako berdintasuna aldarrikatzen dugu. Alderdi bat legez kanporatzearekin ez gaude ados, baina, aldi berean, ez gaude ados bizkartzainekin ibili behar izatearekin. Horri buruz ez da inolako aipamenik egiten mozioan».
Ezker Batua-Berdeak alderdiko Jose Manuel Ferradasek, berriz, «Espainiako justiziaren instrumentalizazioa» salatu zuen, baina ETAren atentatuen aurrean isilik gelditzea ere ez dela «zilegi» azpimarratu zuen.
Hondakinen kudeaketari buruzko mozioa
Udala
San Markoseko Mankomunitateari zabortegia ixteko eskatzen dion mozioa onartu zuten PSE-EEk, EAJk, EAk eta PPk
J. Gonzalo
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa
Lezo, Andreone Udal Liburutegian - 2008-10-15
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Doneztebe plazan - 2008-10-18
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.