
Argazki lehiaketa antolatu du Jaizkibelek lehenbizikoz
Mendia
Herenegun Sagardo Eguna zuten Antxoko mendi taldekoek; mendi buelta egin eta gero sagardotegian izan ziren
olatz mitxelena
Eguraldiak ez zien gehiegi lagundu, baina primerako giroan pasatu zuten herenegun Jaizkibel Mendi Taldeko kideek antolatutako Sagardo Eguna. Urtero legez, mendi ibilaldia eta festa uztartu zituzten, herenegun, elkarteko bazkideen gozamenerako.
Berrogeita hamar lagun inguru bildu ziren, lehenbizi eskualdean barrena mendi buelta egiteko, eta ondoren, Ugaldetxoko Aristizabal sagardotegian bazkaltzeko.
Urteroko hitzordua pasatuta, datorren igandean berriro ere bilduko dira Jaizkibelgoak, oraingoan Gorbeara joateko. Mendi Turutarietatik egiten ari diren biraren baitako laugarren irteera izango da igandekoa. Antxotik 07:00etan irtengo dira, eta ordu laurden lehenago Errenteria-Oreretako Iztietako autobus geltokitik. Ibilaldiari Urigoitin ekingo diote, eta Gorbeara igo ondoren Barazarretik hartuko dute autobuserako bidea.
Interesatuek badute oraindik izena ematerik, gaur ala etzi, iluntzetan, elkartearen egoitzan.
Naturan jasotako erretratuak
Jaizkibelek prest du jada hil honen bukaerarako antolatu duen Mendi Astea. Hilaren 21etik 25era izango da, baina astearen atarirako, ekimen berri bat antolatu du Jaizkibelek aurten: Naturari Buruzko I. Argazki Lehiaketa Digitala.
Lehiaketarako izena ematen duten argazkilariek eta zaleek, hilaren 20an, igandearekin, Jaizkibelen barrena ibili beharko dute argazkiak egiten, horixe baita antolakuntzak ezarritako eremua; «Jaizkibel mendia Hondarribia eta Donibane artean». Horrez gain, Antxoko barrutian atera ahal izango dira erretratuak baita ere, «Antxo eta bere herritarrak» izenpean bilduko dituzten argazkietarako.
Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, sei argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, ondoren zehazten diren sailetarako: «Paisaia, fauna, flora, ura, zuhaitzak, eta Antxo eta bere herritarrak». Antolakuntzak hiru sari banatuko ditu, eta irabazleak bi lagunentzako bazkaria irabaziko du Donibaneko Camara jatetxean.
Astebeteko epea izena emateko
Argazki leihaketan izena eman nahi dutenek, hilaren 15era arteko epea dute, eta bi modutan gauzatu dezakete izen-ematea: ondoren zehazten diren bi telefono zenbakietara deituta -629 817 553 edota 669 651 095- edo posta eletroniko bidez, iijaizkibelmendi@euskalnet.netii helbidera idatzita. Izena emateko orduan, izena, abizena, adina, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoko helbidea adierazi behar dira.
egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
Euskal Herria vs Espainia kick-boxing txapelketa
OIARTZUN, - 2008-12-06
Musika
II Iurrita sesions`s
OIARTZUN, IURRITA ETXEA. (Ugaldetxoko futbol zelai ondoan) - 2008-12-06
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.