
Igoera Faserako sailkatu da Donibane-Majestik
Donibane
Uste baino errazago gainditu zuen herenegun Amenabar-Zarautz taldea, sasoiko lehen helburua betez
urko etxebeste
Denboraldiko lehen helburua bete du Donibane-Majestik eskubaloi taldeak: Bigarren Nazional Mailara igotzeko Igoera Fasea jokatzea. Herenegun derrigor irabazi behar zion Donibaneko kiroldegian Amenabar-Zarautz taldeari Igoera Fasera igarotzeko, eta lortu zuten; nola gainera. 31-24 gainditu zituzten arrosek zarauztarrak, partida hasieratik nagusitasun handia erakutsiz. Honenbestez, Lurraldeko Lehen Mailako sailkapenean bigarren sailkatu dira sanjuandarrak.
Defentsan sendo, eta erasoan, argi eta aukerak gol bihurtu. Hori izan zen David Toqueroren taldearen jokatzeko era igandeko partidan. Eskubaloiaren oinarria da hori, baina askotan, kantxan, zaila izaten da teoriak markagailuan isla izatea. Sasoiko partidarik garrantzitsuenean gauzak ondo, praktikotasunez egin zituzten Donibane-Majestik taldekoek, eta hasieratik aurretik jarri ziren markagailuan.
Atseden garaira iristerakoan, 14-10koa ikus zitekeen Donibaneko kiroldegiko markagailu elektronikoan. Lau goleko errentarekin, baina, Zarautzek bigarren zatian zer egingo zuen beldurrarekin joan ziren arrosak aldagelara.
Bigarren zati arraroa
Eta sanjuandarren usteak, egi bihurtu ziren bigarren zatia hasi eta berehala. Defentsa lerroa zeharo aurreratu zuten zarauztarrek, ia zelai osora zaintza lanak eginez. Gainera, askoz ere erasokorragoa izan zen kanpokoen defendatzeko modua. Horren ondorioz, Zarauzko hiru jokalari bi minutuz kalera bota zituen epaileak, hauen haserrea sortuz.
Dena dela, gehien jota lau golera hurbildu ziren Amenabar-Zarautzekoak (partida bukatzeko hamar minutura), eta David Toqueroren mutilek ez zuten aparteko arazorik izan gol aldea mantentzeko, eta handitzeko, azken 31-24a arte.
Sei talde Igoera Fasean
Ia atsedenik hartzeko aukerarik gabe, larunbatean, 19:00etatik aurrera hasiko du Donibane-Majestik-ek Bigarren Nazionalera igotzeko Igoera Fasea, Egiaren kontra, Donibaneko kiroldegian. Elkar ondo ezagutzen dute bi taldeek, Lurraldeko Lehen Mailan elkarrekin ari izan direlako lehian sasoi guztian zehar.
Larunbatean hasiko den fase berrian beste lau talde izango dituzte aurrez aurre sanjuandarrek: Arabatik El Pilar taldea; Bizkaiatik Erromo B eta Loiola Indautxu, eta Gipuzkoatik, Ormaiztegi. Gipuzkoako ordezkariez gain, Gasteizko El Pilar taldea izango da, printzipioz, kontrariorik zailena. Izan ere bi talde bizkaitarrak beren ligako hirugarren eta laugarren izan direlako; lehenak eta bigarrenak ezin izan dute Igoera Fasean parte hartu, arrazoi ezberdinengatik.
Bi talde gora
Sei taldeko Igoera Fasean, bi lehenak igoko dira Bigarren Nazionalera. Beraz, hain talde gutxiko liga izanik, puntu bakoitzak garrantzi handia izango du, baita partida bakoitzeko gol aldeak ere. Indartsu iritsi da hala ere Donibane-Majestik fase honetara.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
Enrike Abril Txapelketa
OIARTZUN, Madalensoroko pilotalekuan - 2008-09-07
Kirola
Itsas Mendiren X. Pala Txapelketa
PASAIA, Pasai Donibane - 2008-09-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.