
Udala: «Plan Bereziaren inguruan Aldundiak izan duen jarrera onartezina da»
Hirigintza
Pasaiako Portuko Plan Bereziaren tramitazioa udalen eskumena dela zehaztu du
lorea muguruza
Udalak adierazi du Pasaiako Portuko Plan Bereziaren tramitazioa udalei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailean ekindako urgentziazko tramitazioaren kontra errekurtsoa jartzea aztertuko duela datorren asteko osoko bilkuran: «Gai honen inguruan Foru Aldundiak izan duen jarrera onartezina da».
Pasaiako Portuko Plan Berezia portuko zerbitzu eremua ordenatzeko hirigintza tresna dela gogorarazi dute Haritz Salaberria alkateak eta Irati Aranburu Hirigintza zinegotziak: «Tresna horren bidez zehazten da portuko eremu bakoitzari zein erabilera emango zaion, zein zerbitzu jarriko den, baita zein jarduera mota egingo den zerbitzu eremu bakoitzean ere».
Salaberriak eta Aranburuk «Plan Berezia onartzea udalei» dagokiela azpimarratu dute eta Aldundiko Kontseiluak pasa den otsailean planari hasierako onarpena eman izana ez dute begi onez ikusi: «Erabaki hau tokiko administrazioen eskumenen aurkako eraso larria dela iritzita, datorren apirilaren 9ko osoko bilkuran erabaki honen aurkako errekurtsoa jartzeko erabakia hartu dugu, Plan Bereziaren tramitazioari hasiera ematearekin batera. Argi adierazi nahi dugu eskumena udalena dela eta eskumen hori erabili egingo dugula herriaren interesen arabera».
Atzo egindako Hirigintza Batzordean gaia udalbatzarrera eramatea erabaki zuten, EAJren abstentzioarekin eta Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Irati Aranbururen aldeko botoarekin .Gainerako alderdiak ez ziren agertu.
Otsailean Aldundiak bere kabuz Plan Berezia tramitatzeari ekin aurretik udalei planaren tramitazioari dagokionez, adostasun batera iristeko «epe bat eman» ziela adierazi dute: «Aldundiarekin izandako hartuemanetan udalok adierazi dugu denbora gehiago behar zela dokumentua behar bezala aztertzeko tramitazio lanak hasi aurretik». Hein berean, zehaztu nahi izan dute ez daudela portua birgaitzearen aurka, eta «une oro lanerako prest» agertu direla.
Irizpideak eta helburuak zehaztu dituzte
Udalak errekurtsoa jarriko duela zehazteaz gain, Lezoren eremuari dagozkion zazpi irizpide eta helburu adierazi dituzte Aranburuk eta Salaberriak: «Plan Bereziak ingurumen aldagaia kontuan hartu beharko du, eta beharrezko ingurumen azterlanak egingo dira, hirigintza arloan erabaki egokiak hartu ahal izateko, batez ere erabilerari dagokionez».
Bestetik, Lezoko lurretan dauden zentral termikoko «ikatz biltegiak termika ezabatu bezain laster desagertu behar» direla zehaztu dute. «Gainontzeko erabilerak ingurumenaren eraginaren azterketan zehazturiko neurri zuzentzaileak xedatzen dutena betez garatuko dira. Horrez gain, Lezoko eremuetarako aurreikusten diren biltegiratze erabilerak estali gabe burutzea espreski galaraziko dugu».
«Zamalanak portutik bideratuko dira»
Hein berean, Udalak nabarmendu du merkantzien zamaketa lanak portutik bideratzeko irizpidea ezarri nahi dutela, «udalerriko hirigunearen trafikoa oztopatu gabe».
Ildo beretik jarraituz, zamaketa lanak portutik bideratzeko, Altzateko biribilgunetik Donibanera saihesbide bat eraikitzea aurreikusten dute.
Bestalde, «Arrai-Toki eremua hiri erabileretara xedatzeko aukera aztertuko» dutela gaineratu dute.
«Garrantzia berezia du»
«Gaiak garrantzia berezia duela deritzogu, Lezoko eta eskualdeko kutsaduraren iturri nagusia baita», esan dute Salaberriak eta Aranburuk, eta gainontzeko alderdi politikoei erabakia babesteko eskatuko diela: «Uste dugu etorkizunean Lezoko herritarren osasuna eta bizi-kalitatea baldintzatuko duen erabakia izango dela».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.