
idoia aiestaran ð- Panta Rhei taldeko kidea
«Istorio oso imajinatiboa ikusiko duzue, aktiboa»
Kultura
Panta Rhei antzerki taldeak 'Txintxilipurdi Erregea' emanaldi berezia eskainiko du, gaur, 17:00etan, Gezala Auditoriumean
lorea muguruza
Gaur hasiko da Udalak antolatutako I. Txotxongilo Jardunaldia Panta Rhei antzerki taldearen eskutik. Hogei urtez ekinean ari den antzerki taldeak Txintxilipurdi Erregea emanaldi berezia eskainiko du, 17:00etatik aurrera, Gezala Auditoriumean. Ikuskizunaren nondik norakoak, eta taldearen istorioa Idoia Aiestaran (1961, Errenteria-Orereta) Panta Rhei taldeko kideak eman ditu.
Noiz sortu zenuten Panta Rhei taldea?
Urte asko pasatu dira taldea sortu genuenetik. Ni Errenteriatik Bilbora joan nintzen medikuntza ikastera, eta han antzerkia gustuko zuten Gasteizko lagun batzuekin elkartu nintzen. Orduan, iruditu zitzaigun antzerki talde bat sortu behar genuela, baina anbiziosoa, profesionalki hortaz bizitzen utziko ziguna. 1983. urtea zen hura eta Hordago Antzerki Taldea sortu genuen kooperatiba bezala. Baina urte latzak ziren eta ez zuen asko iraun. 1987an Hordago Antzerki taldetik beste lau talde sortu ziren eta horietako bat izan zen Panta Rhei. Grekeraz Dena dabil esan nahi du.
Errazak izan al ziren hasierako urteak?
Abentura handia izan zen, bi pertsona baikinen eta estilo berri bat sortu behar genuen. Hasieratik saiatu ginen panpinak erabiltzen aktoreen lanarekin batera. Txotxongiloak antzerkiaren osagarri dira, ez dira protagonista bakarrak. Ez genuen ohiko txotxongilo emanaldirik egin nahi: antzerkian dantza era naturalean egiten den bezala, txotxongiloekin ere berdina egin nahi genuen. Harrezkeroztik hamaika panpin egin ditugu teknika desberdinak erabiliaz.
'Txintxilipurdi Erregea' zer da zuentzat?
Urte guzti hauetan hamaika emanaldi eta obra ezberdin sortu ditugu eta errepertorio zabala dugu. Txintxilipurdi Erregea 1997. urtean estreinatu genuen, eta guretzako obra nagusienetako bat da. Formato txikian sortutakoa da, elkarreragilea da, eta oso ongi funtzionatzen du antzoki handietan, baita txikietan ere. Toki alternatiboetan ere oso ongi funtzionatu du. Esaterako, 2007. urtean Mexikon izan ginen eta arrakasta izugarria izan du han Txintxilipurdi Erregeak. Urtero esaten dugu noizbait erretiratu beharko dugula obra, baina sekula ez da iristen egun hori, eta gainera, harrera oso ona izaten jarraitzen du.
Beti haurrentzako emanaldiak egiten al dituzue?
Ez, saiatzen gara sarritan gurasoak ere inplikatzen obran. Baina zaila da. Haurrak behin eta berriz aldatzen doaz, handitzen doazen heinean beste antzerki mota batzuetara joaten hasten dira. Publiko heldua, berriz, berdinak dira, ez dira pertsona ezberdinak. Gainera, gazteak erakartzea zaila egiten zaigu. Hutsune hori bete behar dugu. Hamalau urtetik aurrerako gazteak ez dira etortzen emanaldietara. Beno, badaude beti antzerkira joateko aukera dutenak eta baita ohitura dutenak ere, baina gutxi batzuk dira. Hala ere, ez gara kexatuko, orain dela 25 urtetik gauzak asko aldatu direlako: azpiegitura egokiak daude, sustapen handia egiten da... Antzezle guztiok lan baldintza onak ditugu orain 25 urtekoekin konparatuta. Lehen antzerkia frontoietan egiten genuen, soinua eskasa zen eta imajinatu nola ibltzen ginen. Furgonetan soinu tresnak, iluminaziokoak, txotxongiloak eta gu sartu behar ginen. Gaur egun, antzokietara goazenean, ez dugu soinu tresnarik eraman behar, ezta iluminaziokorik ere.
Nola moldatzen edo sortzen dituzue obrak?
Guri istorioak kontatzea ikaragarri gustatzen zaigu. Kontatu nahi ditugun gaiak zehazten ditugu lehenengo. Familien inguruko errealitatea kontatzen diegu, maila ezberdinetako errealitatea, gainera: gizakiari buruz hitz egiten diegu, sentimenduei buruz, immigrazioaren inguruan, ezintasunak dituzten jendearen inguruan... Eguneroko gauzei buruz aritzen gara. Txikienei zuzentzen gatzaizkienean istorio batetik abiatuta jorratzen ditugu gaiak.
Zenbat pertsona aritzen zarete antzezten?
Sei pertsona gara beti taldean, baina badaude pertsona batzuk kolaborazioak egiten dituztenak obraren baitan. Adibidez, Lierni Fresnedok gurekin kolaboratu izan du, baina ez dira aktoreak izaten soilik obrak sortzen laguntzen digutenak. Betiko aktoreez gain, musikariak, eszenografian adituak, iluminazioan eta abarrean aritzen direnak ere laguntzen digute.
Zerbitzu pedagogikoak ere ematen dituzue, ezta?
Bai. Bi pertsona daude taldean, antzerkiaren munduan sartu aurretik magisteritza egin zutenak. Haien ezagutzarekin antzerkirako teknikak erabiliaz, haurrekin lanean aritzen gara. Hasieran tailerrak ziren soilik, baina orain eskoletara ere joaten gara, eta egonkorra den zerbitzu bat ematen dugu. Adibidez, azken urtetan oso interesgarriak izan diren ekimenak egin ditugu: down sindromea duten pertsonekin elkarlanean aritu gara, baita ezintasunak dituzten pertsonekin ere. Oso esperientzia aberasgarria izan da.
Gonbidatu itzazu herritarrak emanaldira.
Pertsonak antzokira berriro itzultzeko gogoz irtetea gustatuko litzaidake. Beti saiatzen gara horretan. Istorio oso imajinatiboa ikusiko duzue, aktiboa, ikusleek ere parte hartuko dutena. Beti izan dugu harrera ona txoko guztietan eta Lezon ere harrera berdina izatea gustatuko litzaiguke.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
Euskal Herria vs Espainia kick-boxing txapelketa
OIARTZUN, - 2008-12-06
Musika
Neguko kontzertua
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-12-06
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.