Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko abenduak 5, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Haurtzaron eta Elizalden konposta egiteko makinak jarriko ditu Udalak

Oiartzun

Oiartzun Ke?-k atez ateko hondakin bilketa martxan jartzeko eskatzen zuen mozioa aurrera atera zen EAE-ANVren botoekin

goiatz labandibar

Herenegungo ohiko udalbatzarrean jakinarazi zutenez, Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde eskolan konposta egiteko makina bana jarriko dute, «epe laburrean».

«Gizartea kontzientziako erabili nahi dugu hezkuntza», azaldu zuen Aitor Etxeberria alkateak. Herriko bi ikastetxeetan konpostarako makinak jarrita «herritarrek ikusi eta emaitza onak ematen dituela konposta egiteak demostratu» nahi dutela gehitu zuen Etxeberriak.

Eguneko, 40 kilo hondakin

Ikastetxe bakoitzak eguneko 40 bat kilo hondakin sortzen dituela kalkulatu dute.

Makinak jarrita, «hiri hondakinen kudeaketa egokiaren bidean pauso txiki bat» emango dela uste du Udalak, «baina ziurra».

Xanet Arozena OiartzunBai-ko (OB) zinegotziak «positibotzat» jo zuen neurria. «Denok ari gara ikasten birziklatzen eta hezkuntza oso garrantzitsua da bide horretan».

Mozioa, EAE-ANVren gain

Jakinarazpena Oiartzun Ke? talde ekologistak aurkeztutako mozioa aztertzen aritu ondoren egin zuen Etxeberriak.

Oiartzun Ke?-k Oiartzunen atez ateko bilketa martxan jartzeko eskatzen zuen mozio horren bidez.

EAE-ANVk bere gain hartu zuen mozioa eta aldeko botoa eman zuen. «Gu proposatzen ari garen kudeaketa ereduarekin bat egiten du mozioak», esan zuen Pavel Viñas zinegotziak, «Gipuzkoako instituzio gehienek defendatzen duten eredua baino iraunkorragoa eta egokiagoa iruditzen zaigu», gehitu zuen.

Honen harira, Oiartzungo Udala atez ateko bilketa egiteko «pausoak ematen hasia» dela esan zuten, «eta aurrerantzean pauso gehiago emango ditugu hiri hondakinen kudeaketan».

Oiartzunek «konpostatzeko toki propioa izateko ahalmena» ere baduela esan zuten udal ordezkariek.

Etxeberriak azpimarratu zuen «instituzioen arteko adostasun ahalik eta handiena egotea hondakinen kudeaketan zeinen garrantzitsua» den, Herrialde Katalanetako eredua jarraituz.

OB abstenitu egin zen

OBko zinegotziak abstenitu egin ziren. San Markos eta Debagoieneko mankomunitateek Herrialde Katalanetako esperientziaren «informeak esku artean» izan arte, eztabaidan ez zutela sartu nahi esan zuen Arozenak.

Hala ere, berriz eskatu zuten «San Markos ixteko eta Udalak Oiartzunen zabortegirik jartzen ez zuela utziko» gaineratu.

Errauste plantari buruzko eztabaida ere izan zuten. Viñasen ustez, «errauste planta eta birziklapena ez dira uztargarriak».

Kutxako ordezkariak

Gai zerrendaz kanpo, Kutxarekin zerikusia zuten bi gai ere jorratu zituzten. Batean, EAE-ANVren aldeko sei botorekin eta OBren abstentzioarekin, Juan Inazio Ansa izendatu zuten Udalaren kontseilari orokor, eta Idurre Bera ordezko.

Bestetik, Lezo, Bergara eta Usurbilekin, helegitea jartzea onartu zuten boto berekin, «2010 arte ez dagokigula laurok osatutako elkartearen kontseilari orokorrik esan du Kutxak, eta ez da legezkoa», aipatu zuten.

 

garraio publikoa, ugaldetxoko poligonoetara



Ugaldetxoko poligonoetara garraio publikoko zerbitzua jartzeko esperientzia pilotoa egingo dutela ere jakitera eman zuten herenegungo udalbatzarrean.

Oarsoaldea Garapen Agentzia, Errenteriako Udala eta Oiartzungoak sinatu dute, besteak beste, hitzarmena.

Urtebetean, goizetan, eguerdian eta arratsaldean autobus bana joango da Errenteria-Oreretatik Ugaldetxoko poligonora.

Egunero, 600 langile joaten dira Errenteria-Oreretatik Ugaldetxora.

Hitzarmena urtebetera berrituko dute. Oiartzungo Udalak garraio publiko zerbitzu hori herrian bertan izatea nahi luke, 400 oiartzuarrek lan egiten baitute Ugaldetxoko poligonoetan.

«Pauso txikia baina garrantzitsua da. Garraio publikoaren aldeko apustuak errealitatean zein eragin duen jakingo dugu».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

Liburu eta disko azoka
Lezo, Euskara eta Kultura Aretoan - 2008-12-02

Musika

Iurrita session
OIARTZUN, Iurritan - 2008-12-06

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa