
Urte eta erdiren ondotik, Euskal Herria plazan herriko txikienak ikus ahal izan dira beren gurasoekin batera; orain eraikitako lurpeko garajeak beren jabeei ematea besterik ez da falta.
Plaza, jada erabilgarri
lorea muguruza
Orain dela bi urteko urriaren 19an hasi zen Euskal Herria plaza protagonismo berezia hartzen herrian. Ordura arte Jaizkibel Azpi Herri Eskolako haurrak eskolatik atera bezain pronto plazan bertan izaten ziren jolasean, baita gainerako herriko txikiak ere. Aurtengo Aste Santutik aurrera, ordea, berriz ere erabilgarri dago, parkearen diseinuan, eta lanak aurrera eramaterako orduan izandako gorabeheren ondoren.
Gurutze Santuaren plaza berritu aurretik bertan ziren galtzadarriak berrerabili dituzte, parkean bertan ibilbide txiki bat egiteko. Haur jolas berriak ere jarri dituzte: armiarma sare antzekoa, kulunkak...
Horrez gain, haurrak jolasten duten bitartean gurasoak inguruan eserita egon daitezen eserleku ugari ere jarri dituzte, baita lau mahai handi ere. Plazaren izena gogorarazten duen oroitarria ere lekuz aldatu dute, baina plazan bertan izango da. Bi iturri jarri dituzte haurrak egarri direnean edan dezaten.
Hein berean, aurreko korporazioak aurreikusitako kioskoaren zorua eraitsi egin zuen korporazio berriak, herritarrekin eta musikariekin hitz egin ondoren.
Urriko egun hura
2006ko urriaren 19 hartan, ordea, orube horretan Udalak egin nahi zituen lurpeko garajeen lanak oztopatu zituzten goizean goiz, haurrak eskolara joan aurretik. Haurrak eskolara zeramatzaten zenbait guraso plazan zirela, Ertzaintza iritsi, eta haietako bi atxilotu zituen, beste bat plaza erdian zegoen zuhaitzera igo zelarik.
Egun guztian protestan zuhaitz gainean izan ondoren, hurrengo egun, aste eta hilabeteetan hamaika protesta egin zituzten herritarrek. Plazako lanak eteteko eskatuz sinadura bilketa ere egin zuten eta Bake Epaitegian aurkeztu, baina ez zituzten onartu.
Gurasoak gustura daude
Euskal Herria parkeko obrak hasi zirenean, guraso askok beste leku batera joan behar izan zuten arratsaldetan haurrekin egotera. Lopeneko plazan, Lope Isastikoa plazan, Kaialdeko plazan eta Sagardiandia plazan ikus zitekeen haur kopuru gehien. Hala ere, haur gehien Karlos Saldise plazan izaten zen.
Orain, berriz, Euskal Herria plaza ireki dutenez jendetza ikus daiteke berriro. «Astelehenean etorri ginen lehenengo aldiz eta asko gustatzen zait; kulunka asko dago eta jolas asko. Aurrekoa bezain beste gustatzen zait hau», diote arratsaldea bertan pasatzen duten haurrek.
Dena den, oraindik ere plazari zenbait xehetasun falta zaizkiola adierazi dute. Esaterako, plazaren bazterrak atonduko dituzten karraskilo, belar eta zenbait zuhaitz jartzea falta dira.
«Nahiko txukun dago plaza. Hala ere, oraindik plazan itzala egiten duten zuhaitzak falta dira. Orain arratsaldean eguzkiak ez du bete-betean jotzen, baina eguerditan eguzkia goian denean hemen bero asko egin dezake», azaldu du Irune Mikeok bere alaba Euskal Herria plazara daraman guraso batek.
Luisa Nevesek, berriz, «haurrentzako jolas gehiago» jarriko lituzkeela adierazi du.
kronologia
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Neguko kontzertua
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-12-06
Musika
Iurrita session
OIARTZUN, Iurritan - 2008-12-06
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.