
xabier perez herrero ð- ELAko eskualdeko ordezkaria
«Sortzen ari den enpleguaren kalitateak kezkatzen gaitu gehien»
Gizartea
ELA sindikatuak Oarso-Bidasoan duen ordezkaria da Xabier Perez Herrero; kargua hartu berri du, aurretik ardura berean aritua den arren
olatz mitxelena
ELAk Errenteria-Oreretan duen egoitzan izan da elkarrizketa Xabier Perez Herrerorekin (Irun, 1953). Bi dei jaso ditu galderak erantzuten ari zela; Maiatzaren 1ari buruzkoa lehena, eta heriotzak eragin dituzten azken bi lan istripuei buruzkoa bigarrena. Bere egunerokoaren isla dira deiak.
Eskualdeko arduran estreinatu berri zara, baina bigarren aldiz. Sindikalgintzaren ikuspegitik nolako eskualdea da gurea?
Egoera ez da gainontzeko eskualdekiko oso desberdina. Hala ere, egia da hemen euskal sindikatuek duten gehiengoa beste hainbat tokietan baina handiagoa dela. ELAk ordezkaritzaren %48,80 du eskualdean eta LABek %26,26. Biek batera ordezkaritzaren %70a baino gehiago dute. Eskualdearen izaera abertzalearen isla dira datuak.
Eta enpleguaren ikuspegitik, nolako egoera bizi du eskualdeak?
Langabezia hemen beste eskualdetan baino zertxobait altuagoa da, baina ez da handia. Langabeen kopurua onargarria dela esan genezake, baina arazoa bestelakoa da. Sortzen ari den enpleguaren kalitateak kezkatzen gaitu gehien.
Zergatik diozu hori?
Etorkinen eskulana oso baldintza prekarioetan erabiltzen ari da azkenaldian. Industriagunetan kanpoko langileak gero eta gehiago dira, eta gehienak baldintza oso txarretan bizi eta lan egiten dute. Honek guztiak lan baldintzen okertzea dakar. Gu, esaterako, Lezoko Rubitec enpresan grebaren jarraipena egiten ari gara, eta esan dezakegu, kasu zehatz horretan etorkinen egoera oso larria dela.
Eskualdean, bestelako zein lan gatazketan ari zarete?
Oiartzungo Guifarcon, esaterako, akordio lortua genuen, eta orain enpresak atzera egin du. Akordioa berreskuratzeko lanean ari gara. Errenteriako TAOko langileekin ari gara baita ere. Azpikontrata batek kudeatzen du zerbitzua, eta langileen egoera udal langileek dutenarekin homologatu nahi dugu.
Zeintzuk dira ELAren lehentasunak eskualdean?
Lan itunak hobetzen joatea da gure erronka. Sektorialki ezin badugu lortu, lantegiz lantegi arituko gara, tokian tokiko hitzarmenak lortzeko eta langileen lan baldintzak duintzen joateko.
Eraikuntzaren sektoreari kezkaz begiratu behar zaiola uste duzu?
Bai. Eraikuntza, espekulazioa tarteko, benetako beharren gainetik hazi da azken urtetan. Adituak aspalditik ari ziren ohartarazten egoeraren arriskuaz eta azkenean gertatu behar zena gertatu da. Krisialdia hasi besterik ez da egin. Horregatik uste dugu Eusko Jaurlaritzak erabakitasunez heldu beharko liokeela gaiari, eta etxebizitza soziala eta alokairuzkoa bultzatu beharko lukeela, eraikuntzaren sektorearen krisialdia arintzeko modu bat ere izan daitekeelako.
Eraikuntzan ari diren langileak zer espero dezakete?
Soldaten murrizketa, espediente erregulatzaileak... hau da, betikoa.
Atzo [herenegun] beste bi lagun hil ziren lan istripuan. Zer egin daiteke arazoa konpontzeko?
Arazoa estrukturala da, eta, hala den heinean arindu besterik ezin da egin. Gainera, ez dago konponbiderako borondate politikorik. Gu oso kritikoak gara Osalanekin, besteak beste, datuak manipulatzen dituztelako. Argi dago lan istripuen gaia ez dela Jaurlaritzaren lehentasuna, Osalanen inbertitzen dituzten 16,5 milioiak ez direlako inolaz ere nahikoak. Sindikatuek lagundu dezakegu egoera arintzen, baina arazoak, argi eta garbi, gainditu egiten gaitu.
ELA eta LABen arteko harremanak nola daude une honetan?
Ez bere unerik onenean. Egia da gure herriarekiko garrantzitsuak diren gai askotan bat gatozela, baina ez beste hainbatetan. Edonola ere, sindikatu abertzaleen arteko disfuntzioak gainditzen joatea da gure asmoa, eta akordioetara iritsi ahal izatea, lan arlotik hasita politika kontuetaraino. Gu, ordea, ez gatoz bat borroka armatuarekin, eta une hauetan horrek zaila egiten du akordioetara iritsi ahal izatea. Edonola ere, ELArentzako batasun sindikalak kontu estrategikoa izaten jarraituko du, gure herriarekiko dugun proiektuaren baitan kokatzen dugulako.
Eta gainontzeko sindikatuekin?
UGT eta CCOO sindikatuekin dagoen aldea estatu kontua da ia. Estatutik bizi diren sindikatuak dira, eta ez diote sekula kosk egingo jaten ematen dien eskuari. Horrez gain, edozein irtenbide soberanistaren etsai diren heinean, elkarlana ezinezkoa da ia, lantegiz lantegi lortu daitezkeen akordioetatik haratago behintzat.
Maiatzaren Lehena bidearen bueltan dugu. Zein mezu zabalduko du ELAk aurten?
Euskal Herria sozialaren alde langileak martxan. Horixe da hautatu dugun leloa. Eskualdeko manifestazioak egingo ditugu, eta baita ekitaldi nazionala ere, Bilbon. Guretzako borroka eguna izango da. Greban dauden langileak kalera irtengo dira, eta Eusko Jaurlaritzari patronalaren sukurtsal hutsa dela esango diogu beste behin.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.