
Asier Urbieta oreretarrak eta Andoni De Carlos donostiarrak 'Pin, pan, pun' film laburra grabatu zuten astelehenean Donostiako Alde Zaharrean. Emozioz eta tentsioz beteriko hamabi orduko grabazioa izan zen.
'Pin, pan, pun'
jon gonzalo
Astelehena, goizeko 08:00ak, Donostiako Alde Zaharra. Ohiko mugimendua kalean: tabernariak gosariak banatzen, garbitzaileak kalea garbitzen, bulegariak lanera bidean... Film labur bat grabatzeko ez da eskenatoki aproposena. Asier Urbieta oreretarrak eta Andoni De Carlos donostiarrak, ordea, arriskua maite dute. Hainbat film labur arrakastaz zuzendu dituzte, eta erronka berriak ez ditu izutzen.
Pin, pan , pun film laburra grabatzeko 80 lagun elkartu dituzte: aktoreak, zuzendari laguntzaileak, produkzioko langileak, atrezzoko arduradunak, soinu eta argi teknikariak... Lantalde guztia zuzentzea ez da erraza, baina gogotsu hasi dira. Emozioz eta tentsioz beteriko hamabi ordu dituzte aurretik.
Filmaren sinopsia
Pin, pan pun film laburrak haur baten istorioa kontatzen du. Euskal Herrian haur batek baino gehiagok bizi izan duen istorioa. «Manifestazioetara Ertzaintzak botatako gomazko piloten bila joaten den haur baten istorioa kontatu nahi dugu. Haurrek errealitatea gainditzeko duten gaitasuna asko interetsatzen zaigu. Edozein egoera jolas bihurtzeko gai dira, eta horixe islatu nahi dugu filmean», azpimarratu du Andoni De Carlosek.
Berak idatzi du film laburraren gidoia, eta Asier Urbietak zuzendaritzan lagunduko dio. Elkarlanean arituko dira, ez baita erraza grabatu nahi duten guztia: manifestariak, Ertzaintzaren kargak, haurren korrika saioak...
Hori guztia, etenik gabeko hiru minutuko plano batean. «Etenik gabeko hain plano luzea egitea oso zaila da, baina istorioa kontatzeko modurik onena dela uste dugu. Errealismo handiko irudiak lortzea da gure helburua», azaldu du Asier Urbietak.
Besterik gabe, lanean hasi dira. Lehenik eta behin, zazpi orduko entseguak. Ondoren ia bost orduko grabazioa. Etenik gabeko hiru minutuko planoa grabatzeak lan handia eman die. Ezustekoak bata bestearen atzetik: planoaren erdian sartzen den jendea, anbulantzia baten klaxona, bat-bateko eurijasa... Ez da erraza izan, baina hamabosgarrenean ontzat eman dute filmaturiko guztia.
Ilunabarreko 20:00ak dira. Ondo atera da filmaketa, eta bi zuzendariek lan taldea zoriondu dute: «Jendearen inplikazioa oso handia izan da, eta horrek lana asko erraztu du. Nik uste nahikoa ondo atera dela», azpimarratu du Urbietak.
Ondo egindako lanaren
konfirmazioa
Hurrengo egunean, Urbietaren aurreikuspena bete-betean konfirmatu da. Bi zuzendariak grabaturiko irudiak ikusteko gelditu dira, Andres Casaseca zuzendari laguntzailearekin batera. Egindako lanarekin harro daude: «Grabaturiko hamabost tometatik lau ondo daudela uste dut. Nik uste lan txukuna egin dugula», adierazi du De Carlosek.
«Bai, oso ondo dago», erantzun dio Urbietak, «Nicolaren antzezpena, batez ere, asko gustatzen zait». Nicola Zalduegi aktoreari buruz ari da. Zalduegik gomazko pilotak jasotzen dituen haurraren rola bete du filmean, eta zuzendariak oso gustura daude egin duen lanarekin: «Haur hau oso azkarra da, beti asmatzen du non eta nola jarri, etorkizun handia du», gaineratu du Casasecak.
Filmaren inguruko gainontzeko xehetasunei buruz ere luze hitz egin dute, eta lan taldeak erakutsi duen lanerako grinarekin harrituta azaldu dira: «Goi mailako profesionalek hartu dute parte filmean, eta inork ez du zentimorik kobratu. Proiektua gustuko zutelako lagundu digute, eta horrek ilusio handia ematen digu», onartu du Urbietak.
Postprodukzio lanak gelditzen zaizkie orain. Produktora batekin harremanetan jarri , eta filmeko soinua berriro grabatu beharko dute. Zailtasunak gainditzeko ilusiorik ez zaie falta, ordea. Hilabete gutxi barru, zinema jaialdietara bidaliko dute filma, eta ziur aski sari bat baino gehiago irabaziko dute. Ez litzateko lehenengo aldia izango. Ezta azkenekoa ere.
Etorkizun handiko zinemagileak
J. gonzalo
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
BEC-eko ekitaldirako izen-ematea
OIARTZUN, Haurtzaro Ikastolan, Intxixu AEKn eta Garmendi txokolategian - 2008-11-28
Musika
II Iurrita sesions`s
OIARTZUN, IURRITA ETXEA. (Ugaldetxoko futbol zelai ondoan) - 2008-12-06
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.