Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko abenduak 5, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Oskorrik eta Errenteriako Bandak kontzertua emango dute, etzi, kiroldegian

Kultura

'Oskorri Banda Band' diskoko kantak joko dituzte kontzertuan; 19:00etan hasiko da eta sarrerak 10 euro balio du

jon gonzalo

Oskorrik eta Errenteriako Musika Bandak kontzertua emango dute etzi, Galtzarabordako udal kiroldegian. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da emanaldia, eta antolatzaileek 850 sarrera jarri dituzte salgai. Gaur, bihar eta etzi Errenteria Hiria kulturgunean eta kiroldegian bertan eskuratu ahal izango dira, 10 euroren truke.

«Oskorri Banda Band diskoko kantak joko ditugu kontzertuan. Elkarrekin entseatu ditugu, eta oso ondo atera dira. Oskorriren ohiko kontzertu baten antza izango du, baina bandarekin batera jotzeak beste kutsu bat emango dio», azpimarratu zuen atzoko agerraldian Josu Mitxelena Errenteriako Musika Bandako kideak.



Ekimenaren jatorria

Oskorri taldeak 35 urte bete zituenean, Bilboko Bandarekin batera kontzertu bat emateko proposamena jaso zuen, eta proposamen horretatik jaio zen Oskorri Banda Band diskoa. Oskorrik eta Bilboko Bandak hiru kontzertu eman zituzten Arriaga antzokian, eta zuzeneko grabazio horiek osatzen dute aipaturiko diskoa.

Oskorriko kideak gustura gelditu ziren esperientziarekin, eta Euskal Herriko beste bandekin kontzertuak ematen jarraitzea bururatu zitzaien. Irungo Bandarekin eman zuten kontzertu horietan lehena, eta Errenteriako Bandarekin emango dute bigarrena. Andoaingo Bandarekin ere beste kontzertu bat hitzartuta dute.



Bandarentzat garrantsitsua

Oskorrik luzatu zion Errenteriako Musika Bandari elkarrekin kontzertua emateko proposamena, eta aukera ondo baliatzea espero dute Bandako arduradunek: «Bandak ematen dituen ohiko kontzertuekin ez dauka zerikusirik, eta horregatik oso garrantzitsua da guretzat. Beste formato bateko kontzertua emango dugu, eta maila ona ematea», azpimarratu zuen Josu Mitxelenak.

Halaber, «argi eta garbi» utzi nahi izan zuen igandeko kontzertua adin eta mota guztietako jendearentzat aproposa dela. Horiek horrela, kontzertura joateko deia egin zien herriko musikazale guztiei.

 

kontzertuko abestien zerrenda



Emazurtz. Gabriel Arestiren oroimenez diskokoa (1976).

Forjarien kanta. Oskorri diskokoa (1979).Furra, furra. Plazarik Plaza diskokoa (1980).

Gu gaituzu Oskorri. Adio Kattalina diskokoa (1982).

Aita gurea. Hau hermosurie diskokoa (1984).

Arin bero. In fraganti diskokoa (1986).

Negu minean. Datorrena datorrela diskokoa (1989).Argi Oilarrak; Adios, ene esposa. Biak ala biak Ura diskoko kantak dira (2000).

Bizkaipourri. Vizcayatik... Bizkaiara diskokoa (2001).

Ezin erran nizun hitzez, Gerrandantza bakerako; Desertore batendako burkoa; Lamikizko sukaldaria. Lau hauek Desertore diskoko kantak dira (2003).



 

Astearteko entsegu arrakastatsua



Igandeko kontzertua prestatzeko entsegua egin zuten joan den asteartean Oskorrik eta Errenteriako Musika Bandak. «Oso entsegu polita izan zen. Hasieratik konturatu ginen bi taldeen arteko ulermena oso handia zela, eta elkarrekin lan egiteko balio genuela», azaldu du Jose Mitxelena Errenteriako Musika Bandako kideak.

Oskorri Banda Band diskoko abestiak jo zituzten entseguan, eta igandean kontzertu «ona» emateko moduan daudela konturatu ziren: «Iganderako kontzertura ondo prestatuta joango gara, eta nik uste dut dena ondo aterako dela. Kontzertu polita izango da», azpimarratu zuen Mitxelenak. Oskorriko taldekideen jarrera eta izateko era ere goraipatu du Mitxelenak: «Entsegu guztian zehar apaltasun eta umiltasun handia erakutsi zuten. Jende normala eta jatorra dela ikusi genuen hasieratik, eta horrek elkarrekin lan egiteko gogoa piztu zigun. Elkarlan eta ulermen hori igandeko kontzertuan atzematea espero dugu».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa