
Aldundiak Plan Bereziaren tramiteak hasteagatik helegitea jarriko dute
Udala
Portuaren inguruko Aldundiaren tramitazioari alegazioak aurkeztuko dizkietela ere onartu zuten
lorea muguruza
Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako Portuko Plan Berezia tramitatzen hastegatik helegitea tartekatzea onartu zuten herenegun egindako udalbatzarrean Udaleko ordezkari guztiek, Ezker Batua-Berdeak alderdiak izan ezik, abstenitu egin baitzen. Aipatutako helegitea Pasaiako Portuko Plan berezia tramitatzeko eskumena udalei dagokielako jarriko dutela zehaztu zuten.
Aldundiak hartutako erabakiaren aurrean helegitea tartekatzeaz gain, Kepa Garbizu EAJko zinegotziak egindako proposamena ere onartu zuten: «Argi dago eskumenen kontua kontentziosoak erabakiko duela, eta hori argitzea positiboa dela. Baina Aldundiak aurrera darama proiektua, eta tramiteei alegazioak aurkeztea ez litzateke txarra izango».
Hein berean, PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotziak zehaztu zuen, bere alderdiaren asmoa «alde guztiekin adostasun batera iristea» dela, nahiz eta helegitea aurkeztearekin bat etorri.
Ikusleen eserlekuetan zegoen Luis Garrido Aralar alderdiko ordezkariak ere, Aldundiaren erabakiaren aurrean onartutako puntuarekin ados zegoela adierazteaz gain, kezka bat plazaratu zuen: «Pasaiako Portuko Plan Bereziaren inguruko albisteak komunikabideetan atera dira, baina herritarrek ez dakite zer den, ez dute informazio nahikorik. Informazio gehiago bideratu beharko litzaieke».
Dena den, Udalak Portuko Plan Berezia tramitatzen hasteko proposamenak ez zuen horrenbesteko babesa lortu, izan ere, PSE-EE, EAJ eta Ezker Batua abstenitu egin baitziren, EAE-ANV udal taldeko ordezkari guztiek alde egin zuten bitartean.
EAE-ANV udal taldeak Plan Bereziak izan beharko lituzkeen zenbait irizpide zehaztu zituen: ingurumen aldagaia kontuan hartu behar zuela, zentral termikoa erabilera ezin onartukotzat jotzea, biltegiratze erabilerak estali gabe egitea galeraztea, zamaketa lanak portutik bideratzea, Altzateko biribilgunetik Donibaneko sarrerara saihesbide bat egitea eta Arrai-Toki hiri erabilerarako xedatzea.
EAJ alderdia ados agertu zen arren, epaileen sententziaren ondoren egin beharreko zerbait zela zehaztu zuen. PSE-EE, berriz, «tramitazioa hastea bideragarria ez» zuenez ikusten, abstenitu egin zen.
Adin txikikoen zentroa, «kaltegarritzat» izendatua
Azken urtetan zer esana sortzen ari den Altamira auzoan zabaldu nahi zen adin txikikoen harrera zentroa «egintza kaltegarritzat» izendatu zuten, EAE-ANVren aldeko botoarekin eta gainerako ordezkari guztien kontrakoarekin. «Kaltegarritzat izendatzeko ez da txostenik aurkeztu. Zein da zentroa irekitzeak dakarren kaltea? Egia da komertzio beharra dagoela auzoan, baina lokal gehiago badago han. Penagarria da adin txikikoak bertatik botatzea», adierazi zuen Garbizuk. Ezker Batua-Berdeko Roberto Sanchezek, berriz, «zentroa egiteko leku egokia den eztabaida» daitekeela esan zuen, «baina ez zentroa egitea». «Zentroa irekitzeko prozesua jada martxan zegoen. Ezin dugu bide hori blokeatu, onura soziala dakarrelako. Ezin da onartu adin txikikoen zentroaren kontra egiterik».
107 poligonoko partzelaren salmenta ere, «kaltegarri»
Aurreko korporazioak 107 poligonoan dagoen 2-A partzela saldu zuen, eta orube haren balorazioa «baxua» izan zela zehaztu zuen Irati Aranburu Hirigintza zinegotziak aipatutako salmenta «kaltegarritzat» izendatzeko proposamena aurkeztu zuenean. Aranburuk nabarmendu zuen udal arkitektoari eskatu ziotela berriz ere orube horren balorazioa egiteko, baita hirugarren enpresa bati ere, eta haiek saldutako prezioa baino diru kopuru handiagoan baloratu zutela.
Azalpena eman ondoren, udal idazkariak adierazi zuen salmenta hori «kaltegarritzat» izendatzeko epaile batek esan behar duela. Jarraian, EAJko Garbizu zinegotziak hartu zuen hitza: «Salmenta ez zen kaltegarria izan, herriaren ondasunak ez baitira diruzkoak bakarrik. Enpresa asko Errenteriara joaten ari ziren, eta hori saihesteko hartu zen erabaki hori. Guretzat onuragarria zen erabakia». Aranburuk erantzun zion, Garbizuk esaten zuenarekin ados egon zitezkeela, baina «Udalak dirua galdu» duela berretsi zuen.
Aitor Mimendiak ikusleen eserlekuetatik alkateari galdetu zion, «beste edozein proiektuk %10eko desaprobetxamendua izango balu, jarrera berdina izango» ote zuen, eta Haritz Salaberriak erantzun zion «argi» zuela zeinen interesa babesten zuen, eta «gaizki egina» ez zuela babestuko.
Proposamenak EAE-ANV udal taldeko ordezkarien aldeko botoa jaso zuen; Ezker Batua-Berdeak abstenitu egin zen, EAJk eta PSE-EEk, ordea, kontrako botoa eman zuten.
Desadostasuna nagusitu da mozioetan
Udala
ETAk egindako azken hilketa eta komunikatuaren inguruko mozioek hautsak harrotu zituzten
l. muguruza
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
jaiak
Dantzaldia eta txokolate jatea
Lezo, Euskal Herria plazan (eguraldi txarra eginez gero, Bekoerrota kiroldegian) - 2008-12-05
Kirola
Euskal Herria vs Espainia kick-boxing txapelketa
OIARTZUN, - 2008-12-06
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.