
Udal lokalen erabilerarako araudia lantzen ari da Pasaiako Udala
Zerbitzuak
Gobernu taldeak gainontzeko alderdiei eta herriko eragileei araudiaren zirriborroa aurkeztu die
urko etxebeste
Pasaiako Udalak abian jarri du udal lokalen erapilpenerako araudi berria ezartzeko prozedura. Araudi horren helburua utzitako udal ondasunen egoera antolatzea da batetik, eta lagapen hartzaileei segurtasun juridikoa bermatzeko aukera ere baliatuko da araudi berriarekin. Eskubide hauek eta erabiltzaileen betebeharrak idatziz jasoko dira horrela. «Arlo zehatz asko», esan dute Pasaiako Udaletik, «ohituretan oinarritzen dira, hein handi batean, indarrean dagoen ordenantzak ez dituelako arautzen».
Udalaren asmoa da egun lokal horiek erabiltzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarte eta eragile guztiei lokalak uzten jarraitzea. Baina ezarri nahi den araudi berriaren oinarrietan esaten den bezala, «kontuan izan behar da Udalaren jabetzako higiezinak (lokalak) mugatuak direla». Lagapenak egiterako garaian Udalak «arduraz jokatu» behar duela argudiatu du, «erabilera efektiboa saritu, eta gutxi erabiltzea saihestuz».
Gutxi erabiltzen diren lokal horien kasuan, Udalak elkarte edo eragile horri erabilerarako ematen dion aukera jardueraren errealitatera egokituko da, eta beste elkarte batzuekin partekatzera behartuko dira. Azken bide bezala, kontratua deuseztatzeko aukera ez du baztertuko Udalak.
Erabiltzaile ezberdinak
Udal lokalen erabilera egiten duten herritar, elkarte edo eragileak hiru motakoak dira. Batetik, lokal jakin bat elkarte edo eragile jakin batek erabiltzen den kasua dago. Bestalde, udal lokal partekatuak daude, hau da, areto bera elkarte edo eragile ezberdinek iraunkorki erabitzen dituzten aretoak. Hirugarren tipologian ekimen zehatz bat egiteko egiten den lokalen eskaeren kasua dago.
Pasaiako Udaleko Kultur, Kirol eta Euskara zinegotzi Ander Pozaren esanetan, Pasaiako elkarteek udal lokalak «noiz, zertarako eta zenbatetan erabiltzen dituzten jakiteko tresna izango da ere erabilera araudi berria. Horrek, herriko eragileei nahiz herritarrei zerbitzu hobea emateko aukera emango du».
Aldi berean, udal lokalen erabilera araudi berriaren lanketa Pasaiako elkarte eta eragileen zerrenda eguneratzeko, eta hauek aurrera eramaten dituzten jardueren berri jakiteko tresna izan daitekeela iragarri du Ander Pozak. «Horrela», esan du, «Udalean Pasaiako gizarte eta kultur errealitatearen argazki orokorragoa eta zehatzagoa izateko aukera dugu zalantzarik gabe».
Hasi dira hartu-emanak
Gobernu taldeak hasi ditu dagoeneko araudi berria ezagutarazteko urratsak. Hala, herenegun gainontzeko alderdi politikoetako ordezkariei aurkeztu zizkieten araudi berriaren zirriborroaren xehetasunak. 15 eguneko epea izango dute alderdiek zirriborro horri ekarpenak egiteko eta aldaketak aurkezteko.
Era berean, atzo arratsean Udaleko ordezkariek eta Pasaiako eragileek bilera informatiboa egin zuten Trintxerpeko Alkateordetzan, araudiaren hartzaile izango direnei zuzeneko informazioa emateko. Pasaiako 60 eragiletik gora deituak izan ziren bilkurara, eta hauek ere ekarpenak eta aldaketak egiteko aukera izango dute.
Irailerako, martxan
Alderdi politikoek zein herriko eragileek egindako eta onartutako ekarpenekin, behin betiko araudia osatuko da, udalbatzarrean onartua izan dadin. Hasierako onarpen hau eta gero 30 eguneko epea dago araudiari alegazioak aurkezteko.
Ander Pozak jakinarazi duenez, behin aurreko urrats guztiak beteta, «irailean, ikasturte berriaren hasierarekin nahiko genuke indarrean jarri araudia, elkarte eta eragileekin kontratuak sinatuz».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
Liburu eta disko azoka
Lezo, Euskara eta Kultura Aretoan - 2008-12-02
Kirola
Euskal Herria vs Espainia kick-boxing txapelketa
OIARTZUN, - 2008-12-06
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.