
gorka zulaika ð- AAB eta Askatasuna auzian auzipetua
«Zigorgabetasunari leihoak zabalik utzi nahi dizkiote»
Politika
Hilaren 21ean AABren eta Askatasunaren kontrako epaiketa hasiko da Madrilen, eta epaituen artean Gorka Zulaika antxotarra dago
urko etxebeste
Hilaren 21etik hasita, astelehen, astearte eta asteazkenero, goizez eta arratsaldez, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako (AAB), Askatasunako eta Etxerat-eko 27 kide epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horien artean Gorka Zulaika (Antxo, 1962) dago. «Haraino hainbeste egunetan joatea, zigor pertsonala da ere bai», esan du. 10 urteko espetxe zigorra eskatu dute auzipetuen kontra.
Zein irakurketa orokor egiten duzue hilaren 21ean hasiko den zuen kontrako epaiketari buruz?
Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik estrategia bat dago, Euskal Herria marko zehatz batekin menperatzeko estrategia, alegia. Beraiek ederki dakite marko horren aldaketaren motorra ezker abertzalea dela. Orduan, ezker abertzalearen kontrako kriminalizazio saioak gero eta nabarmenagoak dira, eta epaiketa hau, izan direnak, eta izango direnak, hortan kokatu behar ditugu. Eta tartean, Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasuna zein Etxerat-en kriminalizazio saiakerak daude. Izan ere, Aministiaren Aldeko Mugimenduak egin duen lana estatuek ez dute barkatzen, deserosoak gara haientzat, eta zigorgabetasunari leihoak erabat zabalik utzi nahi dizkiete. Errepresio mailan benetako egia zein den ezkutatu nahi dute.
«Gu guztiok epaitzera doaz», esan duzue, azken egunotan publikoki. Zer esan nahi duzue horrekin?
Ez doaz gu epaitzera bakarrik, 27 pertsona. Estatuen estrategian errepresioa oso zutabe handia da, eta errepresioak, errepresaliatuak sortzen ditu: torturatuak, iheslariak, presoak... Errepresaliatu horien alde herri honetan sortu den elkartasuna da epaitu nahi dutena, hau da, gizarteak, adibidez, presoen sakabanaketaren kontra agertu izana epaitu nahi dute, edo tortura salatu izana... Lan politiko bat auzipetu dute, finean.
'18/98 auzia' duzue aurrekaritzat makro-epaikera hauetan...
Erabaki politikoa hartua daukate ezker abertzalea kriminalizatzeko. Ezker abertzalea desagertarazi nahi dute. Eta epaiketa hauek bide horretan kokatu behar dira. Horregatik, oso agerian geratzen da Euskal Herrian ez daudela eskubide guztiak bermatuak, are gutxiago ezker abertzalearentzako.
Zer irudikatu nahi duzue epaiketa berarekin?
Guk azken hamarkadetan lan politikoa egin dugu. Euskal Herrian errepresioak eragindako behar politiko batzuk zeudelako sortu zen Amnistiaren Aldeko Mugimendua, eta gaur egun, behar horiek are handiagoak dira. Irudikatu nahi duguna da behar politiko batzuk daudela, eta gabezi horien iturburua estatuen basakeria dela, Euskal Herria suntsitzeko bidean. Gure asmoa da berriz ere gure jardun politikoaren helburua zein den gizarteratzea, eta azken 30 urte hauetako estatuen basakeria azalera ekartzea. Guk, estatuak epaitu nahi ditugu.
Jakinarazi duzue Amnistiaren Aldeko Mugimendua beharrezkoa dela. Zergatik?
Euskal gizarteak aspalditik erabaki politiko bat hartua dauka: errepresaliatuak dauden bitartean borrokan jarraitu behar dela. Espetxean euskal herritar asko dago, baina Euskal Herria bera ere espetxean dago, konstituzioaren espetxean. Horrek salbuespen egoera bat sortu du, eta borrokatzea eta antolatzea gero eta beharrezkoagoa da. Estatuen zigorgabetasuna eta estatuen laguntzaileen aurpegiak zeintzuk diren gizarteratzea ezinbestekoa da, herrietan lan dinamikak areagotuz.
apirilaren 25a, «amnistiaren aldeko konpromisoa adierazteko eguna»
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.