Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko abenduak 5, Ostirala

Harpidetu zaitez!

jokin uria ð- Realeko jokalari ohia

«Jendeak nahi du taldeak ongi jokatzea»

Lezo

Reala utzi eta hamar urte geroago Futbol Indoor Txapelketan parte hartzen ari da Jokin Uria lezoarra, Realeko beste hainbat jokalari ohirekin batera

lorea muguruza



Aspaldian ez da ikusi Jokin Uria (Lezo, 1965) herriko kaleetan barrena. Oiartzunen bizi da Realeko jokalari ohia. Hitz gutxiko gizona da Uria, eta apaltasunez erantzun ditu elkarrizketako galderak, jokalari izan zeneko garaia aspaldi igaro izan balitz bezala.

Zenbat urte egin zenituen Realean jokatzen?

Ni Realean hamaika urtez aritu nintzen jokatzen. Hala ere, aurretik Sansen jokatu nuen hiru urtez. Baina, erretiratu aurretik, Eibarrera joan nintzen urtebetez jokatzera. Hori izan da nire futboleko karrera. Orain Realeko beteranoekin ari naiz. Beti deitzen digute, ekimenen baten alde dirua ateratzeko. Orain, Futbol Indoor Txapelketan ari gara lehian.

Zenbat urte dira Reala utzi zenuela?

Hamar urte dira. 1996-1997 denboraldia izan zen jokatu nuen azkena. Gero beste urtebete Eibarren egin nuen.

Realean jokatzen zenueneko garaiaz, zein oroitzapen duzu?

Gogoratu, denetik gogoratzen dut. Denboraldi onak izan ziren; batzutan irabazi egiten genuen, eta bestetan galdu. Futbolak, gainerako lanbideek ez duten beste testuinguru bat du. Baina, gauza onak eta txarrak mahai gainean jarrita, ni gauza onekin gelditzen naiz. Oso gustura ibili naiz futbolean.

Zer nolako giroa izaten zenuten aldageletan?

Giro ona izaten zen. Gehienak hemengo jendea ginen, nahiz eta batzuk kanpotik etorri. Hala ere, denok ongi konpontzen ginen. Gustura ibiltzen ginen futbolean eta gainerako gauzetan. Ezin dezaket esan koadrila bat bezalakoa ginela, baina lagun onak ginen.

Zaleen aldetik zein harrera izaten zenuten?

Jendeak beti nahi du taldeak ongi jokatu eta irabaztea, baina ez dituzte barruan gertatzen diren gauzak aintzat hartzen. Sarritan jokalariak min hartuta ateratzen dira jokatzera, eta ehuneko ehuna ematea nahi dute zaleek. Jendeak ez ditu gauza asko ikusten. Zaleek beti exijitu egiten dute, normala den bezala, beren taldeak irabaztea nahi baitute.

Herrira etortzen zinenean herritarrek zer esaten zizuten?

Harremanak normalak ziren, bai nire koadrilako jendearekin, baita gainerako herritarrekin ere. Futbol jokalariak ez ziren gaur egun ikusten diren bezalakoak. Herriko jende normala ginen, eta desberdintasun bakarra zen futbol jokalariak ginela. Beraz, esan bezala, jendearekin nuen harremana arrunta zen. Inoiz ez nuen arazorik izan. Gero, jendeak zer uste zuen niri buruz, hori haiei galdetu beharko genieke. Ni, behintzat, pertsona arrunt bat bezala jokatzen saiatu naiz. Beste gauza bat da jendeak nola ikusten gaituen; lehen esan bezala, haiei galdetu beharko genieke hori.

Bereziki gogoratzen al duzu Realarekin jokatutako partidaren bat?

Ez. Egia esan, ez. Partida batzuk gogoangarriak izan ziren, baina horrenbeste denbora pasatu da jada ez naizela gogoratzen. Agian, gehien gogoratzen ditudan partidak dira talde handien kontra jokatu izan genituenak. Adibidez, Bartzelonaren aurka edo Real Madrilen aurka jokatutakoak. Atotxan edo Anoetan irabazten genuen batzutan, galdu bestetan... Partida guztiak izan dira bereziak niretzat, denetan borrokatu behar izan baikenuen aurrera atera ahal izateko. Hala ere, aurrean beste talde bat izaten da, eta haiek ere asko esaten dute partida batean. Sarritan ez dira gauzak norberak nahi bezala ateratzen, baina saiatu egin behar.

Zer moduz Beteranoen Indoor Txapelketan jokatzen?

Hasieran ez genuen oso serio hartu, baina pixkanaka-pixkanaka txapelketan sartu gara eta, lehen egiten genuen bezala, partida irabaztera irteten gara, dena ematen dugu zelaian. Gainera, nahiko ondo ari da ateratzen txapelketa: jendea ikustera doa, gainerako taldeek ere gogoz jokatzen dute...

Realean, defentsa lanetan aritzen zinen; orain, Beteranoen Indoor Txapelketan, taldeko goleatzailea zara.

Ez, ez, ez... Zelai txikia denez, gol asko sartzen dira eta noizbehinka sartzen dut golen bat. Hala ere, Realean jokatzen nuenean atzelari bezala ere golak sartu nituen.

Allerrun jokatu al zenuen?

Ez. Ni Telleri Ikastetxera joaten nintzen, eta 18 urte bete nituen arte bertako taldean jokatu nuen. Gero, Sansen aritu nintzen, Realeko bigarren taldean, eta handik Realera egin nuen salto.

Nola ikusten duzu gaur egungo futbola zuk jokatzen zenuekoarekin alderatuta?

Futbola zerbait aldatu da preparazio fisikoari dagokionean, baina gizartea aldatu den bezala. Baina, azken finean, lehen bezala jokatzen da futbolean: hamaika jokalari irteten dira zelaira, baloi batekin, epaile batekin, eta ate batekin. Kanpoko kontestua aldatu da aldatu dena: futbolari ematen zaion garrantzia, hedabideetan mugitzen duen dirua... Horrek guztiak koktel bat sortzen du, niri batere gustatzen ez zaidana.

 

di-da



Talde bat. Reala.

Futbol zelai bat. Atotxa.

Gol bat. Bernabeun sartu nuen gola, 1991n. Gol hari esker irabazi genuen partida.

Jokalari bat. Maradona.

Atotxa. Hor hasi nintzen jokatzen, baina Anoeta ere oso ondo dago. Ez zaio aparteko garrantziarik eman behar atletismo pista tartean dagoen edo ez. Zaleek taldea animatu nahi badute, batean edo bestean egin dezakete. Axola duen bakarra da animatzea.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

BEC-eko ekitaldirako izen-ematea
OIARTZUN, Haurtzaro Ikastolan, Intxixu AEKn eta Garmendi txokolategian - 2008-11-28

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa