Antxotarrek Marealta garbitzeko aukera dute hilaren 26an, auzolanean
Antxo
Festa giroan egingo da garbiketa, eta herritarrak ibaiaren balioaz ohartaraztea da helburua
urko etxebeste
Zenbait antxotarrek Molinao erreka, Marealta bezala ezagunagoa, garbitzeko asmoa azaldu dute. Auzolanean eta festa giroan egin nahi dute garbiketa; eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimenaren helburua da Marealtaren balioez herritarrak ohartaraztea, erreka zaintzeko mezua zabaltzearekin batera. Hilaren 26an izango da garbiketa, eta mareen arabera zehaztuko da ordutegia. Dena dela, eguerdi inguruan izango dela ziurtatu dute.
N-1 errepidetik hasita Pavinsa aldera joango dira, pixkanaka, garbiketa eginez. Errekan bertan egoteko 3-4 pertsona nahikoak direla esan dute antolatzaileek, «eta gainontzekoek, Marealtaren ertzean gauzak igotzen eta edukiontzietara botatzen lagunduko dute». Hesiak, gurpilak eta bestelako gaiak aterako dituzte lehorrera. Bertan, eta Pasaiako Udalaren bitartez, San Markoseko Mankomunitateak ekarriko dituen edukiontzi berezietan utziko dituzte hondakinak. Hauek, birziklatzera eramango dituzte gero. Pasaiako Udalak ekimenean parte hartuko dutenentzako eskularruak eta bestelako lan-tresnak utziko ditu.
«Birgaitzen ari da, pixkanaka»
Ia 10 urte beteko dira Antxon, Marealtaren inguruan, jarduera industrialik ez dagoela. Horregatik, eta ohikoak diren korrokoiez gain, hainbat arrain espezie (platuxak, esaterako) pixkanaka errekara sartzen ari direla jakinarazi dute antolatzaileek. «Horrez gain», esan dute, «goroldio asko hazi da, karramarroak daude eta ostrak ikusten hasi dira. Birgaitzen ari da, pixkanaka».
Baina berezko birgaitze horri, herritarrek bultzada eman behar diotela uste du antxotar talde honek. «Madrilek du Marealta garbitzeko eskumena; baina ez du ezer ere egiten. Beraz, eta jende askok kritikatu besterik egiten ez duenez, geldirik ez gelditzeko erabakia hartu dugu, auzolanean garbiketa egiteko asmoa landuz».
Ekimen iraunkorra
Alta, antolatzaileek ongi dakite Marealta garbitzea ez dela egun bateko gauza. «Hilaren 26koa lehen urratsa izango da. Aurrerantzean garbiketa gehiago egin nahi ditugu. Baina funtsezkoa ere bada Marealta zaintzea, eta zikintzen dutenak salatzea», esan dute.