
Oiartzunek eta Antzuolak launa berdindu dute Ugaldetxon
Futbola
Oso partida parekatua jokatu zuten bi taldeek atzo, eta erasoko jokalariak defentsakoei nagusitu zitzaizkien
jon gonzalo
Futbolaren saltsa golak baldin badira, saltsa handiko partida izan zen atzokoa Ugaldetxo futbol zelaian. Lehen Erregionaleko Oiartzunek eta Antzuolak launa berdindu zuten, eta futbol zelaira gerturatu ziren herritarrek ez zuten aspertzeko denborarik izan. Bat baino gehiago, ordea, haserre joan zen etxera. Izan ere, etxeko jokalariak lau aldiz aurreratu ziren markagailuan, baina ez zuten hiru puntuak mantentzen asmatu.
Parekotasun handia
Oiartzunen eta Antzuolaren arteko partida parekatua izango zela, lehia hasi aurretik aurreikus zitekeen. Oiartzuarrek sailkapeneko bosgarren postuan ekin zioten partidari, eta antzuolarrek seigarrenean. Elkarrengadik hain gertu egotea ez da kasualitatea. Bi taldeek antzeko futbola egiten dute, eta hori argi eta garbi ikus ahal izan zen atzo Ugaldetxo futbol zelaian.
Oiartzuarrak aurreratu ziren markagailuan, Aritz Oiarbidek sartutako gol bati esker. Kanpotarrek, ordea, berehala lortu zuten berdinketa, eta berriro ere markagailuan aurreratzeko lanean hasi behar izan zuten oiartzuarrek. Atsedenaldia iritsi aurretik lortu zuten berriro aurreratzea, Aritz Bereziartuaren gol batekin.
Bigarren zatiko gol festa
Bigarren zatian, gol gehiago ikus ahal izan ziren. Hasi eta berehala, antzuolarrek markagailua berdintzea lortu zuten, eta etxekoak asko estutu zituzten. Aritz Oiarbidek, ordea, arratsaldeko bere bigarren gola sartu eta Oiartzun berriz ere markagailuan aurretik jarri zuen. Alferrik. Antzuolarrek partida berdindu zuten hirugarrengoz, eta jokaldi horretan etxekoak jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren.
Gol festak, ordea, ez zuen etenik. Etxekoak laugarren aldiz aurreratu ziren, baina oraingo honetan ere ez zuen ezertarako balio izan. Jokalari bat gutxiagorekin azken minutuak luzeegiak egin zitzaizkion Oiartzuni. Partida amaitzear zegoela, kanpotarrek berdinketa lortu zuten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Amaia Zubiriaren kontzertua
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-20
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Kontzejupean - 2008-11-23
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.