
«Benetako politika feminista aurrera eramateko erabakitze ahalmena behar dugu»
edurne baztarrikað- Anezka emakume taldeko kidea
Gizartea
Euskal Herriko Jardunaldi Feministak izan dira asteburuan Portugaleten eta Anezka taldekoak han izan dira
olatz mitxelena
Hamalau urte ziren Euskal Herrian jardunaldi feministarik egiten ez zela. Lehengo asteburuan ekimena berreskuratu eta Portugaleten bildu dira mugimenduko kideak, tartean, Anezka taldekoak.
Nola baloratzen dituzue jardunaldiak?
Balorazio oso baikorra egiten dugu, hamalau urte eta gero jardunaldiak berriro egiteak berez garrantzi handia duelako. 1.300 emakumeon parte-hartzeak, feminismoaren antolakuntza,hausnarketa eta aliantzen beharra erakusten duela uste dugu. 1.300 emakume hauen artean hainbat talde mota, adin guztietakoak eta Euskal Herriko leku askotarikoak elkartu gara;horrek pluraltasuna, aniztasuna eta indar ahalmena erakusten duenez, oso positiboa iruditzen zaigu.
Mugimendu feministaren kohesiorako baliogarriak izango dira jardunaldiak?
Jardunaldietan mugimenduaren izaera politikoa hausnarketarako gaia izan da, eta horrenbestez, mugimendua subjektu politiko bezala aitortu behar dela ondorioztatu dugu. Horretarako mugimenduaren barneko kohesioa indartu, antolatu eta eratu beharko dira, eta jardunaldi hauek hori dena abian jartzeko abiapuntua izan dira.
Jardunaldiak berreskuratu izanak zein garrantzia izan dezake mugimendu feministarengan aurrerantzean?
Egia da beste ekimen batzuk egin izan ditugula, Emakumeon Mundu Martxa, Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Karta eta abar, baina, hausnarketarako eta feminismoaren baitan dagoen aniztasuna eta pluraltasuna elkartzeko gunea eta unea jardunaldietan eman da. Hau, mugimendu feministarentzako oso garrantzitsua da, mugimendua bera sustatzeko eta protagonismoa berreskuratzeko baliagarria delako. Feminismoan lan egiten dugun taldeen arteko sarea sendotu behar da. Eraginkorragoak izan eta jendarteko eraldaketa lortzeko hobetu behar dugu.
Emakume gazte asko bildu da Portugaleten. Zein irakurketa egiten du Anezkak ?
Belaunaldi berriek jardunaldietan parte hartu izanak mugimendua bizirik dagoela esan nahi du. Horrez gain, nahiz eta belaunaldi berriak berdintasun formaleko garaietan hazi, oraindik eraldatzeko eta lortzeko gauza asko ditugula adierazten du. Jardunaldietan azkeneko hamarkadan erakundeek egindako berdintasun politiken emaitzak aztertu ditugu eta argi geratu da, instituzioek ez dutela benetako berdintasuna bermatzen. Borrokan jarraitu behar dugu benetako eraldaketa lortzeko, eta horretarako emakume gazteon beharra eta prestasuna dugu.
Mugimendu feminista subjektu politiko gisa aitortu behar dela diozue. Zergatik?
Instituzioek berdintasunerako politikak diseinatzerakoan ez dute emakumea subjektu politikotzat hartzen. Berdintasun arloak sortu, emakumeen kontseiluak eratu, baina guztiak, erabakitzeko ahalmenik gabe sortzen dituzte; organo kontsultibo hutsak izaten dira. Horregatik jardunaldietan kontseilu hauetan parte hartzeak zein esanahi, eragin eta emaitza dituen zalantzan jarri da. Benetako eraldaketan eraginkorrak izateko, benetako politika feminista aurrera eraman ahal izateko, erabakitze ahalmena izan behar dugu, eta horretarako mugimendu feminista subjektu politiko bezala onartzea ezinbestekoa da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa
Lezo, Andreone Udal Liburutegia - 2008-11-19
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Kontzejupean - 2008-11-23
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.