Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Madrilera eraman dituzte atxilotuak, epailearen aurretik noiz pasako zain

Sarekada poliziala

2005. urtetik Lezon, Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan hogei bat kale eraso egitea egotzi die Espainiako Poliziak

erredakzioa

Kale erasoak egin izan dituztelakoan, EspainiakoPoliziak hamar gazte atxilotu zituen atzo goizaldean Oiartzun, Errenteria-Orereta eta Arrasate herrietan. 2005etik Lezon, Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan hogei bat kale eraso egitea egotzi diete. Poliziak, denera, 18 miaketa egin zituen (etxeetan, elkarteetan...) atzoko egunean. Baina operazioak zabalik jarraitzen duela errepikatu zuten atzo, behin eta berriz, iturri polizialek.

Atzoko atxilotuak Madrilera eraman dituzte, Espainiako Poliziaren egoitzara, gero Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskaren aurrean deklara dezaten. Atzo arratsaldean hainbat iturrik zabaldutakoaren arabera, etzi bertan has daitezke epailearen aurretik pasatzen. Baina polizien eskuetan ere bost egun pasa ditzakete atxilotuek, inkomunikatuta jarraitzen duten neurrian.

03:30-04:00ak artean

Fernando Grande-Marlaskaren beraren aginduz egin zituzten atzo atxiloketak, 03:30ak eta 04:00ak artean hasita.

Errenteria-Oreretan, Haizea Iriarte (27 urte), Xabier Lujanbio (22), Harkaitz Antza (21), Aitor Franco (20), Gorka Etxeberria (23), Aitor Alberdi (22) eta Beñat Burlada (24) atxilotu zituzten Espainiako poliziek. Lehenbiziko laurak, erdialdean; Etxeberria, Pontika auzoan; Alberdi, Galtzarabordan; eta Burlada, Fanderian.

Oiartzunen, bitartean, Jon Mikel Otxoa (21 urte) eta Alex Etxeberria Oiartzabal (23) atxilotu zituzten, goizeko lauetan, Ugaldetxo auzoan. Oiartzunen bertan beste etxe batera joan zen Polizia baina, inor aurkitu ez zutenez, atea bota eta etxea miatu zuten. Antza, beste lagun bat atxilotu nahi zuten poliziek.

Horrez gain, Arrasaten Josu Arruabarrena (21 urte) oreretarra atzeman zuten poliziek. Eskoriatzan (Gipuzkoa) ikasten du eta Arrasaten egiten du astea, ikasle pisu batetan; han izan zen atxiloketa. Miaketa eta atxiloketa hau egiterakoan, gainera, poliziek beste hiru lagun atxilotu zituzten, «poliziei aurre egitea» egotzita; tartean, Mikel Bengoetxea oreretarra (21), Arruabarrenaren pisukidea.

Bengoetxea eta harekin batera atxiloturiko beste bi lagunek Bergarako epaitegian deklaratu zuten atzo arratsaldean bertan. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, aske utzi zituzten hirurak.

Etxebizitzak eta lokalak

Poliziek «nahiko tratu zuzena» izan zuten Errenteria-Oreretako atxiloketetan, senideen eta lekukoen arabera. Oiartzunen, ordea, Etxeberriaren atxiloketa «bortitza» izan zen: poliziak haren etxera bultzaka sartu eta gaztea lurrera bota zuten, besteak beste, OARSOALDEKO HITZAk jakin duenez.

Atxilotuen etxebizitzez gain, poliziek beste hainbat lokal miatu zituzten eskualdean. Hala, Errenteria-Oreretan, Landare Elkartera sartu ziren lehenik poliziak, Haizea Iriarte gaztea hara eraman ondoren. Beranduago, 07:00ak pasatxo, Jose Erviti kaleko lokal bat arakatu zuten, madalenetan presoen aldeko txosna bihurtzen dutena. Xabier Lujanbio gaztea eraman zuten bertara poliziek, haren gurasoen etxea miatu eta gero.

Azken miaketa hau pare bat orduz luzatu zen, eta poliziak hainbat kutxa eskuan zituztela atera ziren lokaletik. Bertan bildutakoen aurka ere oldartu ziren poliziak, jarrera bortitza erakutsiz.

Lekukoen arabera, Landaretik ere hainbat gauza eraman zituzten poliziek: ordenadoreak, elkartearen diru kontuak, tabernako dirua edota txosten politikoak, besteak beste. Antza, bi lokal hauek «hankaz gora» utzi zituzten poliziek.

Errenteria-Oreretan, halaber, herriko gaztetxera sartu ziren poliziak, Gaztaño auzoan, Aitor Alberdi atxilotua bertara eramanda. Gutxienez, ordenadore bat ere eraman zuten hemendik.

Kataxulo eta Ibai-Ondo

Oiartzungo gaztetxea ere miatu zuten atzo goizean poliziek, herrian atxiloturiko Jon Mikel Otxoa bertara eramanda. 10:00etan hasi eta ia bi orduz miatu zuten eraikina, Oiartzungo alkate Aitor Etxeberria eta udal idazkaria bertan zirela. Izan ere, Udalarena baita erakin hau. Poliziek hainbat kutxa atera zituzten bertatik; lekukoen arabera, Abiadura Handiko Trenaren kontrako propaganda eta espraiak ere eraman zituzten, azken hauek gaztetxean grafiti bat egiteko erabiliak.

Lezon, bitartean, Ibai-Ondo etxera sartu ziren poliziak, 07:45ak pasatxo, eta Udaltzaingoan etxearen giltza eskatu ondoren. Izan ere, etxe hau Lezoko Udalarena dela uste baitzuten poliziek, Udalak berak atzo zehaztutakoaren arabera. Giltzarik ezean, Ibai-Ondoko beheko solairuko atea bortxatuta sartu ziren poliziak.

Lezoko Udalaren arabera, poliziak «bi edo hiru atxiloturekin» sartu ziren Ibai-Ondora. Lezoko bi zinegotzi bertara hurbildu ziren, miaketan lekuko gisa aritzeko. «Baina lekukoak bazeudela erantzun zieten poliziek», Udalak atzo jakinarazi zuenez.

Ibai-Ondoko beheko solairuan bakarrik izan zen miaketa. Udalaren esanetan, bidoi hutsak atera zituzten bertatik, «eta, bitxikeri gisa, Gazte Topaguneko pertsonaiaren mozorroaren burua».

Espainiako Poliziak, bien bitartean, azpimarratu du atzoko miaketetan ordenadoreak, propaganda, afitxak, DVDak, Segiren dokumentazioa edota telefono mugikorrak atzeman dituela.

Horrez gain, azpimarratzekoa da kazetari eta kameralari ugarik jarraitu zituztela zuzenean atzoko miaketak eta atxiloketak, Espainiako Poliziaren abisua jaso ondoren. Zenbait kasutan, komunikabideetako ordezkariak poliziak baino lehen iritsi ziren atxilotze eta miaketa lekuetara.



Arruabarrena, ospitalera

Askatasunak atzo arratsaldean jakinarazi zuenez, Josu Arruabarrena oreretarra Donostiako Ospitalera eraman zuten atzo, 13:40ean, «gastroenteritisak jota». Bi ordu eta erdi beranduago alta eman zioten gazteari.

Atxiloketak salatzeko, batzarrak eta manifestazioak egin zituzten atzo iluntzean Errenteria-Oreretan, Oiartzunen eta Lezon. Ehunka lagun bildu ziren protesta hauetan. Atxilotuek inkomunikatuta jarraitzen duten bitartean, egunero mobilizazioak antolatu ditu Oreretako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, 20:00etan Herriko Plazan, mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez.

Joan den urteko uztailetik hona, Espainiako Poliziak egindako antzeko zazpigarren sarekada izan da atzokoa, denera, 69 lagun atxilotuz.

 

Operazio poliziala gogor salatu dute Lezon

Sarekada poliziala

«Ezker abertzalea kriminalizatzea» da helburua, atzo arratsaldean adierazi zutenez

erredakzioa



Espainiako Poliziak atzo Lezoko Ibai-Ondo etxean egindako miaketa gogor salatu ditu Lezoko ezker abertzaleak. Atzoko atxiloketek «ezker abertzalea kriminalizatzea» bilatzen dutela iritzi diote. Horrela adierazi zuten atzo arratsaldean iluntzeko mobilizazioaren aurretik plazan egindako asanbaldan. «Gaurko [atzoko] sarekadarekin, ezker abertzalea kriminalizatzea da bilatzen dutena. Udalaren lokal batean gauzak aurkitzea zen asmoa, gero, Lezoko Udala kriminalizatzeko: gazteria, Gazte Topagunea, Udala eta EAE-ANV kriminalizatzea», ezker abertzalearen esanetan. 140 bildu ziren manifestazioan.

«Topagunean lanean ibilitakoak atxilotu dituzte. Hau da arrazoia, eta ez egozten zaizkien horiek guztiak», salatu zuten



 

Askatasuna: «Argi dago zein den Zapaterok egin duen apustua»

Sarekada poliziala

«Noraino igo nahi dute preso kopurua?», galdetu du errepresioaren kontrako erakundeak

erredakzioa



Euskal Herriko hainbat gaztek «errepresioaren jopuntuan» jarraitzen dutela salatu du Askatasunak, atzoko operazioa salatzeko hedabideetara igorritako oharrean. «Beste behin gauak eskaintzen duen inpunitatean gazteak atxilotu eta inkomunikaturik eraman dituzte. Eroaldi errepresiboak ez du etenik Euskal Herrian, eta Zapatero Espainiako Estatuko presidente izendatu eta astebetera operazio berri bat egiteak argi erakusten digu zein den hark aurrera begira egiten duen apustua», azpimarratu du errepresioaren aurkako erakundeak.

Errepresioa, «antzua»

Askatasunaren arabera, «Rubalcabaren plangintza errepresiboa ez zen hauteskundeetan amaitu, eta berak iragarritako indarkeria aro luzeak badakigu zein esanahi duen gure herrian: atxiloketak, inkomunikazioa, espetxea, tortura, sakabanaketa...».

Hala, Askatasunak azpimarratu duenez, «Euskal Herriko gazte independentista guztiak espetxeratzekotan badira, espetxe berriak egiten hasi beharko dute. Noraino igo nahi dute preso kopurua?».

Alta, estatuaren errepresioa «antzua» dela iritzi dio Askatasunak. «30 urte eta gero, ez al dira ohartu errepresioak ez duela independentziaren aldeko lana eta aldarrikapena gelditu?» .



 

Kataxuloko gazte asanbladak atxiloketak eta miaketa salatu ditu

Sarekada poliziala

«Erasoen gainetik lanean jarraituko dugu gure helburuen, egitasmoen eta ametsen alde», esan dute

goiatz labandibar



Kataxuloko gazte asanbladak atzo bertan salatu zituen hamar gazteen atxiloketak eta Kataxulo Gaztetxian bertan goizean Espainiako Polizia Nazionalak egindako miaketa.

«Gogor salatzen dugu polizia operazio honen bidez herriko gazteei eta gaztetxeari berari egin zaion erasoa», azaldu zuten bildutako gazteek, «elkartasuna ere adierazi nahi diegu atxilotu guztiei».

Gazte asanbladak herriko gazte askoren elkartasuna jaso zuen atzokoan.

Bi ordu inguruko miaketa eta eramandako gauza asko

Gaztetxean bi ordu inguruko miaketa egin zuen Espainiako Polizia Nazionalak, atxilotuetako bat bertan zegoela.

Ordenagailua, kontu korronteko txartelak, gaztetxea apaintzen duen hormako grafitiak egiteko espraiak, gazte asanbladako eta Euskeran Itotiyak taldeko koadernoak, gaztetxeko zigilua, Xanistebanetako Gazte Eguneko argazkiak, herriko hiru presoren argazkiak... eraman zituen poliziak, gazte asanbladak jakitera eman zuenez. «Argazkiak ere atera dituzte gaztetxean».

Era berean, «AHT-ren inguruan dagoen guztiari interes berezia eman» diotela jakin duela gehitu zuen gazte asanbladak.

«Gaztetxeak eta gazteria aurrera!»leloa bere egin zuten atzo.

Urtemuga, bertan behera

Gaur eta bihar ospatzekoa zen Kataxulo bere bigarren urtemuga. Oraingoz, bertan behera gelditu dira «ilusioz» prestatutako ekimenak, baina atzo bertan asanblada berezia egin zuten gazteek, aurrerantzean zer egin erabakitzeko.

«Hala ere, erasoen gainetik gazteok gaztetxean lanean jarraituko dugu eta gogor ekingo diogu gure helburuei, egitasmoei eta ametsei», adierazi zuten Kataxulon bildu ziren gazteek.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Ipuin kontalariak

Ipuin kontaketa
Lezo, Andreone Udal Liburutegia - 2008-11-19

Musika

Santa Zezilia eguna
OIARTZUN, Doneztebe plazatik abiatuta - 2008-11-22

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa