
biharamun liskartsua
Sarekada poliziala
Kolpeak, atxiloketak, tiroak... Errenteria-Oreretan tentsio handiko uneak bizi izan ziren atzo, sarekadaren hurrengo egunean
erredakzioa
12:00etarako deituta zuen atzo prentsaurrekoa Oreretako ezker abertzaleak. Bezperan atxilotutako gazteen senideak eta bestelako herritarrak lagunduta, atxilotuen inguruko azken berriak eta ezker abertzaleak polizia operazioaz egiten duen irakurketa zabaltzea zen deialdiren helburua.
Dena prest zegoen prentsaurrekoa hasteko. Baina, une horretan, Ertzaintzak Pablo Iglesias kalean pankarta bat jartzen ari ziren hiru lagun atxilotu nahi zituela ohartarazi zuten.
Bost minutu baino gutxiago
Une horretan, Herriko Plazan bildutako asko hara hurbildu ziren, Pablo Iglesias kalean atxikituriko hiru lagunak aske utz zitzaten eskatzera.
Ertzainek atxikituriko hiru lagunak zeuden han, merkatu zaharra zenaren paretetako batean, ertzainek identifikatzen zituzten bitartean. Ertzainen eta bertaratutakoen arteko ika-mikak hasi ziren orduan. Tentsioak gora egin zuen, eta giroak eztanda: bultzakadak, oihuak, borren kolpeak, lasterkaldiak... Kalez jantzitako ertzain gehiago ere agertu ziren eta, zurrunbiloaren erdian, ertzain batek, gutxienez, bi tiro egin zituen airera.
Inguruan, adin guztietako jendea zegoen orduantxe, eguerdia baitzen, eta larunbata: gazteak, helduak, gurasoak haur txikiekin, kalean pasiatzen ari ziren oinezkoak...
Minutu gutxiren buruan, ertzain gehiago agertu eta Pablo Iglesias kalean bildutakoen aurka oldartu ziren, gogor. Jose Luis Gurrutxaga, 63 urtekoa, atxilotuta eraman zuten handik, zaurituta, lurrean zela ertzainen kolpe ugari jaso ondoren.
Baina lagun ugari ikus zitekeen kolpatuta, eta ubeldurekin.
Ertzainek tiro egin zutela baieztatu zuen atzo bertan Herrizaingo Sailak, komunikabideetara igorritako oharrean. Herrizaingo Sailaren arabera, «tiro egitera behartuta ikusi zuten beren burua ertzainek, bildutakoek segada bat egin zietelako».
Liskarretan, halaber, bederatzi ertzain zaurituta gertatu ziren, Herrizaingo Sailaren arabera.
Prentsaurrekoa, txalo artean
Bost minutu baino gutxiago iraun zuen guztiak, baina oso une gogorrak izan ziren. Intentsoak. Larriak. Tragedia bat gertatzeko modukoak.
Handik gutxira, jendea Herriko Plazan bilduz joan zen berriro, iragarritako prentsaurrekoari ekiteko asmoz. Atxilotutakoen senitartekoak lehen ilaran, eta haien atzean, hamarnaka herritar, elizako eskailerak betetzen zituztela. Torturari stop aldarriak eskuan zituzten atxilotutakoen senideei elkartasuna adieraztera bildutako hamarnaka lagunek. Gazte eta aske irabazi arte zioen haien goialdean irakur zitekeen pankartak, eta Atxilotuak askatu, aski da prentsaurrekoaren mahaian jarritakoak.
Senideei elkartasuna adierazteko, txalo zaparrada batekin hasi zen agerraldia. Ezker abertzalearen komunikatua irakurri ondoren, atxilotuak askatu oihukatuz eman zuten bukatutzat ekitaldia, datozen egunetarako mobilizazioen berri eman eta haietan parte hartzeko deia egin eta gero.
Bigarren atxiloketa eta identifikazioak
Prentsaurrekoa bukatuta, han bildutakoak Ertzain etxera hurbiltzea erabaki zuten, batzarrean , zaurituta eta atxilotuta eraman zuten bizilagunaren egoerarengatik galdetzera. Baina, jendea koartelera iritsi eta berehala kargatu egin zuen bigarrenez Ertzaintzak.
Handik gutxira, Ertzaintzaren hiru furgoneta Zumardira sartu ziren. Larunbata eguerdia izanik, zumardiko tabernak eta terrazak jendez lepo zeuden. Ertzainek furgonetetatik jaitsi eta peloteroak eskuan zituztela inguruko tabernetara sartu ziren. Arkaitza, Reyna eta Laket tabernetara sartu zen Ertzaintza.
Zumardira bakarrik ez. Madalen kaleko Sindikato tabernara ere sartu zen Ertzaintza, baita Landare, Zuzen eta Aralar tabernetara ere. Handik gutxira, lekukoek OARSOALDEKO HARSOALDEKOra aditzera eman ziotenez, Leku Zaharra tabernatik irten zen beste pertsona bat atxilotua eraman zuten. Askatasunaren arabera, Iñaki Garcia Alkorta da bigarren atxilotua.
Tabernaz taberna ari ziren bitartean, ertzainek hainbat lagunei nortasun agiriak eskatu, eta haien karnetak eraman egin zituzten, 15:00etarako agirien bila koartelera joateko aginduz.
Iluntzean manifestazioa irten baino lehen, egunean zehar gertatutakoaren berri eman zuten. Han aditzera eman zutenez, goizean atxilotutako Jose Luis Gurrutxaga Donostiako ospitalean zegoen oraindik, obserbazioan eta atxilotuta. Ertzaintzak ez zien utzi abokatuari ez eta senideei ere Gurrutxaga ikusten. Garcia Alkortak polizia etxean jarraitzen zuen erredakzioa ixteko unean.
«Gazte independentistak kriminalizatzen dituzte»
Politika
Ostiralerako «borroka eguna» deitu du ezker abertzaleak, eta manifestazioak izango dira eguerdian eta iluntzean
erredakzioa
iragarritako mobilizazioak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
entrenamendu hasiera
ERRENTERIA-ORERETA, gure klubean, matadero eraikinean - 2007-10-08
deialdiak
1978ko kintoen bazkaria
OIARTZUN, - 2008-06-13
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.