Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Zulaikak eta AAMko beste 26 auzipetuek uko egin diote defentsa juridikoari

Politika

Kontrako sententzia aldez aurretik erabakita dutela uste dute AAMko auzipetuek; epaiketa abian da Madrilen

erredakzioa

«Nire ustez inpartzialtasunetik milaka kilometrora dago epaimahaia. Konbentzituta nago gure kontrako sententzia idatzita dagoela, bultzada politikoz egin delako instrukzio hau. Hemen ez dut inolako justiziarik espero, orain arte ez eta aurrerantzean ere ez. Kondenatuko nau auzitegi honek, baina epaitu ez nau egingo. Iragartzen dut arrazoi horiengatik defentsa juridikoari uko egiten diodala. Eta hauexek dira hemen entzungo diren nire azken hitzak». Adierazpen honekin, defentsa juridikoari uko egin diote Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) auzipetuek.

Atzo, 10:30ean abiatu zen Madrilgo Casa De Campo Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketa. Mugimenduko bozeramaile Juan Maria Olano izan zen deklaratzen lehena, eta iragarri bezala, uko egin zion fiskaltzaren eta akusazioen galderak erantzuteari.

Olanoren ondoren gainontzeko 26 auzipetuek gauza bera egin zuten, baita Gorka Zulaika antxotarrak ere.

Atzo deklaratu zuten auzipetu guztiek «beren helburu bakarra espetxe politikaren ondorioak ezagutaraztea» izan dela nabarmendu zuten. «Preso gaixoak ez dituztela askatzen edo torturatu egiten dela salatzea». Gatazka konponbidean jartzeko eskatu zuten, eta horretarako elkarrizketaren bidea jorratu behar dela nabarmendu, errepresioa bazter utzita.

Epaimahaiak ez zien trabarik jarri mezu horiek emateko eta itzultzaileen lanarekin ez zen arazorik izan.

Defentsarako 250 lekuko

Atzo hasitako epaiketan Amnistiaren Aldeko Batzordeetako, Askatasuneko, Behatokiko eta Senideak elkarteko 27 lagun epaituko dituzte. Elkarte horietan egindako lanagatik eseriko dira akusatuen aulkian, ETAkoak izatea egotzita. Hala, hamar urteko espetxe zigorra eskatzen du haientzat guztientzat Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.

Defentsarako abokatuek auzipetuek lan politikoa egin dutela azaltzen saiatuko dira epaiketan, zein, aurreikuspenen arabera, hiru hilabete iraungo duen. Astelehenetik asteazkenera bitartean izango dira auzi saioak, goiz eta arratsaldez, Auzitegi Nazionalean.

Defentsak 250 lekuko baino gehiago eramango ditu Maria Teresa Palacios buru izango duen eta Carmen Paloma zein Juan Francisco magistratuek osatzen duten 4. aretoko epaimahaiaren aurrera. AAMk 30 urtean egin duen lana azaltzen saiatuko da.

Fiskalaren eta AVT herri akusazioaren lekuko gehienak, bestalde, poliziak dira. Sei guardia zibil eta 44 ertzain deituko dituzte, baita Jorge Olaiz presoa eta Susana Atxaerandio eta Ibon Aranalde preso ohiak ere.

 

«Errepresioari harresiak eraikitzen jarraitzeko beharra» azpimarratu dute

Antxo

Eskualdeko AAMk Zulaikari eta gainontzeko auzipetuei elkartasuna adierazi eta lanean jarraitzeko deia egin du

erredakzioa



Madrilen Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketa abiatu dela eta, prentsa agerraldia eman zuen larunbatean eskualdeko AMMk. Auzipetutako Gorka Zulaikak eta Begoña Sagarzazu preso ohiak hitz egin zuten. Esan zutenez, AAM «Estatuarentzat lekuko deserosoa» da «errepresioari frenoak ezartzen» dizkiolako, eta, esan zutenez, hori da, besteak beste, «Gorka eta gainerako inputatuak atxilotu, kartzelaratu eta epaitzeko» arrazoia.

Espainiako Estatuak epaiketa «AAM erditik kendu eta herri honi errepresioa mugarik gabe ezartzeko» baliatu nahi duela salatu zuten, AAMk egin ohi duen lanaren berri eman eta gero.

Beren lana publikoa dela, eta aurrerantzean ere «amnistiaren alde eta errepresioaren aurka» lanean jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi zuten. Madrilen abian den epaiketa salatu, auzipetuei elkartasuna adierazi eta «herrietan borrokaz errepresioari harresiak eraikitzen» jarraitzeko deia egin zuten.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Ikusentzunekoa

AHT: zer ari zaizkigu ezkutatzen?
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo kultur elkartea - 2008-11-20

antzerkia

'Enkantatua' antzezlana
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-22

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa