Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Atxiloketak eta miaketak salatzeko mobilizazioak bi herrietan

Mobilizazioak

Paroa, elkarretaratzea eta manifestazioa antolatu dituzte Oiartzungo gazteek biharko

erredakzioa

Oiartzunen esparru ezberdinetan lan egiten duten gazteek biharko borroka egunean parte hartzeko deia egin diete gazteei, eta herritarrei oro har. Azken egunetan Oarsoaldean izan diren 12 atxiloketei erantzuteko borroka egunak antolatu dituzte Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen.

Deialdia egiteko prentsa-agerraldi jendetsua egin zuten atzo arratsean Oiartzungo hainbat gaztek. Bertan esandakoen arabera, biharko, 12:30etik 13:00etara, lanuztera deitu deituzte herritarrak. 12:30ean ere elkarretaratzea egingo dute Doneztepe plazan.

Arratsean, berriz, 20:00etan asanblada eta manifestazioa egingo dituzte, Doneztebe plazatik hasita ere bai. Errenteria-Oreretan, 08:30ean udalbatzarrera joateko deia egin dute, eta bi manifestaziorako deia: 12:00etan eta 20:00etan.

«Euskal gazteria kriminalizatu nahi dute»

Gogor salatu zuten atzo azken egunetan eskualdean izandako atxiloketak eta miaketak. «Hau guztia euskal gazteria isilarazteko eta gure konpromisoak kriminalizatzeko helburuarekin egin dute», esan zuten gazteek. Hein berean, «gure aurkako eraso hauei erabateko babesa eta justifikazioa ematen dioten indar erregionalisten jarrera» gaitzetsi zuten. «Eraso hauekin» jarraitu zuten, «erakutsi digute zerk egiten dien min, euskaldun bezala bizitzeko egiten dugun lana eta konpromiso berak ematen die min».

Gazteriaren lana

Oiartzungo gazteriak egiten duen lanaren berri eman zuten atzo arratsean herriko gazteek agerraldian. «Herriarekin eta herriarentzat egiten dugu lana: gune autogestionatuen alde, euskararen alde, Oiartzungo ohitura zaharren defentsan eta berrien lanketan, kultur arloan, unibertsitatean, musika arloan, etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan, inposaketei aurre eginaz, AHTren aurka...». Hartara, neurri errepresiboekin «konponbiderik ez da iritsiko», esan zuten.

 

atxilotuetako lau aske gelditu dira, bermepean



Bermepean aske gelditu ziren atzo iluntzean. Haizea Iriarte, Alex Etxeberria, Beñat Burlada eta Gorka Etxeberria. Herenegun gauean Grande-Marlaskaren erabakia jakin eta berehala bermea ordaintzeko gestioei ekin zieten atxilotuen senideek. Hala, atzo eguerdian, bermea zegokion kontu korrontean sartu zuten, eta honen ziurtagiria Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zuten. Hori eginda, Auzitegi Nazionaletik askatze agindua bidali zuten Soto del Real espetxetik hurbilen zegoen herriko epaitegira, Colmenar Viejo herrikora (Madril), alegia. Hemendik, espetxera bidali zuten askatze agindua, eta iluntzean exekutatu zuten espetxean agindu hori.



 

Ostiralean atxilotutako gazteek tratu txarrak jasan dituztela esan dute

Sarekada poliziala

Hamar atxilotuetako bost espetxeratzeko agindua eman du Grande-Marlaska epaileak

erredakzioa



Ostiralean Errenteria-Oreretan, Oiartzunen eta Arrasaten atxilotu zituzten hamar gazteek Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuak egon diren bost egunetan tratu txarrak jasan dituztela salatu dute. Gainera, atxilotuak izan ziren hamar gazteetatik bost Madril inguruko presondegi hauetan espetxeratzeko agindua eman zuen, deklarazioa hartu eta gero, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak: Josu Arruabarrena eta Aitor Franco Alcala Meco espetxera eraman zituzten atzo goizean; Xabier Lujanbio eta Harkaitz Antza Soto del Real espetxera, eta Aitor Alberdi, berriz Valdemoroko espetxera. Espetxeratzearekin batera, inkomunikazio aldia ezabatu zieten bost atxilotuei.

Haizea Iriarteri, Beñat Burladari eta Gorka Etxeberriari 3.000 euroko askatasun bermea jarri zien, eta Alex Etxeberria oiartzuarrari, berriz, 6.000 euroko bermea. Jon Mikel Otxoa baldintzarik gabe aske utzi zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak. Bermepean aske gelditutakoak, atzo, 18:00ak inguruan atera zituzten Soto del Real espetxetik.

Tratu txarrak Madrilen

Askatasuna erakundeak publiko egin duenez, «oro har, buruan kolpeak jasan dituzte, biluzik edukiarazi dituzte, eta haien senideak atxilotzeko aginduak erakutsi dizkiete».

Askatasunatik nabarmendu dute Xabier Lujanbiok eta Haizea Iriartek, inkomunikatuak izan ziren bitartean izan zituzten tratu txarrak: «Xabier Lujanbio eta Haizea Iriarte bikote dira. Bi gela ezberdinetan zeudela, Xabierrek Haizea ikus zezakeen kristal baten bitartez. Poliziek Xabierri galderak egiten zizkioten, eta erantzuna beraien gustukoa ez bazen, pixkanaka Haizea biluzten joaten ziren».

Jon Mikel Otxoaren hurbilekoek OARSOALDEKO HITZAri esandakoen arabera, atxilotuak Donostian izan ziren bitartean polizien tratua «zuzena» izan zela esan dute. Madrilera autoz atera zirenean, alta, «gero eta jarrera erasokorragoa hartu zuten, tratu txarrak areagotuz». Herenegun gauean, Otxoa Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera zenean, berak «eskuarekin eta borrekin golpeak jaso» zituela esan zien hurbilekoei, «baina berak uste du besteek tratu txar gogorragoak jasan dituztela».

«Zigorgabetasun osoa»

Tratu txar kasu hauekiko irakurketa egin du Askatasunak. Errepresioaren kontrako erakundearen esanetan, «Espainiako Poliziak zigorgabetasun osoa du euskal gazteak atxilotu, inkomunikatu, torturatu, espetxeratu eta sakabanatzeko».

PSOEri esan diote «bere agintaldia bortizkeriaren aldeko apustua berretsiz» hasi duela, eta «tratu txar hauen aurrean euskal klase politikoak erakusten duen isiltasun konplizea» salatu dute Askatasunatik.

Gaur eramango dituzte epailearen aurrera Ibeas eta Iraola

Atxiloketak

Herenegun goizaldean atxilotutakoak Grande-Marlaskaren aurrean izango dira, 10:00etatik aurrera

erredakzioa



Herenegun atxilotuak izan ziren Gaizka Ibeas eta Iker Iraola gazte errenteriarren abokatuak esandakoen arabera, gaur pasatuko dira bi atxilotuak Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean deklaratzera. Hori egiteko aukera 10:00etatik aurrera izango dutela jakinarazio dio OARSOALDEKO HITZAri bi errenteriarren abokatuak, «baina 10:00etatik aurrera, zein ordu zehatzetan pasatuko diren jakiterik ez dagoela» aitortu du ere bai. Honenbestean, atxilotu zituztenetik 48 ordu pasatxora izango dira epailearen aurrean Gaizka Ibeas eta Iker Iraola.

Datu nahasiak

Bi atxilotuen abokatuak epailearen aurretik behin betiko noiz pasatuko esan aurretik, nahasketa handia izan zen atzo gai honen inguruan. Izan ere, zenbait komunijabideetan «datozen orduetan pasako» zirela esan bazuten ere, beste batzuetan ostirala arte Espainiako Poliziaren esku izango zirela esan baitzuten.

Grande-Marlaskak, beraz, gaur erabakiko du heremegun atxilotuak izan ziren Gaizka Ibeasekin eta Iker Iraolarekin zer egin.

 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika


OARSOALDEA, - 2008-11-20

Zinea

Film emanaldia
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-11-22

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa