Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Tortura salaketak jarri dituzte aske gelditu diren gazteetako bostek

Sarekada poliziala

Gaizka Ibeas atzo atera zen Soto del Realgo espetxetik, Grande-Marlaskak ezarritako 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren

erredakzioa

Hilaren 18an Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan atxilotutako Alex Etxeberriak, Jon Mikel Otxoak, Beñat Burladak, Gorka Etxeberriak eta Haizea Iriartek Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) Ane Ituiño eta Aiert Larrarterekin batera, inkomunikazio egoeran egon diren bost egunetan jasandako torturak salatu zituzten atzo, Donostiako Anoeta Hotelean egindako prentsaurrekoan.

Atxilotuen aurka erabilitako tortura metodoak azaltzeaz gain, epaitegian salaketa jartzeko izan dituzten arazoak plazaratu zituzten. Aiert Larrarteren esanetan, Donostiako bigarren instrukzio epaitegiko epailea ez zen torturak salatzen zituzten bitartean gela berean egon, «beste gela batean jasotzen zituen atxilotutakoen testigantzak idatziz»: «Harrituta eta haserre gaude epailearen jarrerarekin».

Horrez gain, Larrartek zehaztu zuen abokaturik eta prokuradorerik izaten ez zietela utzi salaketa jartzean: «Epaitegiko mediku forentseek bertan bakoitzari azterketa fisikoa eta psikologikoa egiteko eskatu genuen, eta epailea horretara ere ukatu egin zen».

Bigarren instrukzioko epaitegiko epailearen jokabide horrek «probak galtzea» dakarrela nabarmendu zuen TATeko kide Larrartek.

Ibeas, atzotik aske

Gaizka Ibeas gazte oreretarra, aldiz, atzo atera zen Madrilgo Soto del Realgo espetxetik, bermea ordainduta.

Atzo goizean ordaindu zuten gaztearen senideek Auzitegi Nazionaleko 3. aretoko Fernando Grande-Marlaska epaileak jarritako bermea, 6.000 euro, hain zuzen ere.

Edizio hau ixterakoan, baina, oraindik espetxean zegoen Errenteria-Oreretako gaztea. Hala ere, nahi eta nahi ez utzi behar zuten atzo aske.

Iker Iraola, Ibeasekin batera asteartean atxilotutako beste gaztea, aldiz, herenegun 23:30ak aldera iritsi zen herrira eta ongietorria jaso zuen.

Sumarioak sekretuan jarraitzen du oraindik. Askatasunak azaldu duenez, «akusazio orokorrak ezagutu ditugu, kale borrokako ekintzetan parte hartzea edota Segiko kide izatea egozten zaiela, eta bakoitzaren egoera pertsonala zertan gelditu den, baina ez bakoitzari zehatz-mehatz zer egozten zaion».

Borroka Egunean, lasaitasuna nagusi

Atzo, baita ere, ezker abertzaleak deituta borroka eguna izan zen Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen.

Errenteria-Oreretan, EAE-ANVko zinegotziak, premiazko prozeduraz, sarekadaren inguruko mozioa sartzen saiatu ziren. Ez zioten onartu, beraz, ez zen eztabaidarik egon.

Eguerdian eta arratsaldean, manifestazioak izan ziren. Bietan, herritar askok erantzun zioten deialdiari.

Oiartzunen, berriz, komertzioan lan-uztea eta manifestazioa izan ziren eguerdian. Erantzuna «ona» izan zela zehaztu zuten. Arratsaldean, oraindik jende gehiago izan zen manifestazioan.

Borroka egun honek Amnistiaren Aldeko Mugimenduak astelehenean euren kontra Madrilen hasi berri den epaiketaren kontrako mobilizazioekin bat egin zuen, era berean.

Don Boscoko langileen «elkartasuna»

Don Bosco Ikastetxeko langileek, era berean, «gure ikasle eta ikasle ohi atxilotuen familiei elkartasuna» adierazi diete, «eta atxilotuen errugabetasun eskubidea aldarrikatu» zuen.

Inkomunikaturik egon diren bitartean jaso duten tratuaren inguruan «kezka» agertu zuten Don Boscoko langileek. Era berean, «gazteek ikaskuntza prozesuarekin jarraitu ahal izateko prestutasun osoa» ere badutela azpimarratu dute prentsa ohar bidez.

Don Boscoko 50 bat irakaslek sinatu dute adierazpena.

 

salaketak

«Bigarren egunean hasi zitzaizkidan buruan joka»

Beñat Burlada

atxilotua



«Etxetik eskuburdinak jarrita nituela atera ninduten. Madrilera bidaia burua estalita eraman zitzaizkidan Donostiatik atera arte, eta gero, eskuburdinak jarrita. Bide guztian galderak egin zizkidaten. Madrilen, galdeketak egin zizkidaten, egunez eta gauez. Beste pertsonen oihuak entzuten nituen. Tortura modu ezberdinak egingo zizkidatela mehatxatu ninduten. Bultza eta astindu egin ninduten. Bigarren egunean, jotzen hasi ninduten. Buruan ematen zizkidaten golpeak, ukabil itxiekin eta hormaren kontra biluzik jarrarazten ninduten. Deklarazioak derrigortuta eta mehatxupean egin nituen».

«Neskalaguna atxilotu zutela pentsarazi ninduten»

Jon Mikel Otxoa

atxilotua



«Madrilerako bidaian kolpe batzuk eman zizkidaten buruan. Eskurdinak jarrita eta burua estalita eta makurtuta egin behar izan nuen bidaia. Ezin izan nuen lorik egin, besteak nola torturatzen zituzten entzuten nuelako eta edozein unetan funtzionarioak etortzen zirelako. Nire neskalaguna eta lehengusuruarekin mehatxu egiten ninduten. Neskalagunak soilik dakizkien gauzak esan zizkidaten, eta atxilotuta zegoela pentsatu nuen. Beraiek entzun nahi zutena esaten ez banuen, neskalagunari eta lehengusuari zerbait txarra gertatuko zitzaiela uste nuen».

«Buruan zauriak egin dizkidate kolpeengatik»

Alex Etxeberria

atxilotua



«Atxilotzerakoan, polizia batek lurrera bota ninduen. Madrilera eskuburdinak jarrita eraman ninduten eta kolpeak ematen zizkidaten buruan esku itxiekin eta irekiekin. Mehatxatu egin ninduten. Galdeketetan ukabilkadak ematen zizkidaten, puta semea deitzen ninduten, boltsa jarriko zidatela esaten zidaten eta ipurditik makil bat sartuko zidatela mehatxatzen ninduten. Ez dut ia lorik egin, beldurragatik. Mediku forentseari jo egiten nindutela esan nion, eta epaileari ere kontatu nion gertatu zidana. Buruan zauriak egin zizkidaten eta forentseak Betadinerekin sendatu zizkidan».

«Flexioak egin eta postura arraroan egonarazi didate»

Haizea Iriarte

atxilotua



«Buruan kolpeak eman zizkidaten. Galdeketetan beste batzuk sartu eta edozer egingo zidatela esanaz mehatxatzen ninduten, eta buruan jotzen zidaten, esku irekiekin. Beste gelak erakutsi zizkidaten, eta batean nire mutil-laguna zegoen. Berak erantzuten ez zuen bakoitzean nik arropa bat kendu behar nuen. Galtza eta bularretakoekin geratu nintzen. Iraindu egin ninduten. Poliziak esanarazi ninduena deklaratu nuen ofiziozko abokatua etorri zen bi aldietan. Kalabozoan flexioak eginarazi zizkidaten eta postura arraroetan egonarazi. Epaileari ez nion egin zidatena esan, beldurragatik».

«Anaiari min egingo ziotela mehatxatu ninduten»

Gorka Etxeberria

atxilotua



«Hormaren kontra bizkarrez jarri eta eskuak lotuta, hormaren kontra bultza ninduten. Madrilera bidean, ukondokadak eman zizkidaten eta ez zidaten burua altxatzen utzi. Nire anaiari min egingo ziotela mehatxu egin ninduten. Ondoko geletan oihuak entzuten nituen, eta berdina gertatuko zitzaidala esaten zidaten. Puta semea deitu ninduten, zure aita bezain puta semea nintzela esan zidaten. Madrilen iraindu eta mehatxatu egin ninduten, eta tratu txarrak eman. Oso lo gutxi egin dut, argia beti piztuta zegoelako. Oraindik eskuburdinen markak dauzkat eta bederatzi kilo galdu ditut».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Ipuin kontalariak

Ipuin kontaketa
Lezo, Andreone Udal Liburutegia - 2008-11-19

antzerkia

'Enkantatua' antzezlana
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-22

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa