Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Caritasek kudeatzen duen Trintxerpeko Trintxer Harrera Etxea zabaldu zutela 25 urte beteko dira uztailean; bertako arduradunek izandakoen, eta izango direnen azalpena egin zuten atzo

Bizitzak berregiten

urko etxebeste

Etxerik gabeko gizonezkoentzako Trintxer Harrera Etxea, Caritasek kudeatzen duena, zabaldu zutela 25 urte beteko dira uztailean. Atzo goizean, data hori gogoan hartuta, ekitaldi berezia egin zuten bertan lanean ibili direnak, eta lanean dabiltzanak biltzeko, eta egiten ari diren lanaren berri emateko. Tartean, Harrera Etxeko lehen langile izan zen Maria Dolores Zuriarrain omendu zuten.

«Begiak ikusteko; bihotza sentitzeko». Hala definitu zuen atzo Felix Azurmendik, elizbarrutiko bikario nagusi eta Trintxer Harrera Etxearen sortzaileetakoak bertan azken 25 urteetan egiten den lana. «Martimona-Txiki etxean hasi ginen lanean, duela 25 urte. Orduan, Caritasek ikusteko ardura izan zuen, etxerik gabeko kolektibo zabala zegoelako kalean; asko, kalean hil egiten ziren. Eta sentitzeko bihotza izan zuen, zer gertatzen ari zen sentitzeko, eta honi irtenbidea bilatzeko».

Bere historia pertsonalarengatik oso eri zeuden pertsonak ziren hasieran Trintxer Harrera Etxera hurbildu zirenak. Bizitza desegituratuekin, kalean, sufritzen. «Egin behar genuena egin genuen, kontzientzi etikoa eta kristauak hala esaten digulako. Pertsona horiek babesa behar zuten, elkartasuna. Egin behar genuena egin genuen; ez dugu inork txalotzea nahi». Egin dena «asko eta handia» dela aitortu zuen Azurmendik, «baina etorkizunera begiratu behar dugu. Hain gizarte oparoan ikusteko begiak behar ditugu, eta bihotza, sentitzeko. Pobrezia, bazterkeria, ondoan ditugulako, batzutan ez ikusi arren.

Boluntarioak

Javier Oiarbide Harrera Etxeko zuzendariak eta Jokin Uranga gizarte hezitzaileak Harrera Etxean onartuak direnak «pertsona bezala, eta gizarteko kide bezala» berreskuratzen saiatzen direla azaldu zuten. Eta Trintxerrera iristen diren pertsonak ilusio handiarekin iristen direla gaineratu zuten, «bakardadean bizitzetik, babestuak sentitzen direlako. Beren bizimodua Harrera Etxekoen laguntzarekin aldatzeko prest agertzen dira». Gauzak, baina, beti ondo ez direla ateratzen azaldu zuten, «hemendik ateratzerakoan, ez delako erraza bizitzea».

Dena dela, erretiroa hartu eta bolondres bezala Harrera Etxean lanean ibiltzen den Karmen Ganboak Harrera Etxean daudenen alboan egotea zein garrantzitsua den azpimarratu zuen, «hitz egiten, kafea hartzen, edo ordenadore ikastaroak ematen. Eta hitz egin nahi ez dutenaz, hitzik ez egiten. Errespetuan oinarritutako laguntza aurrera eramanez, finean».

Bolondres lanean «ondo eta onartua» sentitzen dela jakitera eman zuen Ganboak, «bolondresen lana Harrera Etxean egiten den lanaren osagarri delako. Gehienek bakardade handia pasatu dute». Felix Azurmendik Trintxerpek Harrera Etxearen jardunarekin izan duen jarrera egoki eta mesedegarria goraipatu zuen. «Herritarrak lagunduz herria egiten ari gara hemen. Bere buruaz lotsatuko ez den herri bat, beharra dutenei lagunduko diegulako».

 

zenbait datu



Zabaldu zenetik, 255 pertsona bizi izan dira Trintxer Harrera Etxean. Hauetatik 41 pertsona itzuli dira berriz ere zentrora.

Jatorriari begira, gehienak Euskal Herrikoak izan dira Trintxer Harrera Etxera iritsitakoak, 101.

Batez beste, zabalik daramatzan 25 urteetan, 8 pertsona berri urteko sartu dira Harrera Etxean.

Egun, Trintxer Harrera Etxeak 25 plaza ditu. Beste hiru plaza dituzte, halaber, gizarteratzeko etxebizitza batean. Bost langile daude lanean, eta hanbait boluntariok laguntzen dute.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa