Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

«Lan Osasunaren Eguna ezin da sinbolismo hutsean erori»

Ekonomia

LAB sindikatuak atzorako deitu zuen ordubeteko lanuztea «positiboki»<\q>baloratu dute ordezkariek

lorea muguruza

Nazioarteko Lan Osasunaren Eguna izan zen atzo, eta LAB sindikatuak ordubeteko lanuztea deitu zuen. Hainbat kontzentrazio deitu zituen sindikatuak eskualdeko hamaika lekutan. «Balorazio positiboa egiten dugu lanuzteaz, baina gure helburua ez da lanuzte jendetsuak egitea, langileak kontzientziatzea baino. Nazioarteko Lan Osasunaren Eguna ezin da sinbolismo hutsean erori, hausnarketarako eguna izateaz gain, borrokarako eguna izatea nahi dugu», zehaztu zuen atzo Gorka Berasategi LAB sindikatuko eskualdeko arduradunak.

Lanuzterik garrantzitsuenak Errenteria-Oreretako Txirrita-Maleo industriagunean eta Pasaiako Portuan izan ziren: 100 eta 90 langilek, hurrenez hurren, utzi zioten lan egiteari deialdiarekin bat eginez. Hein berean, sindikatutik jakitera eman dute portuan esaterako gainerako sindikatuek ere parte hartu zutela lanuztean.

Eskualdeko beste zazpi puntutan egin ziren elkarretaratzeak eta batez beste hogei bat pertsona bildu ziren bakoitzean: Lintzirinen, Urkiako biribilgunean eta Trintxerpen egindako mobilizazioetan hogei bat lagun elkartu ziren; Catelsa enpresaren parean, berriz, 35 pertsona; Oiartzungo Doneztebe plazan 50 langile; Carrefour merkatalgunean eta Catelsa enpresaren aurrean, aldiz, 35 pertsona batu ziren.

Bi helburu dituen lanuztea

«Alde batetik, elkartasuna adierazi nahi diegu lan istripuz hil diren langileei, baita haien familiei ere. Bestetik, berriz, administrazioak lan istripuen aurrean duen jarrera salatu nahi dugu», zehaztu zuen atzo, Andoni Pikabea LABeko ordezkarietako batek.

Ordezkarien esanetan, lan baldintzak aztertzen dituzten ikuskarien inguruan «hutsuneak» daude: «Adibidez, Europa mailan 5.000 eta 7.000 pertsonentzako ikuskari bat duten bitartean, guk hemen, 15.000 eta 20.000 pertsonentzako dugu bat».

Ikuskarien «faltaz» gain, lan gaixotasunen inguruan dagoen politika ere kritikatu zuten LAB sindikatuko ordezkariek: «Hil gabe ere, lanak uzten dituen ondorioak ez dira aintzat hartzen. Hau da, erretiroa hartu eta egindako lanaren ondorioz jasandako gaixotasunak ez dira eritasun gisa onartzen».

Oraingoz 28 langile hil dira Euskal Herrian

Aurten LAB sindikatuak jasotako datuen arabera, 28 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuen ondorioz: «Iaz, berriz, 125 hildako izan ziren denera, eta 216 larriki zaurituak izan ziren. 62.407 langile, ordea, arinki zauritu ziren». LAB sindikatuko ordezkarien esanetan, ordea, lehen aipatutako datuak sindikatuak berak jasotakoak dira, eta ez dute «errealitatea bere horretan islatzen». «Guk jasotako datuak ez dira erabat errealak, izan ere, beste hamaika istripu egongo baitziren. Sarritan enpresek eta mutuek ez dute lan istripu guztien berri ematen».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa