Zortzi dokumental eta bi mahai-inguru izango dira Lupa Mostraren osagaiak
Zinema
Donostiako Kutxa aretoan eta herriko Mikelazulo Elkartean izango dira emanaldiak, gaurtik aurrera
jon gonzalo
Lupa Dokumentalen Mostra gaur hasiko da Donostian. Mostrako lehen emanaldian Gaviotas blindadas III. dokumentala izango da ikusgai Kutxa aretoan (Arrasate kalea, 12). 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera doakoa da.
Etzitik igandera, berriz, Lupa Dokumentalen Mostrako gainontzeko emanaldiak Errenteria-Oreretan ikus ahal izango dira. Mikelazulo Kultur Elkartean, hain zuzen (egitaraua, beheko taulan).
Lupa Dokumentalen Mostra Donostiako Banda Bat Elkarteak eta Mikelazulo Elkarteak antolatu dute elkarlanean. Antolatzaileek azaldu dutenez, «dokumentalen proiekzioak eta dokumental munduko profesionalen topaketak dira ekimenaren osagai nagusiak».
egitaraua
Gaur
19:00etan. Donostiako Kutxa aretoan (Arrasate kalea, 12),
Gaviotas blindadas III. dokumentalaren emanaldia.
Sinopsia :
Mario Roberto Santucho, armadaren kontrako enfrentamendu batean hil ondorengo garaietan, erbesteratzeak eta kartzelaratzeak izan ziren nagusi. Hala ere, militanteek haien formakuntza politiko zein ideologikoa etenik gabe jarraitu zuten.
Etzi
11:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, mahai-ingurua. Gaia: Dokumentalaren edukiak.
18:30ean. Mikelazulo Kultur Elkartean, Yo pregunto a los presentes dokumentalaren emanaldia.
Sinopsia : Daniel Viglietiren hitzetatik abiatuta eztabaidarako gai zehatza planteatzen du dokumental honek: Norena da lurra gaur egungo Uruguayn?
20:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, En la Boca del León dokumentalaren emanaldia.Sinopsia : Bost kubatar Estatu Batuetako kartzeletan espetxeratuak daude. Mespretxua eta tortura bermatzen dituzten arauen eta epaiketa irregularren biktima dira. Filma honetan inperialismo iparamerikarrak munduan zehar zabaltzen duen desinformazioa agertzen zaigu, baita preso kubatarrekiko babesa ere.
Larunbata
11:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, mahai-ingurua. Gaia: Dokumentalaren ekoizpena eta banaketa.
18:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, Septiembres dokumentalaren emanaldia.
Sinopsia : Urtero Irailean, Soto del Real-eko espetxean, Festival de la Canción delakoa ospatzen dute. Hainbat kartzeletatik iritsitako presoek hartzen dute parte. Jaialdiaren ostean lau gizon eta lau emakumek bere kartzela barruko egunerokotasunean sartzeko aukera eskaintzen digute, haien bizitza nolakoa den ezagutzeko, baita haien amodio erlazioak nolakoak diren ezagutzeko ere.
20:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, Lucio dokumentalaren emanaldia.
Sinopsia : Anarkista asko izan dira munduan, eta badira oraindik ere. Ugari izan dira anarkismoaren alde lapurretan edo kontrabandoan aritutakoak. Ordea, oso gutxi izan dira Chérekin estrategia eztabaidan jardundakoak, edo Eldridge Cleaver Pantera Beltzen burua lagundu dutenak. Luzio Urtubia, Cascanteko (Nafarroa) anarkista da horietako bat.
Igandea
18:30ean. Mikelazulo Kultur Elkartean, Un tal Eusebi dokumentalaren emanaldia izango da ikusgai.
Sinopsia : Nik ez diot beldurrik heriotzari, iragate bat besterik ez da. Erretiroa eman zidatenean, buruaz beste egin nahi izan nuen, baina ahots indartsu batek esan zidan: "Ez, gizon, ez! Ez zaitez bota. Artista baten arima duzu. Horretan jardun eta ikusiko duzu nola izango zaren zoriontsu! Eta horrela izan da. Hil arte ez dut utziko.
19:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, Bartolo dokumentalaren emanaldia.
Sinopsia : Bartolo San Fernandon (Cadiz) dagoen taberna berezi batda. Bertan, aspaldi gelditu zen denbora. Bartolo eta bere hondartza, bere auzo eta jendartea desagertzeko arriskuan daude. Kirol portu baten eraikuntza proiektuak hango ekosistema propioa aldatzeko mehatxua suposatzen du.
20:00etan. Mikelazulo Kultur Elkartean, Angor dokumentalaren emanaldia.
Sinopsia : Egile bat munduko kultura ezberdinek hildakoak nola ehorzten dituzten kontatzen duen filma prestatzen ari da. Bat batean bihotz operazio larri batek bere lana kolokan jarri eta dokumentala birplanteatzera behartzen du. Emaitza kontenplaziorako lan zeharo pertsonala da, non gizateriaren gai garrantzitsuenak ageri zaizkigun, ahanztura, elkartasuna, mina, oroimena eta heriotza.