
Langileen borrokaren zentzuaz
Lan mundua
Eskualdeko sindikatu handienen ordezkariek langileen mugimenduaren inguruko hausnarketa egin dute
urko etxebeste
Atzoko Maiatzaren Lehenaren harira, eskualdeko sindikatu handienetako ordezkariek egun langileen mugimenduak bizi duen osasunaren eta borroken berri eman dute, bi galderari erantzunez. Hona ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako eskualdeko buruek OARSOALDEKO HITZAri egin dizkioten hausnarketak.
«Kapitalismoa erakundeetako buruek bultzatzen dute baita ere»
xabier perez
ELA sindikatuko Oarsoaldea-Bidasoa eskualdetako Idazkari Orokorra
1. «ELA-rentzako zentzu betea du. Ez da bakarrik duela 125 Chicagoko sarraskiaren oroitzapen eguna. Esplotatzaileak, eta esplotatuak dauden bitartean, Maiatzaren Lehenak zentzu handia du. Egia da urteen poderioz eguna ospatzeko modua aldatu dela, izan ere, lehengo kapitalismoa nabariagoa zelako, eta oraingoa, berdina bada ere, txertatuagoa dagoela gure artean. Eta kapitalismo hori erakundeetako buruek bultzatzen dute. Luxuzko bizitza daramaten herritarrak daude gure artean, baita hilabete bukaerara duten diruarekin iristen ez direnak ere. Guk, sindikatu abertzale bezala, subiranotasun nazionalaren ideia zabaldu nahi dugu halaber, subiranotasun sozialarekin zerikusi handia duelako. Lehengo kapitalistak ez daude bakarrik gure artean, baizik eta, esaterako, Eusko Jaurlaritzan bertan daude».
2.«Azken urtetako aldarrikapen berdinak mantentzen ditugu guk. Euskal langileentzako baldintza duinak eskatzen ditugu, borrokan jarraitzen dugu Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako gobernuen politikak langileen interesen aldekoak izan daitezen, sektore publikoa indartuko duten politikak aurrera eramatea, Euskal Eskola Publikoaren aldeko lanean ari gara; hirugarren adinekoen egoitzak ez daitezela pribatuak izan, publikoak baizik... Gainera, saltoki handietako langileen aldeko borrokari eutsiko diogu, argi eta garbi. Ezin dugu onartu Eusko Jaurlaritza izatea langileen eskubideen urraketen burua».
«Beste eredu politiko eta sozial baten alde egin behar dute agintariek»
gorka berasategi
LAB sindikatuko Oarsoaldea-Bidasoa eskualdetako koordinatzailea
1. «Euskal langileentzako zentzu osoa du Maiatzaren Lehenak. Finean, guk ez dugu ezer ere ospatzeko egun honetan; borroka eta aldarrikapen egun esanguratsua da guretzat. Azken garaietan kapitalak eraso handia egin dio langileen klaseari, eta hori izan behar da abiapuntua langileen esparruaren munduan aurrerapausoak emateko, hausnartzeko eta aurrera jotzeko».
2. «Euskal Herriko langileriaren aldarrikapen nagusiena aldaketaren beharra izan behar da. Hori izan da Maiatzaren Lehenerako izan dugun leloa. Bai aldaketa politikoa, eta aldaketa soziala. Edozein aldaketa sozialek beste eredu politiko baten aldaketa dakar gure ustez, noski, eta aldaketa sozial horiek, euskal langileok bertan lan egiten dugunez, bertatik eta bertarako egin behar ditugu. Gure lan harremanen marko propioa eraiki behar dugu, azkenean, langileen mesedean oinarrituko den marko propioaren alde egiten dugu: prekarietatearen aurkako borrokan, bazterketa sozialen kontrako borrokan, gizarte zerbitzu indartsu baten aldeko borrokan. Finean, gure erakundeek eta agintariek beste eredu politiko baten aldeko apustua egin dezaten lan egin behar dugu. Eredu politiko horren aldaketarekin etor liteke langileen eskubideen onarpena».
«Aldarrikapenen festa da guretzako Maiatzaren Lehena»
patxi cornejo
CCOO sindikatuko Oarsoaldea-Bidasoa eskualdetako arduraduna
1. «Hasieran izan zituen helburuetatik ez du aldaketa handirik izan Maiatzaren Lehenak: gure eskubideen hobekuntzaren bidean aldarrikapenak egiteko eguna da. Alta, duela urte batzutatik hona egun hau ospatzeko modua aldatu da. Garai batean, isunak jartzeko, edo atxilotzeko arriskua zuten Maiatzaren Leheneko ekitaldietan parte hartzen zutenek, eta manifestaziotan istiluak izaten ziren. Langileok arazoak izaten jarraitzen dugu, eta aldarrikapenen festa dela egun hau esan dezakegu».
2. «Aldarrikapen asko dauzkagu langileok. Aurten, esaterako, CCOOk langileek dituzten soldata baxuei inguruko lanketa egin du Maiatzaren Lehenari begira; horrekin lotua, enpresek eta banketxeek dauzkaten diru etekinak soldatekin bat ez datozela salatu dugu. Helburu orokorrei begira, lan postu finkoak, lan osasuna bermatzea, gaixotasun profesionalen kontrako borroka egitea, lan eta soldata duina izatea... Beste gauza bat: adierazpen askatasunaren inguruko hausnarketa egin nahiko nuke. Izan ere, Maiatzaren Lehenerako guk jarri dugun propaganda kendu digute, eta kasualitatez, beste sindikatu batzuena ez da kendu. Herri honetan dagoen tolerantzia faltaren adibidea da hori».
«Lanaren globalizazioarekin langileen arazoak aldatu dira, baina arazoak hor daude»
felipe javier
UGT sindikatuko Oarsoaldea-Bidasoa eskualdetako arduradun orokorra
1. «Garrantzia handia du Maiatzaren Lehenak eta duen esanahiak gaur egun ere. Egun, antzinean genituen arazoak aldatu egin dira, baina arazoak hor daude oraindik ere. UGTtik arazo horiek aldarrikatu nahi ditugu, eta ezin dugu ahaztu laneko prekarietatea nabarmena dela, baldintza ekonomiko-sozialak askotan latzak direla herritarrentzat, eta beraz, Maiatzaren Lehenak zentzu osoa du. Egun honetan kalean, gure aldarrikapenekin egotea oso garrantzitsua dela uste dugu UGTtik».
2. «Lan esparru asko dauzkagu sindikatuok langileen aldarrikapenei dagokionean. Lan baldintzen gaian asko dago hobetzeko: globalizazioaren gaiarekin langileen-poltsa berriak daude, gehienak ere atzerritik etortzen direnak. Orduan langile hauen lan-arazoak nabarmenak dira. Gainera, datozen langile asko eta asko emakumeak dira, eta kontratu moten alorrean badugu zertan lan egin. Gainera, lan istripuen kontua errotik konpondu behar dugun gaia da, ez delako posible hainbeste langile hiltzea bere lanpostuan».
galderak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bertsolaritza
Xenpelar Bertso Eskolak ikasturte berriaren hasiera
ERRENTERIA-ORERETA, - 2008-10-10
deialdiak
Bazkaria
OARSOALDEA, Iriarte-Enea jatetxean - 2008-10-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.