
Beste sei urtez kudeatuko ditu kiroldegia eta igerilekua Serviocio enpresak
Lezo
Udalak enpresarekin duen «harreman ona» eta kudeaketarekin «gustura» dagoelako luzatuko dio kontratua
lorea muguruza
Bekoerrota kiroldegia eta Altzate Igerilekua kudeatzen dituen Serviocio enpresa beste sei urtez arduratuko da kirol instalazioez.
Udalak jakitera eman du luzapenaren zergatia enpresarekin duen «harreman ona» dela, baita egiten duen kudeaketarekin «gustura» dagoela. «Udalarekin harreman zuzena du Serviociok; kiroldegian eta igerilekuan egiten duen kudeaketarekin ere gustura gaude. Kiroldegiaz kanpoko beste hainbat ekimen egiteko ere beti prestutasuna agertu du, inplikatu egin da», azaldu zuen Iñigo Esnaola Kirol zinegotziak Arkaitz Angiozer kirol teknikariarekin batera.
Esnaolak eta Angiozarrek adierazi zuten, Serviociorekin lehen aldiz kontratuta egin zenean 20 urtetan kontratuta berritzeko aukera ezartzen zela: «Kontratuaren arabera, lehen bi urteen ondoren hitzarmena aztertu eta berriz ere sinatu edo ez erabakitzeko aukera zegoen. Lehen bi urteak igaro ziren eta kontratua luzatu zitzaion. Ondoren beste sei urteetarako luzatu zitzaion kontratua. Azken erabaki honekin beste sei urtetan ere Serviociok kudeatuko ditu kiroldegia eta igerilekua».
Egitasmo gehiagorekin, aurrera
Beste sei urtez kontratua luzatzeko erabakia mahai gainean hainbat egitasmo zeudelako izan dela adierazi zuen Esnaolak: «Datorren urteari begira hainbat egitasmo genituen esku artean, eta kiroldegia, baita igerilekua ere, zeinek kudeatuko zuen jakin gabe ezin genuen aurrera egin. Horregatik erabaki dugu Serviociori kontratua luzatzea».
Horrez gain, hiru puntutan hobekuntzak lortu dituztelako onartu zutela Serviociori kontratua luzatzea ere gaineratu dute zinegotziak eta teknikariak: «Luzapenarekin lortu dugu irekiera orduak %10 gehitzea. Honek esan nahi du neguko ordutegiaren arabera astean beste 17 ordu gehiago izango dituztela bazkideek kiroldegia eta igerilekua erabiltzeko».
Bestalde, kiroldegiko eta igerilekuko langileen «lan badintzak hobetzea» ere bermatzen duela azken luzapen honek azpimarratu nahi izan zuten.
Instalazio eguneratuak, bermatuta
Udalak Serviociori eman ohi dizkion diru laguntzekin mantenu lanak egin ohi ditu beste hainbat gauzen artean. Baina azken hitzarmenaren arabera, Serviocio enpresak berak 15.000 euro jarri beharko ditu urtero inbertsio berriak egiteko: «Serviociok 15.000 euro inbertsiotarako erabiltzeak urtero kirol dotazio berriak izatea bermatzen du. Horrez gain, hurrengo sei urtetako inbertsioetarako diru hori gehituta, kirol instalazioak eguneratuak izatea ekarriko du».
Dena den, Esnaolak eta Angiozarrek nabarmendu dute inbertsioetarako 15.000 euro hitzartu izanak, ez duela baldintzatuko beste inbertsio handiago baten beharra dagoenean, diru gehiago ez jartzea.
Bestelako konponketa batzuk
Esnaolak eta Angiozarrek Serviociorekin egindako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bestelako kirol instalazioetan egin beharreko zenbait konponketa aipatu zituzten: «Plazeta futbol zelaiko teilatuan itoginak daude, eta horiek konpondu behar ditugu. Horrez gain, Altzate igerilekuaren belardian dagoen bidegorria ere uda iritsi aurretik konpondu behar da, altxata baitago».
Bestetik, gogorarazi zuten Kirol-mahaia uztailean deituko dutela.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Santiago bideari buruzko informazioa eta peregrinatzaileen kredentzialak
PASAIA, Donibanen - 2008-04-01
deialdiak
1978ko kintoen bazkaria
OIARTZUN, - 2008-06-13
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.