Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko abuztuak 30, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Oiartzunek Euskadiko Kopako finala jokatuko du

Futbola

4-1 irabazi zuten neska oiartzuarrek Añorgaren kontra Ugaldetxon jokatutako partida

o. mitxelena / l. muguruza

Finala jokatzeko sailkatu dira Oiartzungo neskak. Atzo jokatu zuten, Añorgaren kontra, Ugaldetxon, eta 4-1 irabazi zuten. Galtzen hasi ziren oiartzuarrak, korner baten ondoren, Alaznek bere atean sartu zuelako gola, baina hamar minutu beranduago iritsi zen berdinketaren gola. Maitane Toledok sartu zuen. Añorga jokoan sartu zen golaren ondoren, baina baloiaren kontrola oiartzuarrena izan zen. 2-1koa Alaznek sartu zuen. Oiartzuarren hirugarrena Anek sartu zuen, eta laugarrena, Titayk.

Motibazio handiarekin irten ziren zelaira atzo bi taldeak. Derbi kutsua izaten dute beti Oairtzun eta Añorgaren arteko partidek, eta Kopa jokoan, atzo agerikoa zen bi taldeak irabazteko gogoz zeudela. Oiartzunek Añorga mendean hartu zuen arren, oso partida lehiatua izan zen atzokoa.

Hurrengo hitzordua datorren asteko larunbatean dute oiartzuarrek, Barakaldoren kontra. Edonola ere, finalerako sailkatuta daudenez, ez da partida erabakiorra izango.

Bien bitartean, erabakitzeke dago finalean zein izango duten kontrario. Athletic edo San Ignacio. Bietako bat izango da Oiartzunen kontrario kopako finalean.

Allerruk 1-0 irabazi dio Lengokoari

Lehen Erregionaleko Allerruk Lengokoak talde donostiarra mendean hartu zuen atzo Plazetan jokatutako partidan, 1-0. Azken unera arte ez zen partida erabaki, izan ere, partida nahikoa parekatua izan baitzen. Sailkapenean orain, Allerruk lau puntuko aldea ateratzen dio Lengokoak taldeari eta laugarren postuari eusten dio.

Lehen zatian ez Allerruk, ezta Lengokoakek ere, ez zuten gol aukerarik sortu, zelai erdiko jokoa nagusitu baitzen. Dena den, lehen zatia bukatzeko minutu baten faltan epaileak txartel gorria erakutsi zion Ekaitzi, eta kalera bota zuen.

Bigarren zatia, beraz, hamar jokalarirekin jokatu behar izan zuen Allerruk, baina ez zuen amore eman. Egoera aprobetxatu nahi izan zuten donostiarrek, baina falta ugari, baita kornerrak ere jaurtitzeaz gain, ez zuten deus lortu. Bigarren zatia bukatzeko minutu baten faltan, aldiz, Iñaki Rotetak donostiarren atea zulatu zuen, falta jaurtiketa baten ondorioz.

Trintxerpe, goikaldeari eusten

Trintxerpek 4-2 irabazi zion UPV-Vasconiari Don Boscon. Bi golen aldearekin irabazi arren, ez zen partida erraza izan atzokoa zuri urdinentzat. UPVkoak jaitsiera postuetan dira eta puntuen beharrean daudela igarri egin zen.

Trintxerpe izan zen markagailuan aurreratzen lehena. Lehen zatiko seigarren minutuan, Ilargik gola sartu zuen. Ondoren, gol aukerak izan zituzten batzuk eta besteek, baina berdinketaren gola ez zen iritsi lehen zatiko bukaera aldera arte. UPVko Aimar Jacak sartu zuen banakoa.

Bigarren zatiko hamargarren minutuan UPVkoek bigarren gola sartu zuten eta markagailuan aurretik jarri ziren, zuri urdinak urduri jarriz. Baina, 28. minutuan epaileak penalti eztabaidagarria adierazi zuen Trintxerperen alde, eta Varelak sartu egin zuen. Hortik aurrera dena alde izan zuen Trintxerpek. Hirugarren gola Iñigo Vilak sartu zuen, eta laugarrena eta azkena Angelillok. Gol ikusgarria sartu zuen Angelillok, area kanpotik, baloia loratuz.

Atzoko partida irabazita sailkapenaren goiko aldeari eusten dio Trintxerpek. Aretxabaletak eta Real Unionek ez dute oraindik jokatu eta honenbestez sailkapenean hirugarren dira zuri urdinak.

Areto futbola

Maila Nazionalean jokatzen duen areto futboleko Allerru-Algeposa taldeak Zierbana liderraren kontra 2-9 galdu zuen atzo Bekoerrota kiroldegian jokatutako partidan. Sailkapen nagusian Izkepot taldeak jardunaldi honetan irabaziz gero, bosgarren postua galduko luke Allerru-Algeposak; aurretik duen Iturriondo Pinturas Izkararengandik sei puntura geldituko litzateke.

Partida ona egin zuten Allerru-Algeposako jokalariek. Liderrak, ordea, ez zituen akatsak barkatu eta atera jaurtitzen zuen ia guztietan gola sartzea lortu zuen. Jokalari lezoarrek ere gol aukera ugari izan zituzten, baina nahi baino gehiagotan eman zioten langari. Lehen zatia 0-3 bukatu zen.

Bigarren zatian, berriz, egoerak behartuta Allerru-Algeposa erasoan hasi zen, baina kontraerasoan gogor erantzun zuen Zierbanak eta golak bata bestearen atzetik lortu zituen.

Dena den, Allerru-Algeposaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak eta Josebak aurkarien atea zulatzea lortu zuen. Lezoarren bigarren gola ere Josebak sartu zuen. Bi golak, ordea, ez ziren partida irabazteko nahikoak izan.

Datorren astean Jarrilleros taldearen kontra neurtu beharko ditu indarrak talde lezoarrak.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa