Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko irailak 8, Astelehena

Harpidetu zaitez!

Adin guztietako lagunentzako sarrera merkeak dituzten kontzertuek, antzerkiek, zirko ikuskizunek eta hitzaldiek osatzen dute etxe okupatuetako eskaintza alternatiboa

Aisia aukerak etxe okupatuetan

Naiara Arteaga (Berria)

Denbora-pasen gizartean gaude gaur egun, eta aisialdiak badu hor bere tokia. Hori dela eta, erakunde ugarik denbora librerako hainbat jarduera antolatzen dituzte. Horietako asko udaletxeek edo erakunde pribatuek antolatzen dituzte, baina, horiez gain, badaude hainbat eskaintza egiten dituzten beste zenbait elkarte: etxe okupatuak, esate baterako.

Udalek eta beste erakunde pribatuek eskaintzen dituztenen aukera bezala aurkezten dituzte proposamenak etxe okupatuetan bizi diren lagunek, bai eduki eta baita prezio aldetik ere. Beste hainbat ekitaldiren artean eskaintzen dituzte kontzertuak, antzerkiak, zirku ikuskizunak, pailazo ikuskizunak eta hitzaldiak.

Jarduera horietako askotan etxe okupatuetako kideek hartzen dute parte zuzenean; hala ere, haien helburuetako bat gizarteari zerbitzua eskaintzea denez, jardun alternatibo bat proposatzen duen lagun orori horretarako behar duen lekua uzten diote. Era honetan, probak doan egiteko tokia izaten dute jarduerak egiten dituztenek.

Autogestioan oinarrituak

Etxe okupatuak autogestioan oinarrituta egon ohi dira. Horregatik, egiten dituzten ekitaldiek normalean prezio onak izaten dituzte, eta erakunde pribatuek zein udalek eskaintzen dituzten jarduerak baino merkeagoak izan ohi dira. Etxe okupatuetako jardueretan lortzen duten dirua taldeentzat izaten da. Hala ere, jardunetan edaria eskaini ohi diete bertaratzen direnei, eta tabernatik ateratzen dutenarekin etxea mantentzeko behar dituzten materialak erosten dituzte etxe okupatuetako kideek.

Gaztetxeekin harremanetan

Jardunak antolatzerakoan, gainontzeko gaztetxeekin harremanetan jarri ohi dira etxe okupatuetako kideak, jardueren berri emateko, eta inguruko gaztetxeetan zer gertatzen den jakiteko. Horrela, kanpoko talde bat etxe okupatu batean badago, ingurukoek jarduerara joateko aukera dute, edo haien gaztetxeetan ere kanpoko taldeei jarduna egitea eskaintzekoa.

Berri horiek zabaltzeko, etxe okupatuek sare antzeko bat daukate: gaztetxe batek antolatzen duen festara inguruko ezagunak gonbidatzen ditu. Jarduera horiek irekiak direnez, ezagunek beste batzuei esaten diete, eta festatan jende ugari biltzen da. Horrela, gaztetxekoak harremanetan jartzen dira jarduerara hurbildu direnekin, eta antolatzen dituzten hurrengo ekitaldiak zeintzuk diren jakinarazten diete haiei ere.

Lobato etxearen adibidea.

Lezoko etxe okupatuan hamaika ekitaldi egin dituzte bertako kideek, 1999an okupatu zutenetik. Ordutik, lagun batzuk joan eta besteak etorri diren arren, zortzi urteetan aisialdiko eskaintzari eustea lortu dute. Batik bat musika kontzertuak antolatzen dituzte, bertako eta kanpoko taldeekin. Kontzertu horietako asko Lobato etxekoek antolatu izan dituzten arren, zenbaitetan beste kolektibo batzuek lekua eskatu izan diete haien jarduerak egiteko.

Horren adibide da Errenteriako irratia: Lobato etxea erabiltzea eskatu izan diete, zenbait kontzertu antolatzeko.

Lobato etxean ia hilero egiten dituzte festak, eta bestelako ekitaldiak. Azkena hip hop kontzertua izan zen, eta martxoaren lehenengo astean egin zuten. Break dancers batzuk ere izan zituzten, eta inguruko eta kanpoko lagunak bildu ziren. Hurrengo jarduera maiatzaren 3an egingo dute: Bartzelonako punk talde batzuekin kontzertua.

100 musika talde inguru

Duela zortzi urte lehen kontzertua antolatu zutenetik, Euskal Herriko 100 musika talde inguru eta kanpoko 60 baino gehiago izan dituzte Lobato etxean. Hori dela eta, ez da harritzekoa etxe okupatu horretako lagunek munduko leku ezberdinetako jendearekin harremana dutela jakitea.

Gehienbat musika kontzertuak izaten dituzte, eta gela bat daukate bertan probak egiten dituzten taldeentzat. Horretaz gain, Lobato etxean jarduerak egiteko beste hainbat gela daude. Horien artean daude serigrafia gela, interneten ibiltzeko ordenagailu gela eta diskodun eta disko biragailudun gela.

Zineman ere izan du tokia Lobato etxeak. Bertako lagunek film batean parte hartu zuten lehengo urtean: La casa de mi padre (nire aitaren etxea) filmeko eszena batzuk egin zituzten Lobato etxean. Filmean gaztetxe bateko kontzertua irudikatu nahi zuten, azaldu dutenez, asko sartu ziren okupatzaileen paperean.

Etxe okupatua baita, lehenago edo beranduago bota egingo dituzten beldur dira Lobato etxeko lagunak. Lobato etxearen ondoan, etxe berriak eraikitzekoak dira, eta sustatzaileak haiekin hitz egitera joan dira. Lobato etxetik joan daitezen eskatu diete, baina haiek ezezkoa eman diete. Oraingoz, berriro itzuli ez diren arren, sustatzaileek behar dituzten paperak biltzean botako dituzten susmoa dute Lobato etxeko lagunek.

Gai horren inguruan Lezoko Udalarekin hitz egin dute. Lobato etxekoek udalak Lobato etxea erostea eta Lobato etxeko lagunek kudeatzea proposatu dute, baina udalak ezetz esan die. Haiek kanporatuz gero, etorkizunean aisialdiko jarduera alternatiboak inork egingo ez dituen beldur dira.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

Ibilaldia
OARSOALDEA, Doneztebe plazan - 2008-09-10

Kirola

Itsas Mendiren X. Pala Txapelketa
PASAIA, Pasai Donibane - 2008-09-11

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa