Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko urriak 14, Asteartea

Harpidetu zaitez!

ana mendiolA ð- Dantzaria

«Dantza kultura bat da, bizitzaren kontzientzia hartzeko modua»

Dantza

Ana Mendiolak dantza bere tokia zela jakin zuenetik, irakasle lanetan dabil eta espiraltasunaren dantza sortu du bere bizipenetatik abiatuta

goiatz labandibar

Donostiako Parte Zaharreko Mari kalean jaio zen Ana Mendiola (Donostia, 1964), Urgull mendia babesten duen harresiaren kontra. Madrilen, Tenerifen, Kanadan, Italian... bizi izan ondoren, senarrarekin eta bi semeekin Oiartzunera iritsi zen dantza irakasle hau. 18 urte daramatza bertan, dagoeneko.

Etxetik bultza zizuten dantzaren mundura umetan?

Donostiako kontserbatorioan hasi nintzen dantzan, 12 urterekin, ahizpekin, hiru urtez. Dantza klasikoa ez zen nirea. Gehiago gustatzen zitzaidan musika teknika baino. Gero, antzerkia ikasten hasi nintzen. Segoviako ihesa egin zuten orduan, eta aktore izateko proba egitera joan nintzen. Ez ninduten hartu, ez omen nuen preso aurpegirik, baina zuzendariak filma nola egiten zen ikusten utzi ninduen. Madrilera joan nintzen filma estrenatzera eta han gelditu nintzen, antzerkia ikasteko. Baina, bizitzaren kontuak, dantza irakasle kubatar bat ezagutu nuen, Arnalo Patterson, babes politikoa eskatu zuena. Espainiako Estatuko dantza akademia zaharrenetako baten eman nuen izena. Han ezagutu nuen. Asko eragin ninduen, hura zela egin nahi nuena konturatu nintzen. Berarekin ezagutu nuen dantza afrikarra. 1981a zen. Niretzako movida madrileña egunero zortzi orduz dantzatzea izan zen.

Duela urte gutxi batzuk Ochumare, orisha del arco iris dokumentalaren protagonista izan zinen. Antzerkiaren munduaren harrak bultzata?

Senarraren bizitzari omenaldi bat izan zen. Dokumentalean dantza egiten dut, bere lana gogora ekarriz. Nik dantzan jarraitu dut, baina oso zaila izan da. Duela 12 urte hil zen. Nik ez dut dantza bakarrik egin. Semeei bizia eman eta hazi ditut. Indar asko behar izan dut. Hazi dira eta beste energia batzuekin egiten dut aurrera. Bakarrik gelditu nintzenean haurrak txikiak ziren. Nire maitasun guztia eman nien. Oiartzunen bizitzea oso garrantzitsua izan da. Seme txikiak sei hilabete zituela etorri ginen. Orduan hasi ziren Arnaldoren osasun arazoak.

Dantza afrokubatarrak ikasten hasi zinen. Zuk sortutako espiraltasunaren dantzak eta haiek badute loturarik?

Ni zerotik hasi nintzen. Dantzan umetan ibili nintzen, baina gero atletismoa egin nuen eta nire gorputzak beste hezkuntza bat jaso zuen. Senarra afrokubatarra zen, eta oso irakasle berezia zen. Dantzaz gain, filosofia bat ere ikasi nuen. Lurrarekin, konektatzen den bezala, ni kultura afrokubatarrarekin lotu nintzen. Urte hauen ondoren sortu dudana da espiraltasunaren dantza, 2004an: pertsona bezala hazi naizenean jaso dudana, nire bizi esperientzia izan dena. Dantza irakasle gisa gune erosoak sortu behar izan ditut, lotsak kentzeko. Zailtasunak samurtu behar izan ditut. Afrika niretzako lurra izan zen, hasiera. Arnaldok dantza garaikidearen oinarria ere bazuen. Sustraiak Afrikan zituen, bere azal koloretik hasita, baina mestizaia ere bai, Ipar Ameriketako dantza garaikidearen eragina zuelako. Nik hori guztia jaso nuen. Gero, forma eman diot. Lurrean sortzen da, eta espiral batek bildu eta igarotzen zaitu lurra, ura, sua eta airearen elementuekin. Hori da garena.

Dantza pauso hutsak baino gehiago dela defendatzen duzu.

Dantza kultura bat da. Bizitzaren kontzientzia hartzea da. Dantzan ikastea ez zen pausoak ondo egitea izan, irekitzea ere bai. Hasieran, guztiak oso lotsaturik geunden pelbisa mugitzeko... Nire gorputza eta espresioak nireak zirela konturatu nintzen, lotsarik gabe mugi nintekeela ikasi nuen. Dantza, inguratzen zaituen mundua eta zu zeu nolakoa zaren adieraztea da.

Dantzan hasteko edozein momentu da ona?

Beti dago denbora. Zazpi urteko ikasleak izan ditut euren amekin dantza egiten, izan dut ikasle bat hezurretako gaitz bat zuena eta aulki gurpildunean zegoena... Saioetan, etzanda ikusten zuen besteek nola dantzatzen zuten. Mugimendua ikuste hutsak asko eskaintzen zioela zioen, horrela ez zuelako ahazten zer egiten zuen lehen. Ikasi nuen baldintza bakoitzean gauzak identifikatu behar direla. Beste batean, Mexikotik etorritako ikasle bat izan nuen, besorik gabe. Irakasgai bat izan zen, dena posible dela ikusteko.

Euskaldunak nola moldatzen gara dantza sentsualagoetan?

Gure kulturak indar eta energia asko du, eta saltoak indarra adierazten du. Saltoak bizitza ordezkatzen du. Euskal dantzak oso bertikalak dira. Horizontalean dantzatzea, kulunkatzea, sentsuala da. Tradizioak, erlijioak, zer dagoen ongi eta gaizki... asko markatu du gure kultura, lotsa asko sortu ditu. Gazteek edozein dantzarako gaitasun izugarria dute. Nonbaitekoa izateagatik ez dugu erraztasun gehiago dantza batzuetarako. Jarrera da axola duena. Euskaldunok erritmoaren ohitura eta memoria handia dugu, mugimenduan eta ahotsean. Hori ez dugu galdu behar, espresatzeko modu bat delako. Aniztasuneruntz goaz eta kulturen arteko ezberdintasunak gutxitzen ditu. Baina dantzan ez dago ezinezkorik.

Oraindik ikasten ari zarela uste duzu?

Teknika ikasi nuenetik ez dut klaserik jaso. Baina behatuz ikasten dut, nire sentimenduak eta besteak ikusiz. Hori, niretzako, dantza da. Ikusmena izan da beti nire lengoaia. Ez dut irakasle baten beharrik; beste prozesu bat egiten dut.

Zerk lotzen zaitu Afrikarekin edota Kubarekin?

Lurraren kontzientzia ez da Afrika bakarrik, natura da orokorrean. Horretarako, sentitu eta zaindu egin behar da. Baserritarren modura. Lurra zaintzen dutenez, ez dute hondatzen. Baina elementuak ezagutzen ez dituenarentzat, urrun daude. Sentimenduak eta elementuak lotzen erakutsi nahi dut. Brasilgo, Kubako, euskarazko kanta bat...hartzen du. Nire egin dezakedan edozein kultura lantzen dut. Konturatu gabe Afrikan dago ikaslea, edo Beethoven entzuten ari da jarraian. Irekita egon behar dugu, eta edozein kultura gure egiten jakin behar dugu.

Zure poesiekin ere disko bat egin berri duzu.

Dantzatik bizitzea erronka bat da. Nire kezkak, itzalak... izan ditut aurten. Baina zerbait bada lotzen zaituena, dena ematen duzu. Espiraltasunaren dantzak mundu paraleloak sortu nahi ditu, baina zerbait lorgarria. Entzumenak, dastamenak... norabait eramatea. Poesia, dantza bezala, adierazteko modu bat izan da. Balio izan didanez, besteei eskaini nahi diet. Negar egin beharrean, sortzeko tokia harrapatu dut. 12 poema dira, itxaropenez beteak. Nire jarrera oso baikorra da orokorrean. Irakastea ere hala da.

Ez duzu faltan botatzen Donostiako Parte Zaharra?

Aitonak Josemari taberna zuen Parte Zaharrean. Bilgune bat zen jendearentzat. Berak erosi zuen Iturriozko etxe hau. Uda eta asteburuak pasatzera etortzen ginen hona. Haurtzarotik lotura dut Oiartzunekin. Hemendik paradisura joatea... zaila da. Ez nintzateke Parte Zaharrera itzuliko. Gauza bakoitzak bere garaia du. Parte Zaharra asko aldatu da. Orain, hemen nago. Mendian, errekan...

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Kirola

itsas mendiren x. pala txapelketa
PASAIA, donibaneko pilotalekuan - 2008-10-15

Ikastaroak

TELP ikastaroa
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-10-18

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa