
Ostiralean hasiko dira Mendekoste Jaiak, Zabarreren etorrerarekin
Jaiak
Udalak adierazi du adin guztietako herritarrentzako egitaraua egiten saiatu dela elkarteen laguntzaz
lorea muguruza
Maiatza inguruan diren Mendekoste jaiak, hilaren 9an, ostiral honetan, hasiko dira aurten. Ostiralean hasi eta igandera bitartean hamaika ekimen izango dira herritar guztien gozamenerako.
Iaz berrindartu zuten Lezoko Zabarre pirata zaharrak herriko kaleak alaituko ditu Oihane Rodriguez, Andoni Erkizia, Maddi Fachado eta Xabier Salaberria alkate txikiek txupina bota ondoren. «Maiatzeko jaietan behingoz finkatu nahi dugu Zabarre pirata. Iaz ikuskizun polita izan zen eta herritar askok parte hartu zuten. Hori mantendu nahi dugu», azaldu du Jon Legorburu Obra eta Kultura zinegotziak.
Lehen egunean, ohikoa
Aurtengo egitarauan, adin guztietarako ekitaldiak antolatu dituztela azpimarratu duen arren Legorburuk, ostiralean ohiko ekimenak egongo dira: Txupina bota ondoren, Murixka Dantza Taldeko txikienek dantza egingo dute. Jarraian, ordea, buruhandi eta erraldoien kalejira izango da, baita Zabarre pirataren etorrera ere. Polentzarrene kaletik irten eta herrian zehar ibiliko dira. Aurten, ordea, Zabarre piratak ez du danborradarik izango laguntzeko, txaranga bat izango du atzetik. Udalak herritarrak animatu nahi izan ditu ostiralean bertan pirataz jantzita irten daitezen kalera.
Inguruko musika taldeen kontzertuak
Ostiralean Bide-Batez taldearen kontzertua izango da Gurutze Santuaren plazan, eta gaztetxoei begira antolatu dela adierazi du Udalak. Gero, ordea, Goiko plazan rock kontzertuak antolatu dituztela zehaztu dute. 01:00etatik aurrera, Xikinkei eta Etam taldeak izango dira.
Larunbatean, berriz, hiru musika taldek hartuko dute Goiko plaza. Funanbulista disko berriko abestiak joko ditu Desoreka taldeak, eta harekin batera Harrika eta Akto Reflejo ere izango dira. Igandean, break dance, klaket, rap eta bertso saioa emango dituzte.
Sagardo Eguna eta Herribira
Musika eskaintzaz gain, kirola egiteko eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Larunbatean, Lezoko IV. Herribira egingo dute. Aurten, ordea, ez dute helduek parte hartu ahalko bakarrik, gaztetxoek ere korrituko dute.
Kirolarekin jarraituz, herri-kirolik ez da faltako larunbatean. Idi proba egingo dute Lezoko hiru baserrietako idi bikoteek. Mihura baserrikoak, Darieta Berrikoak eta Olatzarkoak neurtuko dituzte indarrak. Igandean ere izango da herri kirolak ikusteko aukera onik: 12:00etatik aurrera Ostolaza eta Landarbide harrijasotzaileak, eta Fausto, Ugaitz Mugarza, Manolo Cañamares eta Ignacio Flores aizkolariak izango dira.
Euskal Herriko tradizioen arrasto bakarra ez da idi dema izango. Hamargarren aldiz Sagardo Eguna egingo dute Gurutze Santuaren plazan, 18:30etik 20:00etara larunbatean.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
Hiesari buruzko hitzaldia
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-20
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Kontzejupean - 2008-11-23
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.