
Hirigintza Plana egiteko Hirigintza Kanpaina jarriko du abian Udalak
Hirigintza
Herritarren «parte-hartzea eta inplikazioa beharrezkoa» direla azpimarratu du Haritz Salaberria alkateak
lorea muguruza
«Abian da 2008-2018 Hirigintza Plan Orokor berria. Tresna horren bidez Lezoren etorkizuneko argazkia irudikatuko dugu. Horretarako, beharrezkoa dugu herritarren parte-hartzea eta inplikazioa. Kultur eta kirol eragileak, gazteak, baserritarrak, hezkuntza-komunitatea, alderdi politikoak, langileak, eta bestelako herritarrak, guztiok zaituztegu ezinbesteko prozesu honetan, denon ardura baita Lezoren etorkizuna erabakitzea», adierazi zuen Haritz Salaberria alkateak, atzo, Euskara eta Kultura Aretoan Hirigintza Kanpaina aurkezteko egindako prentsaurrean.
Gaur egungo udal taldeak Udalean sartu zenean hartutako erabakietako bat aurreko udal taldeak onartutako Hirigintza Plana bertan behera uztea izan zen, «hanka motz» ikusten zutela eta herritarren «parte-hartzea falta» zela argudiatuta. Gero, Hirigintza Plan berria idazten hasteko enpresa bati esleitu zioten lana, eta orain plana garatzeko kanpaina bat eratu du Udalak.
Lau fasetako kanpaina
Lezo eginez deitu dute Hirigintza Kanpaina, eta Hirigintza Plana osatzeko izapideekin batera antolatu dute: «Aurrerapen dokumentua eta Behin Behineko Onarpeneko dokumentua osatu bitartean egingo dugu kanpaina, eta lau fasetan banatu dugu: Ikasi, Ezagutu, Proposatu eta Eztabaidatu deitu diegu faseei», adierazi zuen Irati Aranburu Hirigintza zinegotziak.
Lehen faseari datorren astean helduko diote mahai-inguruekin: ekainera bitartean asteartero mahai-inguruak egingo dituzte Donibane kaleko Euskara eta Kultura Aretoan, 19:30ean. «Hilaren 13an, Ikasi Fasea hasiko da, eta mahai-inguruak kezka gehien sortzen duten gaien ingurukoak izango dira. Lehena, azpiegitura handien ingurukoa izango da, baita hauek landa eremuan duten eraginari buruzkoa ere», zehaztu zuen Aranburuk.
Salaberriaren arabera, «ikasi terminoa» erabili dute herritarrek ezagutu dezaten «zein egoeratan bizi» diren une honetan: «Gai ezberdinetan adituak etorriko dira, beren arloan dakitenaren berri ematera». Hori dela medio, herritarrei, baita eskualdeko gainerako biztanleei ere, mahai-inguruetara joateko dei egin diete.
Ekainaren 3an izango da azken mahai-ingurua eta horiek bukatu ostean, Ezagutu Faseari helduko diote. Fase horretan, erakusketak jarriko dituzte, baita herrian informazio gune bat ere. Fase horren atzetik, Proposatu Fasea egingo dute eta izenak dioen bezala, herritarren proposamenak eta alegazioak aurkezteko epea izango da. Azkenik, Eztabaidatu Fasera iritsiko dira, eta bertan aurreko fasean aurkeztutako proposamenak mahai gainean jarri eta Behin Behineko Onarpen Dokumentua osatzeko irizpideak zehaztuko dituzte.
Fase guztiak bukatzean, Gipuzkoako Foru Aldundira igorriko dute Behin Behineko Onarpen Dokumentua, eta hark erabakiko du onespena eman edo ez.
Bi eskuorri herritarrengana iristeko
«Kanpaina honekin Lezoren etorkizuneko argazkia atera nahi dugu», azaldu zuen Salaberriak. Ildo horri helduta osatu dute Hirigintza Kanpainaren inguruko propaganda. Izan ere, bi eskuorri banatuko dituzte herritarren postontzietan. Batean, Lezoren itxura urteen poderioz nola aldatu den ikus daiteke: zenbait argazki zahar dira, eta etorkizunekoa falta da. Bestean, berriz, Ikasi Faseko mahai-inguruei buruzko informazioa agertzen da.
Hein berean, kanpainako irudi gisa galdera ikurrak erabili dituzte zalantza adierazteko, eta Lezoko eraikinen silueta agertzen da, «etorkizuneko argazkiarekin betetzeko».
Mahai-Inguruak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Santa Zeziliako kontzertua
OIARTZUN, Aialde kalea eta Doneztebe plaza - 2008-11-21
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Iurritan - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.